Gorka Martínez eta Jokin Gorozika Ohorezko Laguntzaile izentau ditue
2023-05-31 07:59 KultureaLabayru Fundazinoak urteko Batzar Nagusia egin dau.
Labayru Fundazinoak Laguntzaileen urteko Batzar Nagusia egin dau hurrengo urteetara begira sare hori handitzea eta barriztatzea helburu hartuta, aurten inguruko lagun eta ezagunei be zabalduz konbitea batzarrean parte hartzeko, Labayru hobeto ezagutzeko eta erakundea babestera konbidatzeko.
Igazko jarduerak eta diru-kontuak onartzeaz gan, aurtengo asmoak eta aurrekontua be onartu ditue. Laguntzaileen artetik aukeratzen dira Artezkaritzako kideak be, urtero-urtero barritzen baitira bi. Oraingoan Gabin Azaola eta Ander Ezkurra sartuko dira.
Ohikoa izan dau Labayruk Ohorezko Laguntzaileak izentetea, erakundearentzat garrantzitsuak izandako personak omentzeko. Aurtengo Batzarrean, Ohorezko Laguntzaile bi izentau ditue: Gorka Martínez, BBK Fundazinoko Zuzendari Nagusia, alde batetik, Labayrugaz argitalpenetan urteetan kolaborau izan dauelako. Oso hunkituta eta eskertuta agertu da.
Eta Jokin Gorozika, azkeneko urteetan Artezkaritzako buru izandakoa, bestetik, euskerea ikasten Labayrura hurreratu zanetik erakundeagaz lotu-lotuta egon dalako. Bertso baten bidez eskertu dau autortzea:
Ohorezko Laguntzaile in nau
Labayruk gaurko egunean
hunkituta hartzen dot saria
eskerrik asko benetan
Labayruk niri asko emon deust
nago beragaz zorretan
jarraituko dogu bidea iten
luze alkarren ondoan.
Aurten Batzarrari ekitaldi kutsua emon guran, Miguel Zugaza Bilboko Arte Eder Museoko zuzendariak berbaldia egin dau gai honetaz: La sociedad y la cultura. El ejemplo de Labayru. Labayruren sorrerea eta sortzaileak ekarri ditu gogora, baita hareengandik ikasitakoak be: Ulertzea kulturan eta kultureagaz behar egitea, lanbidea baino gehiago, bokazinoa dala; ulertzea kulturako adarrak enbor bakar batekoak dirala; liburuaren kultureari emoten eutsien garrantziaren alde egitea; eta, euskal kulturearen enborraren sustraiak ezagutzea. Horrezaz gan, argi adierazo dau gizartearen erantzukizuna kulturea babestea eta zabaltzea dala: Filantropiaren balioa azpimarratu behar da gizarteari gogoratzeko kulturea, eskubidea eta gizartearen ardurea dala'; kultureak gizarteari egin beharreko ekarpenari jagokonez, gaurko munduan kultureak barriro be topau behar dau zein dan bere zeregina garapenaren eta gizarte-aldaketearen alde egiteko.
Amaitzeko, Igone Etxebarria Labayruko zuzendariak etorkizunera begira erakundearen erronkak laburbatu ditu: Euskerea, kultur ondarea eta identidadea, kulturartekotasuna eta hizkuntza aniztasuna, eta digitalizazioa. Orain arteko ibilbidean metatutako jakintzea nabarmendu dau aurrera begira egin beharrekoaren bermetzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!