Euskerearen etorkizuna aztertu eta gazteei entzuteko jardunaldiak Bilbon

Bizkaie! 2023-05-12 11:11   Euskerea berbagai

Jardunaldiak doban dira baina beharrezkoa da izena emotea www.kontseilua.eus webgunean, maiatzaren 29ra arte.

Bilboko BBK Kunan egingo diran jardunaldietan hainbat galdera planteau eta erantzuna emoten saiatuko dira parte-hartzaileak: Zein dira gazteentzako euskera hizkuntza-hautu erakargarri egiteko sustatu beharreko arlo eta politikak? Zein dira epe ertainean datozen aldaketa eta erronkak? Eta garrantzitsuena: zer dinoe gazteek honen guztiaren inguruan? Zer behar dabe?

Eredu euskalduneko ikastetxeetan gero eta gehiago atzemoten da gaztetxo eta gazteek ez dabela euskeraz egiten, ezta ikasgela barruan be. Fenomeno horretan sakontzeko, Iratxe Retozala ikerlari eta UEUko GOI institutuko kideak hezkuntza-esparruan euskal hiztun aktiboak sortzeko egin beharreko urratsez eta etxeko-lanez egingo dau berba lehen egunean. Jarraian, gazteen hizkuntza hautuetan jatorri soziolinguistikoak eta hizkuntza-ideologiak daben eragina aztertzeko ikerketearen emoitzak aurkeztuko ditu Nekane Arratibel HUHEZIko irakasle eta ikertzaileak.

Naroa Jauregizuria soziologo eta hizkuntza-kudeaketa aholkulariak Bilbo Handiko 15-18 urte bitarteko gazteek ikastetxeetan euskerea eta euskal kultureagaz zelako hartu-emonak dituen jakiteko proiektua azalduko du. Bertan, euskerea eta euskerazko kulturearen transmisinoan lagundu leikien hainbat jarraibide identifikau ditue eta euskerearen periferia terminoaren definizinoa landu dabe.

Era berean, arnasguneak be euskerearen bizibarritze prozesuan gune garrantzitsuak dira. Baina
azken boladan aldaketa handiak dagoz arnasguneetan: aldaketa demografikoak, sozioekonomikoak, ingurune digitala... Erronka eta galdera ugari dagoz arnasguneen inguruan, gaztetxo eta gazteekin lotura zuzen-zuzena dabenak. Horreei erantzuten saiatuko da UEMA udalerri euskaldunen mankomunidadeko ordezkari bat.

Ondoren, Itxaso Paya euskal sortzaile, antzezle eta bertsolariak egingo dau berba. Azken aldian, hainbat gaztegaz Zelakoa nahi zeunke izatea gazte euskaldun baten bizitzea etorkizunean? galdereari erantzuna bilatzeko egindako prozesua azalduko dau.

Lehen egunari amaierea emoteko, Euskal Herriko ertz diferentetan bizi diran bost gazte batu eta euskerearen inguruko galdera-hausnarketa batzuen bueltan, bakotxak bere bizipen eta errealidadetik erantzungo dabe. Sorterriak eta bizilekuak, generoak, inguruak eta hautu personalek daben eragin eta garrantziaz egingo dabe berba Odei Barroso rapero eta bertsolariak (Urruña, 1988), Laura Ré podcastgileak (Lorca, 1995), Asier Urkiza literatur kritikariak (Bilbo, 1997), Cristina Osés soziologoak (Azkoien, 1994) eta Carlos Martinez musikariak (Murtxante, 1997).

Bigarren egunean, Josu Aztiria Orai NPL Teknologiak-eko koordinatzaileak gazteen artean ingurune digitalaren orokortzeak eta ingelesaren presentziak euskereari eta hizkuntza gitxituentzako ekarri dituan beharrak eta erronkak aurkeztuko ditu. Era berean, egungo gizarte mediatizatuan sare sozialek daben eragina aintzat hartuta, Agurtzane Elordui eta Jokin Aiestaran EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazinoa saileko irakasle eta ikerlariek aztertuko dabe gazteek euren praktiketan eta diskursoetan zein balio, sinismen, iruditeria kultural eta soziopolitiko lotzen deutsezan euskereari.

Ondoren, Amaia Perez Hezten alkarteko soziolinguistika lantaldeko koordinatzaileak gazte euskaldun oso eta aktiboak eratzeko prozesuan hezkuntza ez-formalak eta astialdiak daben eragina eta garrantzia azalduko ditu. Eta etorkizuneko erronken harian, ezinbestekoa dala gazteen ahotsa jasotea gai jorratuko dau Goiatz Oiartzabal Badalab hizkuntza eta gizarte barrikuntzarako laborategiko zuzendariak gazte talde bategaz egindako fabula ariketea aurkeztuko dau.

Azkenik, Amets Aranguren Kontseiluko proiektu buruak EHUko eta NUPeko ikasleakaz egindako focus group biren emoitzak azalduko ditu, hizkuntza-ohituren inguruan dituen eretxiak, egunerokotasunean presente dituen hizkuntzak, trabak eta horrek gainditzeko ardurak.

Jardunaldiei amaierea emoteko, ondorioen laburbilduma bat egingo da bertsotan.

Azken buruan, jardunaldietako atontzaile Kontseiluak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak azpimarratu nahi izan dabe erakunde bien arteko lankidetza-markoan kokatu behar dirala jardunaldiok. Biek beharrezkotzat joten dabe euskerearen etorkizunaz eta gazteak entzuteko erronkaz hausnartzea, orain arte egindako ikerketak eta zuzeneko esperientziak partekatuz.

Jardunaldiak doban dira baina beharrezkoa da izena emotea www.kontseilua.eus webgunean, maiatzaren 29ra arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu