Patxi Goñi: 'Kontrolik bako Inteligentzia Artifizala oso kaltegarria izan daiteke'
2023-05-22 07:55 BarriketanPena handiz hartu dogu albistea. GOR Diskoak 1991. urtean Marino, Antonio eta Patxi Goñi anaiek sortutakoak agur esango deusku, 30 urte baino gehiago diskoak plazaratzen ibili ostean; talde sortzailea jubiletako sasoira heldu da eta erreleborik ez dagoanez, Patxi Goñik adierazo dau Gor laster desagertuko dala.
Plataforma handiak azaldu jakuz, industria musikala goitik behera aldatu da, autoedizinoak eta crowfounding kanpainak indartsu dabiz eta gorabeherak gorabehera, musikearen munduako handi batek agur esango deusku.
Egoerearen ganean, Gor Diskoak zarratzeko erabagia eta musikearen munduan dagoan galarrenaz berba egiteko prest azaldu jaku Patxi Goñi.
1.- Pena Gor lako diskoetxea desagertzea. Talde sortzailearen jubilazinoak dira arrazoi ala bestelako motibazinoak dagoz?
Bai, bazkide sortzaileen zikloa, goñitarron zikloa zarratzen dau nire jubilazinoak eta nabarmentzekoa da zarratzearena zabaltzen eta hasi danean, talde batzuk hurreratu jakuz aurten disko barria grabetako esperantzeagaz ibili dirala eta batzuk, besteak beste, Nahiak Nahi sartu da eta aurreratuko deutsut aurten Leihotikan eta Memo taldeek be argitaratuko dituela diskoak.
2.- Zergaitik zarratzen edo berregokitzen dira diskoetxeak?
Ez dago ezkutuko arrazoirik edo sekreturik, jubiletako sasoia heldu jat eta musikearen munduan 1982. urtetik edo nabilen arren, betirako ez gagoz hemen eta mundu hau gogorra da, bada sasoia trankilago ibilteko.
3.- Orain 30 urte, zein izan zan motibazinoa musikearen euskal eszenan agertzeko?
Bueno, gu musikariak ginan eta ibilita gengozane Motos, Fiebre eta Balerdi Balerdi taldeetan eta aurrerago Soñua eta Oihuka diskoetxeakaz be beharrean egon gara eta horreetan argitaratu genduzan
Barricada, La Polla Records, Hertzainak, Kortatu, Jotakie, Tahures Zurdoa, Cicatriz, Tijuana in Blue, Potato, Los Bichos, Negu Gorriak eta beste batzuen lehenengo diskoak. Beroaldia bizi izan genduan eta ikusitakoak ikusita geure bideari ekin geuntsan, 1990. urtean Gor Diskoak enpresea sortu eta gure inguruan dana egoan bor-bor, talde asko egozan eta kalidade handikoak eta, atara kontuak, Urtz, Parabellum, Kojon Prieto y Los Huajalotes , Jujlio Kageta, Los del Rayo eta maila horretako beste batzukaz be egin genduan lan. Momentu erabagiorra izan zan, hortxe sortu ziran Esan ozenki (Fermín MUguruza), Milagritos (Soziedad Alkoholika) eta Aketo (Hertzainak), autoprodukzinoa indarra hartzen joian eta saski-naski horretan Gor Diskoak be baegoan.
4.- Zenbat disko argitaratu dozuez 30 urtetik gorako ibilbidean?
280 diskori erreferentziak emon deutsaguz baina goitik behera geuk produzidutakoak 200 edo dira.
Lehenengo diskoa Los del Rayo taldearen Miedo al Miedo izan zan, 1990an grabautakoa eta Enrique Villarreal El Drogasek produzidutakoa; esperientzia ederra izan Bordeleko Le Chaleten bizi izan genduana.
Disko faboritorik ezin deutsut nabarmendu, beti dagoz berezitasunak eta aldeak baina asko gustetan jataz taldekide izan ginanekoak, Balerdi Balerdi taldearen lehenengoak Ez gara galdu eta Hobe behin gorri...ezenez beti hori, asko maite dodaz.
5.- Amaibakoa izango da promozionau dozuezan talde eta sortzaileen izenak azpimarratze baina batzuk esango zeunkez?
Julio Kageta, 7 Eskale, Urtz, Pottoka, Balerdi Balerdi, Exkixu, Berri Txarrak, Hemendik at!, Leihotikan, Buitraker, Zea Mays, Hyssopus, Su Ta Gar, Jousislouli, Dank, Asgarth, Ados, Ken Zazpi, Lor, Lau Itzal( Xabi Solano) , Brigada Criminal, Kerobia, Skunk, Katamalo, Ezinean, Lauroba, Hesian, Zura, Mantisa, Bizardunak, The Sparteens, Yogurinha Borova, Goienetxe Anaiak, Altxatu, Izebergi... Horreek danak euskeraz ebizenak, gaztelaniaz kantetan dabenakaz be zerrenda luzea ekarriko neuke...
6.- Kaki Arkarazo, Haritz Harreguy, Ritxi Aizpuru, Anjel Valdes, Airaka, Mauka Musikagintza, produktoreak dira, bitartekariak?
Bai, lagun handiak, gure ibilbidean egiten doguzan lagunak; sustatzaileak, produktoreak, musikariak, teknikariak. Beti behar izaten dira holako lagun onak eta taldeek eurek be estimadu ditue holakoak, euren amesa ahalik eta diskorik onena plazaratzea dalako.
7.- Estilo guztietako gero eta talde gehiago sortzen dira eta diskoetxeak, barriz, gero eta gitxiago zarie. Bihar-etzi zer pasauko ete da?
Autoedizinoa da nagusi eta reggaetoia eta musika elektronikoak be indar handia hartu dabe baina nire eretxiz, arauak eta mugak ipinten ez bajakoz, kontrolik bako Intelogentzia Artifizala oso kaltegarria izan daiteke. Zinearen arloan. oraintsu Canneseko Zinemaldian 80tik gora dituan Harrison Ford aktoreari aplikau deutse eta 38 urte ingurukoa emoten dauena agertuko da proiekzinoetan...
Dana dala, musikearen munduan beti egongo da sortzaileen alde egingo dauen persona edo erakunderen bat.
8.- Gogoratzen dozuz casseteak boli bategaz aurrera eta atzera erabilten genduzaneko momentua...
Jakina baina hori nostalgia baino ez da eta zehaztasunetan sartuta, leku eta persona maiteen faltea danez, negatiboa begitantzen jat. Orain bizitako momentuak eta biziko doguzanak ederragoak dira joandakoak baino eta, beraz, bizi daiguzan oraingo momentuak eta disfrutau daigun.
9.- Diskoen karatulak egiten zituenak artistak ziran. José Luis Zumeta pintoreak be ilustrau ditu Mikel Laboaren diskoak. Ezinezkoa emoten dau baina egia santua da...
Sasoi horreek bizi genduzanok ezin dogu ahaztu Zumetaren kartel erraldoia: 24 ordu euskaraz. Koadro, poster ederra zan, askok etxean daukaguna eta Euskal Herriko etxe askotan egongo dana, seguru.
10.- Patxi Goñi gogaitu edo aburridu egingo da jubiletan danean?
Ez, badakit ez nazela aspertuko eta aspertzen banaz, hazelako gogoa neukan horretarako...
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!