'Lucíaren Jantzea'
2023-05-18 07:55 Jan edanakBasque Culinary Center-eko ikasle eta irakasleek Lucía Lacarra jantzariaren omenez egindako postrea.
Basque Culinary Center-ek, jantzearen artea eta gastronomia buztartuz, Lucíaren Jantzea postrea aurkeztu dau: Jatetxeetako Gozogintzako eta Sukaldaritza Gozoko Masterreko ikasle-talde batek eta Basque Culinary Centerreko irakasleek sortu dabe azkenburuko hau, Lucía Lacarra jantzari zumaiar ezaguna inspirazinotzat hartuz.
Lucía Lacarrak dinoanez, jantzearen eta gastronomiaren balioetako batzuk bat datoz, alkarregaz zerikusirik ez dabela emoten badau be: Diziplinea, dedikazinoa eta pasino handia eskatzen daben arteak eta lanbideak dira biak. Ohorea izan da niretzat Basque Culinary Centerrek ni inspirazinotzat hartuz postre bat sortzea eta niri dedikau nahi izatea. Esperientzia zoragarria izan da etorkizuneko sukaldariak ezagutu, eurekaz berba egin eta eurentzat jantzan egitea.
Bestalde, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak nabarmendu dauenez, erronka hau diziplina biak bat egitearen emoitzea da. Anna Pavlova jantzari errusiarraren izena dauen Pavlova tarta ezagunaren bideari eta bilakaereari jarraituz, gurera ekarri eta postre berezi bat aurkeztu dogu.
Basque Culinary Center-eko Jatetxeetako Gozogintzako eta Sukaldaritza Gozoko Masterraren barruan sortutako sormen-erronka baten emoitzea izan da postrea. Luis Arrufat Master eta Ikastaroetako Saileko kozineru, irakasle eta koordinatzailearen arabera, Lucia Lacarraren postrearen idea eratzen parte hartzea,
ikasleei erronka egitea, aukerak probau eta onena aukeratzea, nire ibilbide profesionalean Basque Culinary Centerren jazotako gauzarik politenetako bat izan da. Asmoa Lucíaren Jantzea postrea aurkeztea izan da, mundu osoko jatetxeetako menuetan txertatu deien.
Era berean, Cristina Lirola, Basque Culinary Center-eko irakasle eta pastry chef edo pasteletan adituaren lana be ezinbestekoa izan da Lucia Lacarraren omenzko pastela sortzeko
Basque Culinary Centerrek errezetea ezagutzera emongo dau.
Postrearen sortzaileak Basque Culinary Centerreko Jatetxeetako Gozogintzako eta Sukaldaritza Gozoko Masterreko ondoko ikasleak izan dira: María Nieves Pivaral Donis, Elena Castro Pesquera, Andrea Verónica Vieira da Silva eta María Ortega Gutiérrez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!