Euskerearen kontrako erasoaldia salatzeko manifestazinoa zemendiaren 4an Bilbon

Bizkaie! 2023-05-11 08:02   Euskerea berbagai

Herritarron bizigarritasuna dago auzitan eta haregaz batera bardintasuna, justizia eta kohesino soziala.



Bilbon egindako agerraldian, ehundik gora norbanako eta gizarte eragileetako ordezkarik ardurea agertu dabe euskerearen bizibarritzea helburu daben neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzien aurrean. Hor batu dira, besteak beste, abokatu eta juristak, kazetariak, akademikoak, euskalgintzako kideak, sindikatuetako ordezkariak eta askotariko eremuetan ibilten diran pertsonak. Idurre Eskisabel Euskalgintzearen Kontseiluko idazkari nagusiak irakurri dau ondorengo adierazpena:

Gaur Bilbon batu garen norbanako eta erakundeok arduraz bizi dogu behin eta barriro euskerearen bizibarritzea helburu daben neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententziak. Epaitik epaira ardura hori larritzen joaku, ganera, gero eta argiago geratzen dalako kasuan kasuko ebazpenetik haragoko jokera bat dala, oldarraldi judizial bat. Euskerearen normalizazino prozesua trabau eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa. Erasoaldi honen agerpen mediatikoak eta politikoak aspalditik ezagunak badira be, azken boladan gordintzen joan dira, batez be, alor judizialean.

Erandiokoa izan da, momentuz, azken epaia. Uliazpi Fundazinoaren lan-deialdiaren kontrako sententzia, errekurrituta dagoana, erabili dabe hau justifiketako. Soka beretik heldu ziran, besteak beste, Barakaldokoa, Irungo udaltzainen hizkuntza-eskakizunen kontrakoa edota euskerea hizkuntza gatxegia dala baieztatu eban Laudiokoa.

Ez daigun ahaztu Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian –azken epai horreen eragin eremuan–, lau biztanletik hiruk uste dabela euskeraz jakin behar dala administrazinoan lan egiteko, hau da, epaileak hizkuntza-politika egiten dabizela kontsentsu zabalean oinarritutako neurrien eta horretarako eskumena dauen botere legegilearen gainetik.

Alde horretatik, nabarmentzekoa da epai horreek guztiak lotzen dituan haria premisa faltsu bat dala: lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak kontrajartea, izan be, oldarraldi honi erantzunez epaien jomugan izandako langile eta herritarren protestek agirian itxi daben lez alkar osotzen daben eskubideak dira, inola ere ez kontrajarriak.

EAEko Udal Legearen auzia be hor dago. Udaletan ordezkaritzarik ez dauen alderdi batek jarritako helegitearen ondorioz, EAEko Justizia Auzitegiko Administrazinoaren aurreko Auzien Salak legearen konstituzionaltasuna ebazteko eskatu deutso Espainiako Auzitegi Konstituzionalari. Kontuan izan behar da 1982ko Euskerearen Legearena baino adostasun zabalagoagaz onartu zala lege hau eta auzitan dagoana, besteak beste, 6.2 artikulua dala, hain zuzen be, toki-erakundeek euren jarduerak euskeraz egitea ahalbidetzen dauena.

Gaur Bilbon batu garen norbanako eta erakundeok ardura handiz ikusten dogu hau guztia. Arduraz ikusten dogu Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan indartzen dagoan jokera bat dalako eta, aldi berean, Euskal Herritik harago Espainiako eta Frantziako estaduetako beste hizkuntza gitxituen eremuetan be jazoten dalako.

Larritasun honen aurrean mobilizazino soziala ezinbestekoa da. Gizarte eragileoi jagoku desadostasuna kalean erakustea. Bada sasoia urrats bat aurrera egin, euskerearen gaia erdigunean jarri eta alkarregaz eragiteko, izan be, oraintxe bertan auzitegietatik hartzen dabizen erabagien ondorioek atzerapauso handiak eragin leikez urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskerearen bizibarritze prozesuan.

Honenbestez, dei egiten deutsegu euskerearen eta herritar guztien hizkuntza-eskubideen alde dagozan eragile eta norbanakoei zemendiaren 4an Bilbon egingo dogun manifestazinoan parte hartu deien, larria baita bizi doguna, hau da, euskerearen bizibarritze prozesuaz harago milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzitan eta haregaz batera bardintasuna, justizia eta kohesino soziala. Bizikidetzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu