Euskerazko streaming plataforma sendo baten beharra aldarrikatu dabe
2023-05-05 11:18 Euskerea berbagaiAzken urteotan sano aldatu da ikus-entzunezkoen edukiak konsumiduteko modua.
Ikus-entzunezko alorreko adituek, Euskaltzaindiak eta Iruñeko Komunikabideak Fundazinoak alkarlanean atondutako jardunaldian nabarmendu dabe azken urteotan sano aldatu dala ikus-entzunezkoen edukiak konsumiduteko modua eta streaming plataformak nagusi bihurtu dirala konsumoan zein produkzinoan. Hizkuntza gitxituek leku gitxi dabe eskaintza horretan eta hari horri tiraka, eredu barrian euskerearen egoerea zirriborratu dabe.
Etorkizunari begira jarri dira hizlariak, Espainiako Ikus-entzunezkoei buruzko Lege barria izan dabe berbagai, Kataluniako ereduari begira jarri dira, euskal hiztun-komunidadeagaz izan leikezan parekotasunak azaleratzeko eta aurrerantzean ezarri beharreko jarraibideak aztertu ditue.
Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Jagon saileko Sustapen batzordeko buruak eta Enrike Diez de Ulzurrun Iruñeko Komunikabideak Fundazinoko buruak egin deutse ondoetorria parte-hartzaileei.
Euskal Herri osoan badago kezka handia, euskereak pantailetan izan dauen erreferentzialtasuna lausotzen doalako. Hori aztertzeko gagoz hemen, adierazo dau Alemanek. Jon Artatxo Aurtenetxe Ibaia Produktore Independenteen Alkarteko zuzendariak Europako arautegia eta joan dan urtean onartutako Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorra izan ditu berbagai. Artatxok adierazo dau lege horrek euskerearen etorkizunean eta berreskurapenean izango dauen eragina handia izango dala. Ganera, esan dau Hizkuntza Gitxituen Europako Gutunak uste baino inportntzia handiagoa dauela euskerea komunikabideetan defendiduteko, betebehar batzuk ezartzen baititu. Artatxoren ustez, garrantzitsua da arau horereei guztiei jarraipena egitea.
Bestetik, Euskerazko ikus-entzunezkoen erronka nagusiak aztertu ditue Alex Aginagaldek (Pantailak euskeraz) eta Urtzi Urkizu Berria-ko kazetariak. Euskerazko streaming plataforma sendo bat sortzea eskatu dau Aginagaldek: Beharrezkoa da euskeraz sortutako eta euskerara ekarritako nazinoarteko edukiak batzen dituan plataforma bat, euskaldunon komunidadearen streaming plataforma nagusia bihurtuko dana”. Urkizuk ikus-entzunezkoen arloko estrategia eraginkor baten hutsunea ikusten dau euskerearen kasuan, erakunde publikoek bultzatu beharko leukien estrategia eraginkor baten faltea, hain zuzen be. Kazetariaren eretxiz, irailean EiTBk sortuko dauen Primeran plataformea oso garrantzitsua izan daiteke euskerarako; ondoren etorriko dira umeentzako Makusi eta audioen Guau. Probetxuzko plataformak izango dira, esangura askotan, gaineratu dau.
Kataluniako eredua
Kataluniako eredua ezagutzeko aukerea izan da ondoren. Jaume Ripoll Vaquerrek Filmin.cat plataformearen esperientzia azaldu dau bideo-testigantza batean. Streaming plataforma horretan katalanez ikus daitekez milaka pelikula, serie eta dokumental, katalanez eginak, bikoiztuak edo azpititulatuak.
ICEC Kataluniako Kultura Enpresen Institutuko hizkuntza politikaz egin dau berba Francico Vargas presidenteak: Hizkuntza ikuspegia dogu, katalana ez baitago beste hizkuntzakaz
parekotasunean.
Euskerazko streaming plataformea
Unai Iparragirre EiTBko zuzendariak Primeran euskerazko streaming plataforma barria aurkeztu dau. Estrainekoz, plataformea ezagutzera emoteko egindakon iragarkia ikusteko aukerea izan da. Iparragirrek beharrezkoa ikusten dau eragile, proiektu eta produktoreen arteko sarea sortzea: Gaur egun, herri batek ez dau etorkizunik tokiko produkzino barik. Primeran Euskal Herriaren ikus-entzunezkoen kontakizuna izatea nahi dogu, anitza izatea, horregaitik da beharrezkoa alkarlana.
Gaizka Arangurenek (NAPAR) gogoratu dau Euskal Herri mailako ikuspegia ez dala inoiz galdu behar: Euskaldunon masa kritikoa ez da handia; euskal edukietara joateko leihoa izan beharko litzateke streaming plataforma hori. Plataforma horretan hizkuntzen tratamendua zein izan beharko litzatekeen zehaztu dabe.
Bikoizketaren garrantzia nabarmendu dau BIEUSE alkarteko Xabier Alkizak: Kalidadeko bikoizketea sustatzea behar-beharrezkoa da. Ondoren, Kanaldude-ko Eki Pagoagak gaineratu dauenez, gu biziki sensible gara edukien ikuspegiagaz, baita bikoizketa eta euskalkien erabilereagaz be. Badira standar batzuk eta horreek aldatzeko egin behar da lan.
Azkenik, Iban Arantzabal (TOKIKOM) edukien garrantziaz egin dau berba: Beharbada ahaztuten jaku sare sozialek zabalkunderako balio dabela; benetako burrukea edukietan dago. Katalanek daben politika ausartearen antzerako zeozer beharko geunke, hutsune hori ikuste dot gurean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!