‘Talentuaren gunea’ sortu da ikus-entzunezkoak bultzatzeko
2023-05-04 12:49 ZinemeaHelburua da industrian lehen urratsak emoten dituen produktoreei topagune bat eskaintzea.
Ikus-entzunezko sektorean sortzen dabizen euskal ahots barriei bultzadea emateko sortu da Talentuaren gunea, Zineuskadiren eta Basque Audiovisual euskal ikus-entzunezkoen sektorearen nazinoartekotzearen atzean dagoan marka komertzialaren eskutik. Bihar, maiatzak 5, Tabakalerako 2DEO aretoan (Donostia) egingo dan topaketa barritzaile honen helburua industrian lehen urratsak emoten dituen produktoreei topagune bat eskaintzea da. Horretarako, pitching saioak egingo dira, atontzaileek aukeratutako 17 proiektuak ezagutarazoteko.
Lehen edizinoaren deialdiak harrera bikaina izan dau, 30 proiektu jaso dira: 7 film luze, 16 film labur eta 7 telesail. Elías Querejeta Zine Eskolea, Noka, Euskal Herriko Zine Eskolea, ESCIVI, UPV/EHU eta Digipen erakundeetatik jasotako proposamenek fikzinoa, dokumentala eta animazinoa lako generoak jorratzen ditue.
Azpimarratzekoa eta eskertzekoa da ekitaldira joango dirala baieztatu daben produktore eta banatzaile ugarien harrera bikaina, baita Irusoin, Pausoka, Katz Estudio eta Uniko lako etxeak eta Atera, Barton eta Vitrine lako banatzaile nabarmenak be.
Balorazino Batzordeak 17 proiektu hautatu ditu eta horreek euskal ikus-entzunezkoen sektoreko hainbat produktore eta profesionalen aurrean aurkeztuko dira. Film laburren arloan aukeratutako lanak ondorengoak dira: Alejandro Aguirreren eta Ibon Goitiaren Call Centre (ECPV); Iztzel Sorzabalbereren eta Alexia Txoperenaren El Intruso (ESCIVI); Aitana del Olmoren Proyecto Mariposa (ESCIVI); Gonzalo Benitoren Maketos (ESCIVI); Martxel Larrazaren Soinua (UPV/EHU); Naia Fernández Regoren Erdi(bi)tu (UPV/EHU) eta Victoria Ladrón de Guevararen eta Josué Martínezen Xoxoa osoa (UPV/EHU).
Era berean, film luzeen eta telesailen atalean parte hartuko daben proiektuak ondokoak dira: Karen Plataren El diablo fuma (EQZE); Mikele Landaren Senda (EQZE); Daniel Saucedoren eta Lucía Malandroren La isla sumergida (EQZE); Teresa Ochagaviaren S. XXI (ECPV); Joana Moyaren Hierro (Noka) eta Ander Elorduiren Lauxeta (UPV/EHU). Azkenik, Pablo Río, Bruno Santoro, Leyre Zapata eta Aitor Olanoren Funnie Fantasies (Digipen); Noa Murilloren La ciudad de las tinieblas (ESCIVI); Unax Caballeron La pandilla del bosque (ESCIVI) eta Jon Baztarrikaren Racermind (ESCIVI) dira animazinoaren atalean aukeratutako lanak.
Talentuaren Gunean parte hartzeko lehen deialdi honek izandako harrera bikaina nabarmendu dabe Zineuskadik eta Basque Audiovisual ekimenek eta jasotako proiektuen maila handia be jakinarazo dabe, euskal ikus-entzunezkoen sektoreak bizi dauen momentu bikainaren isla baitira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!