Gidor Bilbaok Oihenarten ezagutzen ez genduzan lanak topau eta aztertu ditu

Bizkaie! 2023-05-11 12:15   Kulturea

Oihenartek herri-tradizinoari arretea jarten euston.

Gidor Bilbao. Erretratua: Zaldi Ero | Ikusi handiago | Argazki originala

UPV/EHUko Ikasketa Klasikoen Saileko irakasle eta Monumenta Linguae Vasconum taldeko ikertzaile Gidor Bilbaok Arnaut Oihenarten (1592-1668) ezagutzen ez ziran poemak topau eta aztertu ditu: Kobla berriak. Informazino oparoa eskuratu dau hareetan, Oihenarten argitaratzeko jokamoldeari, erabilten zituan metrikei eta orduko herri-tradizinoari buruz. Gaur egun erabil daitekezan baliabideei esker, Bilbaok badaki agertuko dirala oraindino be garai hareetako beste lan batzuk. Eta ohartarazo dau lan handia dagoala egiteko.

Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia Masterrean antxinako testuak eta literatura zaharra aztertzen dira eta Oihenart gitxi aitatzen zan orain arte. Euskal Ikasketetako ikasleek badakie nor zan haren atsotitz-bildumeagaitik. Gidor Bilbaok, ostera, beti pentsau dau erakargarria eta polita dala Oihenarten poesia eta pentsau eban Oihenart be landu beharko leikiela eskoletan.

80ko hamarkadan Oihenarten arrastoen bila aspaldi ebizen Gidor Bilbao eta ikerketa-taldekoak, batez ere, Joseba Lakarragaz batera. Itsutu egin ginan, Oihenarten eskuizkribu ezezagunak egon eitekezalakoan, bibliotekaz biblioteka hareen bila, alperrik. Ez genduan ezer topau. Orain pare bat urte, barriz, Oihenarten eskuizkribuak eta inprimidutako lanak bilatzen hasi nintzan. Hola, Frantziako biblioteka zaharren katalogo kolektiboa arakatzen nebilela, Grenoblekora heldu nintzan.

Bilbaok obsesino txiki bat dauela autortzen dau, lan zaharrak gordeten dituen biblioteken katalogoetan sartzen da begiratzera gauza barrien bila, izan be, bai biblioteketako edo artxiboetako katalogoak eta bai digitalizautako erretratuak be egunetik egunera dabiz aldatzen eta hobetzen. Bilaketak, ganera, izenen eta berben aldaera, grafia eta akats posibleen konbinazioak probatuz egiten ditu. Holan, O-ten gastaroa neurtitzetan topau eta Grenobleko bibliotekara joan zan, jakina baitzan O-t hori Oihenart bera zala. Han, Cobla berriae izeneko beste obra bat topau eban eta Baionako bibliotekako aleagaz konparauta, lau orrialde gehiago zituala konturatu zan Bilbao.

Hasierako poza eta galderak sortu jatazan. Zer ziran poema horreek? Berehala ikusi neban lehen orrialdeetakoa Oihenarten maitasun-poema klasikoetako bat zala, inoiz erabili bako poesien metrikea dabe. Nire ustez, euskerazko poesian askotariko neurriak erabili eitekezala erakutsi nahi izan eban baina azken orrialdeetako Jorraleen koplek ekarpen polita egiten eutsen literatureari, gauza barriak erakutsi baiteuskuz eta, bestalde, ez baikenekian orain arte Oihenartek herri-tradizinoari arretea jarri eutsonik. Beste galdera garrantzitsu bat be sortu jatan, izan be, obrearen izenburua lehen orrialdean agertzen da eta azpian berehala hasten dira poemak. Liburuxka hau beste zeozeren jarraipena zala pentsau daiteke baina aldi berean lehen orrialdea da. Zergaitik jokatzen eban Oihenartek holan?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu