Zer da Euskozenoa?
2023-05-10 09:04 KultureaKulturea astintzen datorren plataforma independentea da.
Nork parte hartzen dau Euskozenoan?
_ El Chivo Peludo: Artista bisuala.
_ Javi Rivero: Sukaldaria.
_ SOS Arrazakeria + Déjà vu: Antzerkia.
_ Aritz De La Hera: Moda diseinatzailea.
_ Frantziskotarrak: Arantzazuko fraideak.
_ Amaia Lejarreta: Artistea.
Etorkizunean plataforma handitzea da helburua, eduki gehigarria eskaini nahi dauen edonori plataformea zabalduz.
Zelan gizarteratzen da Euskozenoa?
Hainbat “artefaktu” erabiliz gizarteratzen da:
_Munduratzeak: euskal nortasunen inguruko hausnarketa kolektiboak dira. Lanabes nagusia entzute aktiboa dogu.
_Berbak: egunerokoan sortzen diran errealidade barriakaz bat etorriz, hizkuntzearen bilakaerea islatu nahi dauen bilduma barria da. Hemen orain arte sortu diran berbetako batzuk:
Amazulo: Umea berbagai, beti amagaz egon nahi dauena.
Jaun ta jaube: Zeozeren eta bateren baten ganean erabateko nagusitasuna edo aginpidea dauen persona edo gauzea.
Inshallabedi: Gogo edo desira baten aurrean adostasuna konfirmetako.
Lesbiama: Lesbiana/bisexuala, ama, emakume eta euskalduna izatearen intersekzinoan bizi dan personea.
_Gorpuzteak: euskal kulturan protagonista barriak irudikatzeko interpretazino sortzaileak dira. Munduratzeetan azaleratutako gogoetak izan daitekez honeen abiapuntu, edo ez.
Javi Rivero Tolosako AMA jatetxeko kozineruak proponidutako gorpuzteagaz batera aurkeztu da plataformea. Diasporearen inguruan egindako lanketa baten ondoren, argazki berezi bategaz irudikatu nahi izan dau bere Euskozenoa, Euskal Herriko aniztasuna islatzen dauen mahai-inguru bat.
2022ko abenduan diasporako euskaldun* talde bategaz egindako saio haretan, hausnarketa kolektibo batean, galdera honeen inguruan lan egin zan:
_ Kanpoan bizitean zelan esperimentetan dot nik euskalduntasuna*?
_ Euskaldunok* etorkizunik ba al dogu komunidade bezela? Zelakoa ete?
Bideoa eta informazinoa hemen.
Hurrengo gorpuzteen artean, SOS Arrazakeria eta Dèjavú antzerki taldeak sortutako antzezlana edota Amaia Lejarreta artistaren eta Janire Etxaberen jantzari bertikalaren arteko lkarlanak topauko ditugu. Euren lanaren barri izateko adi euskozenoaren sareei.
Hemen gatoz Euskozenoaren bidean,
nor garen bir-pentsatu nahi dugunak,
zer izan nahi dugun irudikatzera gatozenak.
Gu gara zati ez osoak, etorriak,
joandakoak eta aldatutakoak.
Hemengoak. Hangoak.
Gu gara betikoak eta berriak.
Zurruntasun estutik
etorkizun malguak nahi ditugunak,
identitate fluidoak besarkatzeko.
Gris aspergarritik atera,
koloreetan amets egiteko.
Konplexurik gabe gure forma berria maitatzeko.
Gure izate berritik sortzeko.
Gu berriz jaiotzeko.
Euskozenoa eraikitzeko.
Guzti hau Euskozenoak izan nahi dauenaren hasierea besterik ez da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!