Xixili Bengoetxea: 'Nire gogoa izan da egin barik egoan gai bat ikertzea'.
2023-05-15 07:55 BarriketanXixili Bengoetxea Llona.
Otxandioko Xixili Bengoetxea Llona eta Durangoko Jokin Camarero Garai izan dira irabazleak Durangaldeko Ikerlari Gazteen II. Sariketan.
Nagusien kategorian, Xixili Bengoetxea Llonak 23 urteko otxandiarrak jasoko dau 1000 euroko saria. Garavilla S. A. arrain konserba fabrikea Otxandion: arrain kontserba industria eta emakume langileen lan prozedurea eta baldintzak izenburuko lana, 50eko hamarkadan Otxandion martxan egon zan konserba
fabrikearen historian sakonduz.
Durangaldeko Ikerlari Gazteen sari-banaketea Otxandion izan da Otxandioko bolatokian eta ondoren, Durangaldean egiten dabizan saguzarren inbentarioa ezagutzeko aukerea egon da: Aitor Arrizabalaga Escuderok aurkezpen labur bat egin eban; aurrerago 21:00etan, Otxandion zehar, ultrasoinu-detektagailuak erabilita, saguzarrak topau eta behatzeko ibilalditxu laburra egin zan.
1.- Epaimahaiak azpimarratu dauenez, zerotik ekin deutso ikerketa lanari eta orain arte ezaguna izan ez dan gai baten inguruan, bizi izan ebenen testigantzak jasoz. Garavilla S. A. arrain konserba fabrikea oinarri hartuta Durangaldeko zenbait emakumeren ikusgarritasunaren alde egin dozu. Zerk motibau zaitu?
Nire gogoa izan da egin barik egoan gai bat ikertzea. Dokumentazinoa batzen eta oso gustora ibili naz eta hori be motibazinoa izan da niretzako. Testigantzei jagokenez, emakumeen presentzia be nabarmenduko neuke, normalean kostako herrietan egoten diran konserba fabriketan emakumeak izaten baitira nagusi.
Otxandiotik kostara 50 kilometro inguru dagoz eta horrek berezitasuna emoten deutso nire herrian dagoan fabrikeari.
2.- Lana ondo egituratuta egotea positibotzat jo dabe epaimahaikoek, baita lekuan lekuko historiara hurreratzeko egindako ahalegina be. Gustora geratu zara?
Bai. Gustora nago. Lan sektore feminizatuaren gaia jorratzeko aukerea izan dot, baita 50-60ko hamarkadan, Frankismoaren menpeko emakume langileen egoerea be; gai potoloak dira eta lanaren mugak eta kontuan izanda, beti geratzen jatzu gaiok sakonago aztertzeko gogoa.
3.- Durangaldeko zenbait emakumeren ikusgarritasunaren alde egin dozu, holako fabrikatan behargin gehienak emakumeak diralako?
Bai. Lana sortzen joan ahala, jaubetu naz emakumeak nagusi diran sektorea edo dala, Garavillan bertan ikusitakoak zein etxean entzundakoak eta testigantzen bidez ikusi dot Otxandioko fabrikan bi kenduta beste guztiak emakumeak dirala. Sektore feminizatua izan da eta jarraitzen dau izaten.
4.- Dokumentazino-prozesuan, zeozerk harritu zaitu?
Ikerketea ganoraz egiteko igarri dodan informazino faltea nabarmenduko neuke eta, esangura horretan, oso garrantzitsuak izan dira testigantzak, izan be, behar izan dodan informazino gehiena herritarrek emon deustie. Agiri batzuk be topau dodaz eta horreetan zehazten da Udalak zelan emon eutson baimena Garavillari Otxandion aktibidadeari ekiteko.
5.- Gerediagak Durangaldeko ondarea, historia, kulturea eta gizartearen jagoletzea, ikerketa eta zabalpenaren aurreko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburuari eutsiz sortu eban igaz Durangaldeko Ikerlari Gazteen Saria. Holako arloan gazteak suspertzeko holako gehiago beharko geunkez?
Nik uste dot oso positiboak dirala beka, lehiaketa, sari eta holako ekimenak, gazteei erakusten jake lan apur bat eginda norberaren burua jantzi eta bidea urratzen segidutea ez dala hain gatxa.
6.- Arkeologia eta gaur egungo gizartea. Arkeologia publikoa eta Otxandioko kasu arkeologiko zehatza gradu amaierako lana be aurkeztu dozu oraintsu. Arkeologia, herri mailako gaiak,
antxinakoak eta gaur egungoak interesetan jatzuz?
Asko. Historialaria naz eta arkeologia zein antxinako kontuak beti interesau jataz. Gradu amaierako lana aitatu dozu eta hor arkeologiaren eta gaur egungo gizartearen inguruan ibili naz. Otxandion indusketak be egin ziran eta horreek be erabili nituan aitatu lana aberasteko arlo pratikoan zein teorikoan. Ez da labur azaltzeko kontua baina arkeologia publikoa be nabarmentzen dot, arkeologia zelan gizarteratu, zer egin herritarrek gozau deien holako gaiakaz.
7.- 2018ko Julen Azpeitia Lehiketan, irabazle izan zinan 17-18 urte bitartekoen sailean. Arlo askotan zabiz eta irabazi be egite dozuz sariak. Zertan eta non ikusten dozu zeure burua? Idazle, ikertzaile?
Esperiantzia polita izan zan, olerkiak idatzi nituan Lehiaketa horretarako eta, antza, epaimahairi gustau jakozan. Ni neu oso gustora nabil poesiaren munduan.
Ganerakoan, idatzi beti egin izan dot eta historia oso presente egon da nire bizitzan, hor gustora nabil; zein arlotan nabarmenduko nazen, nork jakin. Idazteak nire alde emozionala aberasten dau eta ikertzeak, barriz, nire alde arrazionala. Ahal dala, biak buztartzen saiatzen naz.
8.- Otxandioko Udalaren babesari esker, Durangaldeko Ikerlari Gazteei sariak emoteko ekitaldia Otxandion izan zan eta saio polita izango zalakoan gagoz. Dirua eta oso oker ez bagagoz, Astola aldizkarian be argitaratuko dabe zure lana...
Bai. Urtekarian neure lana ikustea pozgarria da. Gerediagak sortu eban 2007. urtean, Durangaldeari buruzko ikerketa gaiak eta historia sakon jorratzeko, beren-beregi alde bisual eta estetikoari indarra emonez.
Ganerakoan, ikertzen jarraitzea da nire asmoa baina saltsa askotan nabil, master bat be egitekotan nago, memoria historikoaren ingurukoa eta ia zelan heltzen garen arlo horreetara guztietara.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!