Elgoibar kultura eta hizkuntza aniztasunaren alkargune izango da
2023-05-31 12:22 Euskerea berbagai8. Auzoko, bagilaren 11n.
Elgoibarren bat egingo dabe jatorri askotako hizkuntza eta kulturek, danon artean euskeratik mundurako zubiak eregi eta alkarregaz aniztasunean gozetako. Herriz herri egiten dan lana plazaratzeagaz batera, parte-hartzaileek bertaratzen diran euskaltzale danakaz bizipenak konpartiduteko aukera polita eskaintzen dau Auzoko Jaiak, inguruko zenbait alkarte eta kultur eragilegaz batera. Horretarako, musikea, jantzak eta gastronomia buztartzen dituan egitarau oparoa atondu dabe Euskaltzaleen Topaguneak, Elgoibarko Izarra euskera alkarteak eta Elgoibarko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesagaz.
Aurreko urteetako erantzun bikaina ikusita, aurten be ekitaldi txiki batek emongo deutso hasierea egunari Kalegoen Plazan. Hamaiketakoaren ostean, gorputzak barriro martxan jarriko ditugu herrian zehar egongo dan musikaz eta jantzaz girotutako ibilbidean. Ondoren, Maalako parkera zabalduko da jaia eta bertan zenbait tailer eta ekintzetan parte hartzeko aukerea egongo da, umeentzako olgeta gunea tartean. Gainera, bertaratutakoek Auzoko egitasmoaren saioetako dinamikak be hurretik ezagutu ahal izango ditue. Munduko Hizkuntzen Agertokian euskal doinuak beste hainbat herrialdeetakoakaz batera oholtzaratuko dira.
Eguerdi partean, geldialditxo bat egin eta mahaiaren inguruan batzeko momentua izango da, Auzokoko partaideek atondutako jatorri askotako jatekoak probetako. Azkenik, eguna hasi bezela amaituko da, hau da, musika eta jantza artean, jantza afrikarren tailerragaz eta plazako jantza saio bategaz emongo jako amaierea aurtengo jaiari.
Urtean zehar egindako lanaren erakusleiho da Auzoko Jaia, herrialde askotako herritarren artean sareak ehuntzen jarraitzeko lekua. Atzera begira, Bergaran egin zan lehenengo aldiz 2014an eta ordutik Eskoriatzan, Oñatin, Antzuolan edo Arrasaten izan da, besteak beste. Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu da gaur egun aniztasunaren sare hori, Auzokok martxan dituan proiektuei esker. Horreen bitartez ume, familia eta edade guztietako herritar heldu barriei zuzentzen jakez, eskoletan eta herrietako kultur eta euskera eragileakaz batera hurreko lana eginez.
Euskeratik mundurako zubiak eregi edo, bestera esanda, euskeratik urrun bizi diranak (auzokideak) euskerara gerturatu eta hizkuntzearen bidez euren herrietan auzotzeko aukerea eskaini. Helburu horri eutsiz batzen dira taldeak, euskeraz egin eta alkarregaz bizikidetzarako espazioak sortzeko. Talde horreetan ezinbestekoak dira euskal hiztunak be, bidea egin nahi daben horreei lagundu eta, bide batez, alkarrengandik ikasteko. Holan, Euskal Herriko errealidade eleanitzari autortzea eginez, Auzoko egitasmo parte-hartzailearen bitartez euskerara hurreratzen diranei harrera integrala eskaini eta hizkuntzea herritarren esku jarten dau Euskaltzaleen Topaguneak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!