Zorionak Zea Mays

Bizkaie! 2023-05-15 08:43   Musikea

Bagilaren 21ean jasoko dau Adarra Saria.

Zea Mays talde bizkaitarrak jasoko dau 2023ko Adarra Saria, Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak emoten daben hamargarrena, hain zuzen be. Musikearen Europako Egunean, bagilaren 21ean, arratsaldeko 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko dau saria Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Donostiako alkatearen eskutik eta jarraian kontzertua eskainiko dau. Kontzerturako sarrerak gaur, maiatzak 15, jarriko dira salgai, goizeko 11:30ean; 25 euroan erosi zeinkiez Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko txarteldegietan eta www.donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.

Saria nori emon erabagiteko ardurea izan dabe Juan González Andrés kazetariak, Sara Zozaya musikariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika teknikariak.

Batzordearen argudioa

Batzordearen arabera, Zea Maysek oso maila altuari eutsi deutso kalidadeari jagokonez, 26 urteko musika-ibilbidean. Ikus-entzuleek eta musika munduko kideek autortu egin deutse emon daben guztia eta jarri daben bihotza. Nabarmentzekoa da, hain zuzen be, hainbeste lankide izatea, diskoetan zein zuzenekoetan, bai Euskal Herriko artistakaz eta bai nazinoartekoakaz. Euskal rockean eragin handienetakoa izan dauen taldea da eta Euskal Herritik kanpo gehien estimautako euskal banden artean kokatzen da; eurek plazaratutako hamaika diskoak dira horren erakusgarri.

Zea Mays taldekoen adierazpenak

Adarra Sariaren harira, adierazpenok egin ditu musika taldeak: Sariak beti irribarre handi bategaz hartzen ditugu, oraingoan baita malkoakaz be, gure izena Euskal Herriko artista hain handien ondoan ikustearen emozinoari ezin eutsita. Guretzako musikea beti izan da beharrizan bat eta gure ibilbidean zehar barrutik eta bihotzez sortzen saiatu gara. Maite doguna egiteagaitik sarituak izateak oso harro sentiarazoten gaitu. Harro gagoz baita bidean izan ditugun lagunez, ereindakoaz eta batutakoaz be. Sari hau gu guztiona da. Emoten deuskuzuen maitasunagaz baietz beste 26! Eskerrik asko.

10 urteko ibilbidea

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu eben Adarra Saria, euskal musikearen arloan aparteko garrantzia edo eragin bereziko ibilbidea egin dauen edo egiten dagoan artista bati, urtero, omen egiteko. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak, Amaia Zubiriak eta Joseba Tapiak jaso dabe Adarra Saria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu