Leioako Umore Azokan 43 konpainiak 90 saio eskainiko ditue
2023-05-10 07:53 KultureaEuskal produkzinoen alde, Euskal herriko konpainia gehien dituan ekitaldia da (17 aurten).
XXIII. Umore Azoka – Leioako Kaleko Artisten Azokea maiatzaren 18tik 21era egingo da eta diziplina guztietako kaleko ikuskizunen 90 ikuskizun eskainiko ditue herriko 17 lekutan.
Umore Azoka Leioako Udalak atontzen dau Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen babesari esker eta erreferentea da, arte eszenikoen azoken artean bere programazino osoa Kaleko Arteari eskaintzen deutson bakarra baita. Era berean, euskal produkzinoen alde egiten dau eta Euskal herriko konpainia gehien dituan ekitaldia da (17 aurten).
Horren ondorioz, gero eta profesional gehiagok emoten dabe izena Leioako Umore Azokan, izan be, aurten 550 eskaera jaso ditue (% 14 Euskal Herrikoak, % 56 Estadukoak eta % 30 nazinoartekoak). Egun horreetan ikuskizunakaz difruteteaz gan gain, jarduerotan parte hartzeko aukerea izango da, besteak beste, EZE-Euskal Zirku Alkartearen aurkezpenean, Kaleko Arteen lankidetzarako Euskadi-Portugal hitzarmenaren harian, Umore Meetings saioetan edo negoziorako txanda azkarretan.
Euskal konpainia askok Umore Azokea aukeratu dabe kaleko produkzino barriak estreinetako: Barre Taldeak Nao-Now-Nau aurkeztuko dau, euskal arrantzaleei egindako omenaldia, Javier Garciak interpretetan dauen pailazo kutun batek gidatuta, Mimok. Harrobi Jantza Bertikalak Geure(R)a ikuskizuna erakutsiko dau. Jantza bertikaleko eta diziplina anitzeko piezea da eta Juantxo Zeberioren musikea, Toti Martínez de Lezearen poemak eta Paco Gramajeren proiekzino bizidunak ditu, hori guztia Janire Etxaberen zuzendaritzapean. Hortzmuga Teatro taldeak El viejo, el buzo y el mar lana taularatuko dau, umorezko esperientzia da eta konsumismoa, sortzen ditugun hondakinen kopuru handia eta itsasoko isurpen masiboak ikusarazo nahi ditu. La Glo Zirko Jantzeak Ensueño pieza bertikala eskainiko dau. Loaren eta hegaldiagaz dauen loturearen gaineko gogoetea da eta Gloria Peónek sortu eta Maitane Ussiak, Pere Vilarubak eta Alejandra Pérezek interpretetan dabe. Lekittoko Deabruak & Zozongo Leioako kaleetatik ibiliko da Mingorri ikuskizunagaz. Lekeitio inguruan bizi dan mihi gorriko eta azal baltzeko personaia mitologiko eta diabolikoari egindako omenaldia da. Piszifaktoria Ideien Laborategiak distopia bat antzeztuko dau, ‘Asfaltoaren azpian, euria’. Euskerazko lana da, 2031n kokatua, Covidaren aldaera barri baten ondorioz hamar urtez zarratuta izan ondoren. Orain, kalera urtetako garaia heldu danean, bildurra heldu da. Ibilbide dramatiko eta ibiltaria da, espazio publikoetan dagoan bizitzearen ganeko gogoeta kolektiboa. Rojo Telón konpainiak ‘Transir’ lana antzeztuko dau, eraldaketeari, aldaketeari, bizitzeari eta heriotzeari buruzko olgetea, aireko eta akrobazia bertikalakaz. Eta Trapu Zaharra beteranoek ‘Eutsi Ramon! / Dale Ramón!’ aurkeztuko dabe, Oscar Terolek zuzendutako Santi Ugalderen lana. Markeari eutsiz -umorea eta publikoagaz hartu-emonak-, enpresa batek maila altuko bunkerrak saltzeko atontzen dauen zuzeneko lehiaketearen istorio eroa kontetan dau.
Era berean, Leioako jaialdian, nazinoarteko hainbat konpainiak lehen aldiz aurkeztuko ditue lanak: Collectif Primavez konpainiaren kasuan, Laisse-moi zirku-jantza ikuskizuna eskainiko dau, berbakera berezi eta hunkigarriagaz; Wetumtum taldeak Crassh_DuoCircus lana eskainiko dau, zuzeneko musikea, malabarismoak eta zirkua dituan ikuskizuna.
Programazinoaren barri jakiteko begitu hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!