Sinpatron: 'Jentearen amesak gogoan hartu eta gure ikutua emotea da giltza'

Koldo Isusi Zuazo 2023-05-29 07:55   Barriketan

Indartsu dator La Encartada Moda eta Alberto Sinpatronen koordinazino eta zuzendaritzeari eutsiz, bagilaren 9an eta 10ean izango da hitzordua Balmasedako La Encartada Fabrika Museoan (El Peñueco Kalea 48800 Balmaseda). Basque Bio Design Center-eko Adele Orcajadak tailerrak kudeatzeko ardurea izango dau.  

La Encartada Modak upcycling-ean jarriko dau arretea eta Bizkaiko diseinatzaileen desfileak eskainiko ditu, Leire Rodriguez, Rovel bere firmeagaz, Pablo Gangoiti, Aiza Couture eta Álvaro Valcárcel.

Era berean, Balmasedan egongo dira Daniel Lismore nazinoarteko artistea, Krizia Robustella diseinatzailea, Margil Peña eta Ana Viglioneren Reparto markea. Paco Clavel entzutetsuak musikearen ardurea izango dau bagilaren 10ean jardunaldiari amaierea emoteko.

Kontuak kontu, Alberto Sinpatron bilbotarrak, moda diseinatzaile autodidakteak, erropa sortzaile artisauak, ezelako erreferenterik bakoak azalpen guztiak emongo deuskuz

Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa ezinbestekoa da aurten be.


1.- Bagilaren 9 eta 10 hortxe dagoz. Zer sentiduten dozu?

Sensazinoen pilaketea nabarmenduko deutsut: Urduri nago baina harro urtebetean edo egindakoaz eta gogotsu hasi eta jentearen erantzuna zelakoa izango dan ikusi gura dot.

2.- Zein da 2023ko La Encartada Modaren ardatza?

upcycling-ean jarriko dogu arretea, birziklatzea da oinarria baina badakizu gaur egun ingelesa erabilteko jokerea dago baina horixe izango da ardatza. Modu etiko eta arduratsuan lan egitea da asmoa, produkzino masiboa baztertuz. Sortzaileak gara eta ikuspegi artistikoa da gurea, erabilitako erropak berrerabiltea eta holako jarrerei ekinez, planeta garbiagoa, osasuntsuagoa izango dogulako.

3.-  La Encartada Fabrika Museoan egiten dozue La Encartada Moda. Zergaitik erabagi zenduen Balmasedako leku horretan egitea?

Lekua, ingurua benetan ederra da eta barrualdean dagoana sekulakoa, benetako ondarea. Bat-batean maitemindu ninduan, magia, zeozerk erakarten ninduala igarri neban eta moda kontuak jorratzeko leku hoberik ez egoala pentsau neban. Iraultza industriala jatortzu burura han ikusitakoakaz, orain 100 bat urteko makinak berreskuratu ditue, tela edo oihaletatik hari-firua atarateko modukoak.

4.- Zelako diseinatzaileak egongo dira Balmasedan?

Gurea ez da ekitaldi elitistea, horizontalean behar egitea gustetan jaku, beharginen artean burrukarik ez dogu gura, baliabide eta aukeratan ez dago gorabeherarik, badakigu lehenengo pausuak egitea ez dala erraza eta hemen izandako batzuk gaur egun maila handikoak dira . Izen handiko batzuk be konbidatzen doguz, Daniel Lismore eta Krizia Robustella lakoak eta hemengo diseinatzaileen baliabideak erabilten ditue, ez gehiago, ezxta gitxiago be. Jente asko dabil mundu honetan, jente ona, sortzaileak eta oso gustora gabiz. 

5.- Nortzuk dira Balmasedan ikusiko doguzan diseinatzaileak? 

Leire Rodriguez, Rovel firmeagaz, Pablo Gangoiti, Aiza Couture, Álvaro Valcárcel eta Reparto madrildarrak nabarmenduko deutsudaz, danak be maila handikoak, tabuak ezerezten eta bikain dabizenak; gero Aiza Coutureren performance berezi bat izango da kanpoan, rave fenomenoa hurretik ezagutzeko aproposa (barikuan, bagilaren 9an, 15:00etan hasita). Aiza Couture markearen buru sortzailea dan Yaiza Txakartegiren proiektu personalena, jasangarritasuna lako balioak, konsumo arduratsuaren ikuspegia eta produkzino etiko eta kalidadekoaren alde egiten dau. Edizio mugatuko bildumakaz eta bezeroaren gustuaren arabera sortutako diseinuakaz lan egiten dabe. Haren produkzino guztia Bilbon eginda dago.

Horrezaz gan, Daniel Lismore nazinoarteko artistea, Krizia Robustella diseinatzaile brasildarra, Margil Peña eta Ana Viglioneren Reparto markea be ez dodaz ahaztu gura.

Lismore berezia da, artisteak bere gorputza darabil mihisetzat artea islatzeko eta bagilaren 10ean, arratsaldeko 17:30ean, topaketa berezia izango dogu. Daniel Lismore Britainia Handiko queer artista bat da; Londresen bizi da eta klima-aldaketearen kontrako aktibistea da, konpromiso argia dauena birziklatzeko eta moda jasangarria sustatzeko. Daniel Lismore Cool Earth & Greenpeace klima-aldaketeari aurre egiteko ongintzako erakundearen ordezkaria da eta Dame Vivienne Westwoodegaz lan egin dau, haren Climate Revolution proiektuetan.

6.- Paco Clavel entzutesuak dj lanak egingo ditu Balmasedan...

Bai. Jente gazteak ezagutu be ez dau egingo Clavel baina tipo jatorra da, iraultzailea. Meritu handia dauka, transgresore edo urratzailea izan da, cutrelux mobimentua sortu eban, kontrakulturearen ikur izan da eta omenaldia merezidu dau. 

7.- Zer esango zeunskio modearen munduan sartu gura dauen bati?

Mundu zoragarria da modearena eta sortzailea dan bati gauza askorik ezin jako esan. Jokerak eta jarrerak ugari dira baina nik beti esaten dot saltsa-maltsa honetan burua erakutsi gura dauenak, norberaren burua jagon eta ahalik eta proiektu personalena zabaldu behar dauela, hori da bidea. Esklusibidadea, hurrekotasuna eta upcyclinga lako kontzeptuak ezin doguz ahaztu. Jentearen amesak gogoan hartu eta gure ikutua emotea da giltza.

7.- Badakigu autobusak izango dirala Balmasedara joateko...

Publikoa Balmasedara erraz heltzea da gure asmoa eta autobuen barri jakiteko onena La Encartada Modaren webgunean begitutea da eta gogoan izan joateko eta etorteko dagozala autobusak.

Pozez zoratzen gagoz eta ahal dala, ikusleak barretxuagaz etorri eta barre-zantzokaz joatea gura neuke [Barreka]. 

8.- Zer esango zeunskio modearen munduan sartu gura dauen bati?

Mundu zoragarria da modearena eta sortzailea dan bati gauza askorik ezin jako esan. Edozelan be nik beti esaten dot saltsa-maltsa honetan burua erakutsi gura dauenak, norberaren burua jagon eta ahalik eta proiektu personalena zabaldu behar dauela, hori da bidea. Esklusibidadea, hurrekotasuna eta upcyclinga lako kontzeptuak ezin doguz ahaztu. Jentearen amesak gogoan hartu eta gure ikutua emotea da giltza.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu