UEUren 51. Udako Ikastaroak gogoeta eta hausnarketa gune bihurtu dira

Bizkaie! 2023-05-24 13:45   Kulturea

Bagilaren 12tik garagarrilaren 12ra izango dira.

Irati Iciar, UEUko Udako Ikastaroen arduraduna eta Aitor Bengoetxea, UEUko Zuzendaria | Ikusi handiago | Argazki originala

UEUk 51. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu Iruñean. Igazkoaren harian, 17 jardunaldi eta topaketa atondu ditue hainbat eragilegaz alkarlanean, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diran gaien inguruan hausnartzeko helburuari eutsiz. Arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune bezela definidu ditue UEUko arduradunek. Aurkezpenean Aitor Bengoetxeak, UEUko Zuzendariak eta Irati Iciarrek, UEUko Udako Ikastaroen arduradunak parte hartu dabe.

Aitor Bengoetxeak adierazo dauenez, UEUren Udako Ikastaroek 50 urteko bete zituen igaz. Donibane Lohitzunen egin ziran lehen Udako Ikastaro horreek hainbat euskaltzalek eta erakundek bultzatuta, baekielako euskerea unibersidadean be erabili eitekeala. Ordutik, urtero-urtero, bost hamarkadetan zehar UEUren Udako Ikastaroek ez dabe hutsik egin udako hitzordura (1977tik aurrera Iruñean) eta jakin izan dabe urte honeetan guztietan gizartearen beharretara egokitzen. Hasieran berbaldi edegiak ziran, ondoren jakintza-alor espezifikoak, barnetegi moduan Larraonako garaian, laburragoak eta aditu eta profesionalei begirakoak azken urteetan eta igazko urteurrenaren hariari jarraituz, hausnarketa eta gogoetarako gune dira orain, horixe baita UEUren funtzinoetako bat: Euskal Herriarentzat garrantzitsuak diran gai eta eztabaidetarako gune akademiko euskaldun bat eskaintzea gure gizartea aberatsagoa izaten laguntzeko asmoz.

Irati Iciarrek, UEUren Udako Ikastaroen arduradunak Udako Ikastaroen izakera aldaketea azaldu dau: Igaz, 50. Udako Ikastaroek UEUren ibilbidea eta egindako lana ospatzeko aukerea emon euskuen, baita Udako Ikastaroen inguruan hausnartzeko aukerea be. Hori dala eta, igaz UEU zein gure gizartearentzat estrategikoak ziran gaiak landu genduzan hainbat jardunaldien bidez. Aurten, nahiz eta zenbaki borobila ez izan, bide horri eutsi, formazino-esparrua gainditu (hori urtean zeharreko eskaintzeagaz bideratuko dogu) eta Udako Ikastaroak gogoeta gune lez finkatzea erabagi dogu.

Halan da be, udakoen ezaugarriei eutsiko jakela nabarmendu dau Iciarrek: Aurrez aurrekotasuna ezinbestekoa da udakoetan, jenteak hausnartzeaz gan, alkar ezagutu eta komunidadea trinkotzea baitabe helburu. Horreezaz gan, kalidadea da beste ezaugarrietako bat. Gure atontzaileak adituak eta ibilitakoak dira proponiduten dituen gaietan eta horreek mimetan saiatzen gara. Udakoak arnasgune akademikoa dira bertara hurreratzen diranentzat, baita euskaldunen topagunea be.

Jardunaldi guztiak neurrira egindakoak dirala azaldu dau UEUren Udako Ikastaroen arduradunak: Udako Ikastaro honeek lankidetzan oinarritzen dira eta hainbat eragilegaz batera atondu ditugu aurten: Kontseilua, BadaLab, JAKIN, ALDEE, GEZKI... Eta jente multzo zabalak izena emon leike bertan: Arloko profesionalak eta adituak, gaian interesa dauenak eta azken finean, euskaldun guztiek.

Aurtengo Udako Ikastaroak bagilaren 12tik garagarrilaren 12ra eta Euskal Herriko txoko askotara helduko dira: Eibar, Baiona, Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Errenteria, Tolosa eta Usurbil. Ahalik eta jente gehiagok parte hartu daian, 10 euro balioko dabe matrikula guztiek. Informazino guztia www.ueu.eus helbidean topauko dozue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu