Leioako Umore Azokan estreinauko da 'Asfaltoaren azpian, euria' ikuskizun ibiltaria
2023-05-17 12:59 KultureaMaiatzaren 20an, gaueko 21:30ean izango da hitzordua.
Piszifaktoria Ideien Laborategiaren azken lanaren estreinaldia ikusteko aukerea izango da Leioako Udalak urtero atontzen dauen Umore Azoka jaialdian. Gaueko 21:30ean izango da hitzordua, Errekalde plazan. Eta hurrengo egunean, maiatzaren 21ean, domekan, bigarren aukera bat egongo da, eguerdiko 13:30ean.
'Asfaltoaren azpian, euria' gure auzoetan egingo dogun ibilaldi dramatiko bat da, gure bildurren sakon-sakoneneraino eroango gaituen murgiltze-esperientzia bat, teknologiaren, adimen artifizialaren eta zuzeneko musikearen laguntzaz, espazio publikoko bizitearen inguruko hausnarketa komunitario bat egiten ahalbidetuko deuskun ukronia espekulatibo bat.
2031. urtea da. Covidaren Omega aldaera gogorraren ondorioz, hamar urte emon ditugu etxean konfinauta. Eta, orain, kalera urtetako momentua da barriro. Baina bildurra da nagusi. Zenbat aldatu da gure uria? Eta gu geu?
Abangoardiako ikuskizun hau sortzeko, hainbat uritako biztanleakaz egindako ikerketa artistiko bat izan dogu oinarri. Joan dan neguan, errealidadearen agertokian izeneko ekimena jarri genduan martxan. Arkitektura eta urigintza arloko adituakaz barriketan ibilteaz gan, Bilbo, Gasteiz eta Hendaiako bizilagunakaz batu ginan, hareen urien ganeko hausnarketa kolektiboak egiteko. Han jasotako materialagaz be osotu dogu Asfaltoaren azpian, euria ikuskizun hau.
Leioako Umore Azokan estreinau ondoren, beste hainbat jaialditan be ikusi ahal izango da, besteak beste, Hendaiako Antzerkiaren Maiatzan, Gasteizko KaldeArten, Bilboko Kalealdian, Zarauzko Kalerkin edo Antsoaingo jaialdian.
Asfaltoaren azpian, euria
Leioako Umore Azokan, Errekalde Plazan:
Maiatzak 20, zapatua, 21:30ean.
Maiatzak 21, domekan, 13:30ean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!