Bagilak 5 izango da azken eguna 2023ko Aste Nagusiko 36. Metal Pop-Rocken izena emoteko

Bizkaie! 2023-05-30 10:07   Musikea

Plataformea izatea eta euren talentua zabaltzea eskaintzen jake gazteei.

Artistek eta musika taldeek bagilaren 5eko 23:59era arte (datorren astelehena) izango dabe epea 2023ko Aste Nagusiko Metal Pop-Rocken parte hartzeko.

Izena emon gura daben talde eta artistek, formularioa bete eta ondokoak be aurkeztu beharko ditue udalaren webgunean:

Lau kantu original (mp3 edo wav formatuan), argazki bat (jpg, bmp edo png formatuan) eta artistearen edo taldearen historiala/biografia (doc, docx edo pdf formatuan).

Aurreko edizinoetan legez, Bizkaian bizi diran bakarlari eta taldeak aurkeztu daitekez: Taldeen kasuan, kideetako batek, gitxienez, Bizkaian erroldauta egon beharko dau.

Jazzaz beste, metalaren, poparen eta rockaren barruko musika-estilo guztiak onartuko dira, aldaera eta estilo guztietan. Hamasei talde eta artistak aukeratzeko, epaimahaiak –kazetari eta kritikari musikalek eratuta egongo da– aintzat hartuko ditu, batez be, emakumeek eratutako taldeak eta euskeraz egindako lanak.

Bilboko Udalak lehiaketea 1985ean martxan jarri ebanetik 542 talde eta bakarlarik parte hartu dabe eta horreetako batzuk talde garrantzitsuak dira gaurko musikearen arloan, besteak beste, We Are Standard, Penadas por La Ley, Zodiacs, Gora Japon eta Zea Mays.

Bilboko Udalaren asmoa da plataforma izatea etorkizun handiko gazteen talentua zabaltzeko eta publikoari aukerea opatzea artista eta talde barri ezagunen proposamenak zuzenean entzuteko Bilboko Aste Nagusian, doban.

Erripako moilan, Unamuno plazan, Arenalean, Bailen kalean eta, gaur egun, Bilborock Aretoan, danetara 194.000 ikus-entzule baino gehiago izan dira 36 urte honeetan. Hain zuzen be, Aste Nagusiko jarduerarik arrakastatsuenetako bat da. Lehiaketa honek Metal For The Crew alkartearen eta beste Jack Kultur Alkartearen lankidetzea dau eta publiko leiala be badau; urtero-urtero, batez beste, 5.000 lagun joaten da parte hartzen daben banda eta artisten kontzertuetara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu