Kirmen Uribek irabazi dau Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanidadeak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria

Bizkaie! 2023-05-05 08:42   Kulturea

Euskal literaturearen barritzaile nagusietako bat da XXI. mendean.

Nazinoartean izandako sormen lan bikainari esker, Kirmen Uribek curriculum nabarmenena irabazi dau. Euskerearen eta euskal kulturearen enbajadore nagusietako bat da eta 70eko hamarkadako belaunaldiaren erreferentea. Epaimahaiak azpimarratu duenez: Gure hizkuntzea, balioak eta bizimoduak gure mugetatik harago zabaltzea lortzen dauen diplomaziaren adierazgarri dira haren lana eta nortasuna. Eta umiltasuna, naturaltasun eta sortzeko independentzia ardatz hartuta, idazlea kapaz da dimensinorik intimoena eta kultura-komunidade lez munduaren aurrean dogun presentziaren inguruko hausnarketa existentzialistea buztartzeko. Haren lanak izakera humanistea eta edegia dau eta bertan kontzientzia globala eta etikoa atzemoten dira, esangura kritikoa eta ezbardinen arteko alkarrizketearen alde egiten dau. Ganera, epaimahaiak nabarmendu dau geuretik idazten dauela eta bere mundu-ikuskera guztiz euskalduna dala. Azpimarratzekoa da bizikidetzearen eta bardintasunaren alde egiten dauen lana.

Haren lanak hogeiren bat hizkuntzatara itzuli ditue. Ondarroarraren ospea Txina edo Japoniaraino heldu da eta plazaratu dituan eleberriak urteko onenen artean dagoz herrialde horreetan. Beste genero batzuk be landu ditu, besteak beste, poesia, saiakerea, ume eta gazte literaturea, musikea zein arte plastikoak.

Gaur egun AEBetan bizi da. Irakasle dabil zenbait unibersidadetan, errezitalak eskaintzen ditu eta nazinoarte mailako literatura-aldizkarietan argitaratzen ditu bere lanak, besteak beste, The New Yorker eta The Paris Review aldizkarietan. Iowako unibersidadeak nazinoarteko idazleentzat dauen IWP (International Writing Program) programarako hautatu eben 2017an eta 2018an, barriz, New Yorkeko Liburutegi Publikoaren Cullman beka ospetsua eskuratu eban.

Sari ugari jaso dutu: Kritikearen Saria (2002an, 2009an eta 2016an), Espainiako Literatura Sari Nazionala (2009), 111 Akademiaren saria (2016) eta Bitartean heldu eskutik poema-liburua finalista izan zan Estatu Batuetan argitaratutako poesia-itzulpen onenaren sarian, 2007an.

Beste alde batetik, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte saria oraintsu iragarri eben eta eta Beñat Garaio Mendizabal arabarrari emongo deutse.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu