Mintzanet Sariak emongo ditue astegoienean
2023-05-24 12:32 Euskerea berbagaiMaiatzaren 27an izango da, Donostian.
Indarrak batuta, mintzapraktikearen jai handira batuko da Mintzanet. Maiatzaren 27an, Donostian bertan, orain hamarkada bat Mintzanet jaio zan urian izango da Mintzanet Eguna, Euskaltzaleen Topaguneak eta Bagera – Donostiako Euskaltzaleen Alkarteak atondutako Mintza Eguna 2023 jai erraldoiaren barruan. Eta jakina, Mintzanet Sariak be emoteko be balioko dau hitzorduak:
Sarituak ondokoak dira:
- Bidelari Onena: Marta De Pedis. Italiarra da, jaiotzez, Erromakoa. Hizkuntza Modernoak ikasi zituan unibersidadean eta bertan izan zituan, hain zuzen be, lehenengo hartu-emonak euskeregaz. Gaur egun, hizkuntzalaria da eta Gasteizen bizi da.
Lagunei euskerea ikasteko asmoa azaldu eutsenean, harriduraz erantzun eutsiela autortu dau: Zergaitik? Oso gatxa da, ulertzeko eta ikasteko ezinezkoa. Hitzok erronka personal bilakatu zitua eta egun, harro dago euskal kulturearen parte sentiduten baita.
Mintzanet Bere Ahotan atalean izan erromatarragaz berba egiteko aukerea izan genduan eta ondokoa autortu euskun: Errespetu kontua da. Horregaitik erabagi dot euskerea ikastea.
- Bidelagun Onena: Anabel Ispizua. Euskera irakaslea izandakoa da gernikarra. 2017tik da bidelaguna eta ordutik lauzpabost bidelarigaz ibilida jardunean. Danakaz so gustura sentidu izan dala autortu deusku, bakotxaren beharrei laguntzen ahalegindu dala.
Anabelegaz euskera praktikau dabenek estimu handia deutse, bai Esti Castaño Bujandak, Karmel Martinek, Maria Ines uruguaitarrak eta Raquel Simal de la Torrek.
- Aipamen Berezia: Iñigo Bilbao. Mintzanet egitasmoko lagun handia dogu getxoztarra. Urte luzez bidelaguna izan da eta hutsik egin barik parte hartu dau atondutako ekimen et6a jardunaldietan.
Getxoztarrarena dogu, hain zuzen be, Mintzaneten aldeko aldarria izeneko bertso zoragarria, Mintzanet Eguna ospatzen dogun bakotxean aho batez abesten doguna eta betirako bihotzean izango doguna.
Parte hartze handia sarean
Koronabirusaren krisiak Mintzanet egitasmoaren jarduna guztiz baldintzatu dau. Online proiektua da eta gatxak jota jentea teknologia barrien bidez sartzen zan. Erabiltzaileen bolumena handitu egin zan nabarmen 2020 eta 2021ean, izan be, euskeraz berba egiteko aurrez aurreko klaseetara joateko aukerarik izan ez danez, jenteak hor topau dau babesa. Gizarteak teknologia barrietara egokitu behar izan dau eta zulo hori Mintzanetek bete dau.
Egoera honek zeozelako jarraipena izan dau 2022an, izan be, herritarrek ohitura barriak hartu ditue pandemiaren eraginez. Ondorioz, 2020an bezela, 2022an be, Mintzanetek 1.000 lagunen langea gainditu eban eta 2023an hirugarrenez gainditu geinkelakoan gagoz.
2022an Mintzanetek, AEK eta Topaguneak batutako datuen arabera, 7.000 lagun baino gehiago dabiz astero mintzapraktikea egiten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!