Eric Surmenianek eta Araitz Lasak 'Mare Basse - Itsas Behera' aurkeztuko dabe Getxon

Bizkaie! 2023-05-26 12:42   Musikea

Maiatzaren 27an, Muxikebarrin eskainiko dabe.

'Mare Basse - Itsas Behera'. Erretratua: Jesus Melchor | Ikusi handiago | Argazki originala

Konposizio minimalisten suite batetik abiatuta, alkarrizketa bat sortzen da Eric Surmenianen kontrabajuaren eta Araitz Lasaren jantzearen artean, "uretako mundua babesteko inprobisazino meditatibo bat", piezearen sustatzaileak adierazoten dauen bezela.

Proiektu honetan oinarri ekologista bat dago, izan be, egileek arte bihurtzen dabe itsasoen egoera kezkagarria, plastikoek gero eta gehiago kutsatzen baitabe. Itsasoko izakiek Surmenianen kontrabajuak bialtzen dituan ahots ugarien bidez berba egiten deuskuela emoten dau.

Zer itxiko deutsegu gure seme-alabei 30 urte barru? galdetzen deutso musikari frantziarrak bere buruari. 25 urtetik gorako nazinoarteko jazz ibilbideari eutsiz, Surmenian musika sormen prozesu deigarrian sartu da ikuskizun honen soinu giroa ekarriz.

Eric Surmenian

Frantzian jaio zan 1973an, 25 urte daroaz nazinoarteko jazz eszenan eta musikari handiakaz jo izan dau, besteak beste, Toots Thielemans, Tom Rainey, Olivier Ker Ourio, Guillaume de Chassy, Louis Winsberg, Michel Perez, Jesse Van Ruller, Martijn Van Iterson, Ilya Reijngoud eta Bart van Lier. Frantziako telebistarako musikea be sortu dau eta Fédéric Mitteranden hiru filmetan sinkronizazinoa egin dau. Era berean, Marignane (Frantzia) Eskualdeko Konserbatorioan eta Errenteriako (Gipuzkoa) Herri Arte Eskolan eta Udal Musika Eskolan irakasle lanetan esperientzia dau. Ganera, kontrabajuko eskola magistralak emon ditu Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Konserbatorioan.

Araitz Lasa

1999an jaio zan Getxon eta eskualdeko hainbat jantza taldetan jantza ikasketak egin zituan, besteak beste, Ana Lara Jantza Eskolan (Getxo) edo Andoni Aresti Jantza Eskolan (Leioa). Geroago, Madrilera joan zan, Carmina Ocaña eta Pablo Savoyeren eskolara eta, bertan, jantza munduan sartu zan modu profesionalean. Bere heziketeak jantza klasikoa eta garaikidea ditu oinarri baina bere ibilbide artistikoa buztartzen dau flamenkoagaz, jantza estilizatuagaz, euskal jantzakaz eta zeharkako flauteagaz. Besteak beste, hurrengo koreografoakaz egin dau lan: Itzik Galili, Thierry Malandain, Martin Harrigue, Paolo Mohovich, Gil Harus, Matxalen Bilbao, Barnaby Booth, Wubfkje Kuindersma eta Eva Guerrero. Era berean, jantzaria eta interpretea izan da Xian Martinezegaz batera, 2018ko garagarrilean eta 2021eko abenduan, Galiziako, Donostiako eta Madrilgo agertokietan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu