Bibiñe Pujana: 'Artistea zan, talentu handiko gizona'
2023-05-05 07:45 BarriketanFermin Pujanaren arrebea.
Zeanurin errotarik errota, Fermin Pujana gogoratuz, maiatzaren 7an izango da Zeanuriko Erroten XVI. Ibilaldia Joko Alai Alkarteak atondutakoaren aurretik. Aurten oinezko ibilaldi honek hamaseigarren edizinoa beteko dau eta urtero Olabarriko errotea erakusten egoten izan dan Fermin Pujana gogoan izango dabe parte-hartzaileek 2022ko abuztuan hil zan eta. Atontzaileek urtekeran gomuta-omenaldia egingo deutse Fermin Olabarrikoak edizino guztietan emondako laguntza eta parte hartzea eskertzeko.
Kontuak kontu, Ferminen aita Benignok erosi egin eban errotea 1945. urtean eta Zeanuriko azken errotari profesionalaren heriotzearen ondoren, 1995ean Ferminek indar eta pasino handiz ekin eutson aitak itxitakoari. Eraikina bera zaharbarriztuten eta beharrerako tresna eta makinak konpontzen eta holakoetan makinatxu bat ordu emon zituan.
Horreek gorabeherak kontetako eskatu deutsagu Fermin Pujanaren arrebeari eta gustora emon deuskuz azalpen guztiak.
1.- Fermin Pujanak zehaztasun handiz egin dau behar azken urteotan Olabarriko errotea barriztuten eta erroten ibilaldian bertara hurreratzen ziran guztiei erakusten. Nor izan zan zuretzako Fermin?
Nire nebeaz gan, Olabarri errotearen eta Ferminen lanaren jarraitzaile sutsua naz. Fermin izan da erroteari eutsi deutsona, jausteko arriskuan egoan eta behetik gora edo goitik behera errotea barriztau eban, dana egin eban berak eta barruko tresneria guztia be berak konpondu eta handik eta hemendik lortu izan dau, pieza asko eskuz be egin izan zituan.
2.- Ferminen aita Benignok erosi egin eban errotea 1945. urtean eta Zeanuriko azken errotari profesionalaren heriotzearen ondoren, gogor ekin eutson beharrari Ferminek. Zelako beharrak egiten zituan?
Ez zan errotaria, maestria ikasi eban baina aparteko doea eukan, artistea zan, hargina, arotza, errementaria, arlo danatan sartzen zan, talentu handiko gizona. Guretzat izan da dana, zeozer apurtzen zanean Ferminek konpontzen eban, baita arazo elektrikoak zein bestelako gorabeherak, artistea zan.
3.- Pasinoa, indarra behar da errotea barriztau, maketak egin eta jenteari erakusteko...
Ferminek errotea maite eban eta horrek ekarren guztia. Maketan saltsan be sartu zan, ola, egurra eta hor etorri zan errotearen izena be Olabarri; errotearen maketea sekulakoa da, ura dakarren errekea, funtzionamentua eta horreek danak aizta Ana Marik eta neuk erakusten deutsaguz bisitariei. Oso interesgarria da errotearen funtzionamentua, harriak ikustea be ederra da, zereala, artoa eihoteko prozesua eta holakoak. Ikastetxeetatik be etorten dira umeak eta oso gustora ibilten dira batera-bestera.
Aurtengo bisitarako bideoa be egin dau Ferminen semeak eta hor ikusiko da beste maketa bat, sekulakoa.
Ganerakoan, igaz biziena diagnostikau eutsen Fermini buruan edo eta ez egoan ebaketea egiterik. Makalik egoan arren Ibilaldiaren egunean etorri egin zan errotara eta azalpentxu batzuk emon zituan.
4.- Ibilbidean zehar bederatzi errotaren ondotik igaroko dira ibiltariak eta hirutan (Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin) sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe. Errotabarriko errotearen ganean zer nabarmenduko zeunke?
Otzerinmendiko kofradian dago. 1785ean eregi eben. Zeanuriko errotarik barriena da. Hiru harri ditu. Errota honetan, presea eta anteparea lotuta dagoz konporta baten bidez.
Errotabarrin errotapetik kaltze bat dago urak errekara bideratzeko. 1975eko apirilean itxi eutson lan egiteari eta azken errotaria Andres Aldekoa Ane izan zan. 2015ean guztiz zaharbarriztau eban Errotabarri Manterola familiak.
5.- Eta Ipiñaburuko kofradian dagoan Ibargutxiko errotea edo burdinolea be ez dogu ahaztuko...
XIX. gizaldian burdinolea izan zan. Gaur egun harri bi badaukaz be, hiru harrigaz egin eban behar. Hirugarren harriak 1950erantz itxi eutson lan egiteari. 1945ean errotearen azpiko aldean turbina bat eta generadore bat jarriz argindarra produziduten hasi ziran Ibargutxin eta 1978ra arte Altzua, Ipiñaburu eta Undurragako baserri batzuetara saltzen eben elektrizidadea. Ibargutxiko errotearen instalazinoak barriztauta dagoz. Azken errotaria Gabriel Larrazabal izan zan eta bere heriotzearen ostean, urte batzuetan, Satur semeak jarraitu eban ingurukoentzat ehoten. 2019an Pedro Elexpek erosi eban errotea eta bera da gaur egungo jaubea.
6.- Olabarriko errotea ondo ezagutzen dozu. Zergaitik maite dozu?
Zelan ez dot maiteko. Ibarguen kofradian dago kokatuta, Arratia errekearen ertzean. Jatorriz burdinolea izan zan eta Zeanuriko patronoa zan Arriola familiaren jaubetzea; holan azaltzen da aitatuta XVI. gizaldiko dokumentazinoan. XIX. gizaldiaren bigarren zatian burdinolea errota bihurtu zan.
Pujanatarren aurretik Manterola familiak erabili eban, 1898ko zemendiaren 30ean, San Andres egunean,
Isidro Pujana (Ferminen aitita) errentari moduan, errotearen kargu egin zan arte.
XX. gizaldiaren erdirantz Benigno Pujanak (Ferminen aitak) errotea erosi eutsen Arriolatarrei. Benignok errotari lanetan jardun eban 1995eko urri bigarrenaren 11n hil zan arte. Bera izan zan Zeanuriko azken errotari profesionala.
Aitaren heriotzearen ostean, Fermin semeak errotearen konponketa lanei heldu eutsen, piezaz pieza
desmontau eta barriro montau, goitik behera barriztauta itxi arte.
6.- XIX. mendearen amaieran, Zeanurin 18 errota eta sei burdinola egozan. Horreetako bederatzi edo dira albotik ibilaldia egiten dabenek ezagutuko dituenak...
Domekan, maiatzaren 7an, Fermini egingo deutsagun omenaldiaren ondoren, Altziber eta Errotabarri erroten ondotik (azken hau 2015ean zaharbarriztau eben Manterolatarrek) eta sartu-urtena egin ahal izango da; Undurragako urtegiaren ertzetik egingo dabe aurrera eta horretarako, 2019an zabaldu zan bidea (200 metroko egurrezko pasarelea) jarraituko dabe.
Urtegia atzean itxita, Barrengoerrotea topauko dabe, Beretxikorta errekatxoaren ertzean. Agarre izeneko baserriaren ingurutik aurrera eginez, Undurraga auzunera bajauko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeko; hemen, ateak zabalik izango dira eta gura dabenek kuku bat egin eta errotea lanean ikusi ahal izango dabe. Ibargutxitik Lanbreabeko errotara eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutse bideari; presatik 100 metrora Akiberren, indarra hartzeko jan-edana emongo da. Aurrerantzean, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ingurutik igaro ostean, azken kilometroa beteten hasiko dira; helmugea baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errotea azalduko da, Olabarrikoa (Pujana familiak guztiz zaharbarriztauta) eta sartu-urtena egiteko aukerea izango da, Zeanuriko plazara heldu eta ibilaldiari amaierea emon aurretik.
Fermin Pujana eta Olabarriko errotea
2006an Joko Alai Alkartea eta Ipizki Taldea Zeanuriko Erroten Ibilaldia atontzen hasi ziranetik, Fermin beti
prest azaldu zan laguntzeko eta egun horretan errotea erakutsi eta martxan jarteko.
Datorren domekan, maiatzaren 7an, Zeanuriko Erroten XVI. Ibilaldia egiten dan egunean, atontzaileek
Fermin omendu eta eskertuko dabe urte honeetan guztietan emondako laguntzeagaitik eta erroten
ondarea berreskuratzen eta ezagutzera emoten egindako lanagaitik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!