Kontakizun bizi-biziak 2022ko Azkue Literatura sarietan
2023-05-05 13:34 KultureaDanetara, 463 lan aurkeztu dira.
2022ko Resurrección María Azkue Literatura sariak emon ditue gaur Euskaltzaindiaren egoitzan. Ekitaldian, besteak beste, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Koldo Bilbao BBKren Kultura arloko arduradunak parte hartu dabe.
Urtero lez, Andres Urrutiak irabazleak zoriondu ditu eta eskatu deutse zaletasunari eusteko, euskerearen eta literaturearen mesedetan: Jarraitu literaturearen aukerak jorratzen, gogoz eta pasinoz, jarraitu euskerearen baliabide literario eta linguistikoak erabilten zuen formazino-prozesuan eta, zelan ez, ekin eta jarrai euskerearen erabilerea sustatzen.
BBK-ko Koldo Bilbaok be izan ditu berba batzuk sarituentzat: Kultura-produkzinoa eta, bereziki, euskerazko sorkuntzea sustatzea da BBK-ren apustu indartsuetako bat eta sari honeek arlo horretan egiten dogun guztiaren adibide dira. Horregaitik, jarraituko dogu Euskaltzaindiagaz alkarlanean, orain hiru hamarkada baino gehiagotik egiten gabizen bezela.
Akademiak eta BBK-k 1991tik atontzen dituen sari honeek idazle gazteak literatura mundura erakartea dabe helburu nagusi. Genero bi saritzen dira Azkue sarietan, narrazinoa eta poesia. Genero bakotxak bi maila ditu: A mailea (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B mailea (14 eta 17 urte bitartekoentzat).
Urtero legez, aurten be literatura eremuko persona adituak egon dira epaimahaian, Euskaltzaindiak izentautakoak:
A mailan: Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni.
B mailan: Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta.
Epaileen eretxiz, maila handiko lanak aurkeztu dira 2022an eta azpimarratu dabe idatzien heldutasuna eta kontakizunen bizitasuna.
A Mailan
Narrazinoaren arloan:
Lehen saria: Hotza. Egilea: Noa Martínez (Aniturri BHI, Agurain – Araba).
Bigarren saria: Martinen istorioak. Egilea: Lur Martin (Haurtzaro ikastola, Oiartzun-Gipuzkoa).
Hirugarren saria: Munduari begira. Egilea: Lorea Arruabarrena (Haurtzaro ikastola, Oiartzun - Gipuzkoa).
Olerkiaren arloan:
Lehen saria: Bera da. Egilea: Leire García de Vicuña (Lautada ikastola, Agurain - Araba).
Bigarren saria: Zergatik?. Egilea: Manex Arabolaza (Haurtzaro ikastola, Oiartzun - Gipuzkoa).
Hirugarren saria: Hildakoak. Egilea: Iraia Arabolaza (Haurtzaro ikastola, Oiartzun – Gipuzkoa).
B Mailan:
Narraziboaren arloan:
Lehen saria: Haitzuloaren ale gorria. Egilea: Nahia Iturbe (Laskorain ikastola, Tolosa – Gipuzkoa).
Bigarren saria: Erorketa askean. Egilea: Eneko García (Jose Maria Iparragirre BHI, Urretxu – Gipuzkoa).
Hirugarren saria: Ohiko goiz bat. Egilea: Unai Mendizabal (Beasain BHI, Beasain - Gipuzkoa).
Aitamen berezia: (Min) Malko. Egilea: Kattin Madariaga (Toki Ona BHI, Bera – Nafarroa).
Olerkiaren arloa:
Lehen saria: Denboraren txotxongilo omen gara. Egilea: Iraide Mitxelena (Pasaia Lezo lizeoa, Pasai Donibane – Gipuzkoa).
Bigarren saria: Glurp, glurp. Egilea: Beñat Mateos (Orixe BHI, Baiona - Lapurdi).
Hirugarren saria: Ura eta kalima. Egilea: Aiala Garabieta (Lauro ikastola, Loiu - Bizkaia).
Harrobi emonkorra
Resurrección María Azkue saria, berez, 1975ean sortu eban Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saio modalidadeetan eta 1990 arte iraun eban. Urte hareetan ez zan gaztetxoentzako saria izan, helduentzakoa baino eta gaur egun oso ezagunak ditugun hainbat idazle eta ikertzailek jaso eben saria. Beste horrenbeste jazo da 1991tik aurrera atondutako sariakaz be; egun ezagunak diran Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi edo Urtzi Urrutikoetxea idazle, bertsolari eta kazetariek eskuratu izan dabe saria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!