Leire Ortiz De Zarate: 'Herritarren aktibazinoa eta sensibilizazinoa suspertzea da asmoa'

Koldo Isusi Zuazo 2023-06-05 07:55   Barriketan

Eginez Izan! Ekintzarako garaia da. Horregaitik, bagilaren 11n Urkiolan aktibauko dabe hondakinak batzeko jarduerea. Zure denporeak eta konpromisoak bizi garen ingurunea aldatu leike. BizkaiaGara Eguna 2023 ekimenean parte hartu gura badozu emon datuak hemen

BizkaiaGara Eguna 2023:

  • 9:30 Autobusak Durangotik urtengo dau.
  • 10:00-10:45 Materialak banatzea, parte-hartzaileei harrerea egitea eta taldeak egitea zaborra batzen hasteko.
  • 10:45-12:30 Zabor-batzea. Planteautako hiru ibilbideetan ingurugiro-interprete lana egingo dauen persona bat egongo da.
  • 12:30-12:45 Batutako zaborra sailkatzea eta birzikletea BizkaiaGara Gunean (Santutegiaren atzealdean).
  • 12:45etik aurrera Ingurumenaz sensibilizetako eta birzikletako tailerrak BizkaiaGara Gunean.
  • 13:30-14:20 Trakamatraka taldearen kontzertua. Musika tresna birziklatuakaz BizkaiaGara Gunean.
  • 15:00: BizkaiaGara Egunaren amaierea eta autobusaren urtekera Durangora.

Azalpen guztiak Leire Ortiz De Zaratek, Bizkaia Garako Koordinatzaileak emon deuskuz.

1.- BizkaiaGara Eguna Urkiolan izango da bagilaren 11n eta hondakinak batzea da asmoa. Edozeinek parte hartu leike?

Bai. Txiki, handi zein familientzako lekua eta zeregina izango da Urkiolan. Hondakinak batzea da asmoa eta Urkiola danok maite dogun lekua da, guretzako erreferentzia da eta lehenengo edizinoa Urkiolan egin gura izan dogu, jente-artean eragitea da asmoa, zaborrik eta ez deien edonon bota, badagozalako zaborrontziak eta holakorik topetan ez badogu beti dagoalako aukerea etxera eroateko.

Goizeko 10:etatik 15:00etara egongo gara Urkiolan eta hondakinak batzeaz gan, tailerrak eta musikea be izango da, berziklautako materialez egindako musika tresnak erabilten dituan Trakamatraka taldeagaz be gustora ibiliko gara.
 
2.- Goizeko 10:00etatik 15:00era zer topauko dau hurreratuko dan herritarrak?

Helburu nagusia zaborra batzea izango da baina batutako zaborra sailkatu eta birzikletako modukoa bada horri be ekingo deutsagu eta ingurumenaz sensibilizetako eta birzikletako tailerrak be atondu ditugu, pentsaizu umeak gu baino zuhurrago jokatzen dabela, eskolan eta lantzen dituelako holako gaiak eta ez ahaztu umeak dirala gure etorkizuna.

Musikeari jagokonez, Trakamatraka taldearen kontzertua be sano berezia izango. 

3.- Ingurumearen Munduko Eguna bagilaren 5ean da. Zergaitik aukeratu dozue Urkiola?

Bizkaia Gara Eguna urtero egitea da asmoa eta Ingurumenaren Egunagaz bat egitea ez da apropos egindakoa izan. Herritarren aktibazinoa eta sensibilizazinoa suspertzea da asmoa. Aurten ingurumenagaz lotuta dago eguna baina asmoa da datorren urtean beste gai edo arloren bat izatea ardatz; hori bai, bagilaren lehenengo estegoienean izatea gura dogu.

4.- Ingurua garbitu eta herritarrak sensibilizetea da asmoa. Jenteak badaki zelan dagozan gure parajeak?

Bai edo. Esango neuke ingurumena jagotea danon ardurea dala, eskoletan be lantzen da eta txikitan jasotakoak normalean betirako izaten dira, Agenda 2030 be hor dago eta pentsetan dot gure gizarteak dadakiala zer egin behar dauen momentu bakotxean.

Edozelan be. aldaketa klimatikoak be ez deusku onik egiten, hankaz gora dago gure mundua, muturreko tenperaturak doguz hotzak hotzago eta beroak beroago, sikateak, urtegiak hutsik, sekula euririk egin ez dauen lekuetan uriolak eta holakoak.

5.- Edozein lekutan baina mendian zein itsasoan dagoan plastiko eta zabor kantidadea sekulakoa da. Zenbat plastiko eta toxikoak diran bestelako produktuak ete dagoz gure naturan?

Bai. Ez gara konturatuten itsasoan bizi diran arrainek plastiko partikula txikiak jaten dituela eta arrainok gero jan egiten ditugula. Mediterraneoa ei da munduko itsasorik kutsatuena, atara kontuak... Esangura horretan, norberak behar egin edo ahalegina egin behar dau gure ingurua garbi egon daiten. 

Naturan, mendian eta plastikoak eta ikustea negargarria da, ez ete gara kapaz sortzen doguzan hondakinok motxilan sartu eta bidean topauko dogun sastarrontzian botateko edo etxera eroateko...   

6.- Bolunta gehienok ezagutzen dogu baina aurrerantzean Bizkaia Gararen zereginak zeintzuk izango dira?

Hogei urteko Bolunta erakundeak aholkularitzea, prestakuntzea eta baliabide materialen dobako zerbitzua eskaintzen eutsen Bizkaiko gizarte-erakundeei, baita bolondresei be. Lan boluntarioari eta gizarte-partaidetzeari buruzko sensibilizazino jarduerak be jorratzen zituan eta gaur egun, barriz, Bizkaia Gara proiektu barria da Boluntaren eguneratzea, zeozelan esateko.

7.- BizkaiaGara ekosistemako protagonistak be asko dira. Bateren bat nabarmenduko zeunke?

Bai. BizkaiaGara boluntariotza, lan komunitarioa eta gizarte partaidetza aktibetako eta sustatzeko gune edegia da, gune bizia eta konbidauta dagoz gizarte eraldaketarako herri mobimentuaren parte izan nahi daben eragile indibidual eta kolektibo guztiak (unibersidade, erakunde, alkarte...). Eragile indibidual batzuk dira, besteak beste, Hicham Hamukan, Julen Iriarte eta Unai Bilbao Velez; gogoan izan hartu-emonak, eragile guztiek parte hartzea, alkarlana eta alkartegintzea beharrezkoak dirala. 

8.- Zeintzuk dira Bizkaia Gararen babesleak?

Holako proiektuak eta ekimenak gauzatzeko ondo dator beti babesa eta laguntzinoa eta, esangura horretan, ez dodaz ahaztu gura EDE Fundazinoa, Bizkaiko Foru Aldundia eta BBK.  



Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu