Erandioko sententziak herritarren eskubideak eta udalen eskumenak kaltetzen ditu

Bizkaie! 2023-05-03 08:19   Euskerea berbagai

Maiatzaren 10ean agerraldia egingo dabe esku-hartze judizialei desadostasuna agertzeko.

Bilboko Administrazinoaren aurreko Auzien 1 zenbakiko epaitegiak Erandioko Udaleko udaltzain baten hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun datea atzera bota dau. Udaltzainak helegitea jarri eutson Udalari bere lanpostuak B2 mailearen derrigortasuna atzera botateko asmoz. Eskatutakoa lortu ez ebanez, auzitara jo eta epaileak lanpostuaren derrigortasun-datea ezabatzea erabagi dau. Euskalgintzearen Kontseiluak euskerearen normalizazinoaren kontrako oldarraldi judizialaren barruan kokatu dau epaia.

Sententziak errekurriduta dagoan Uliazpi Fundazinoaren lan-deialdiaren kontrako epaia darabil argudiotzat, erabat aplikagarria dala adierazoz, nahiz eta oraingoan ez daben lan deialdi baten kontra egin, zuzenean Erandioko udaltzaingoko lanpostuen ezaugarrien kontra egin dabe, izan be, 2007an iraungitako euskerearen nahitaezkotasuna eban lanpostuak. Halan da be, sententzian argudiatzen da, 14 urtez lanpostuan izandako langileak euskera ikastaroak egin dituan arren, gitxieneko eskakizunik ez dauela beteten ezagutza frogatuta daben ganerako hautagaiakaz. Holan, langile publikoaren nahitaezko euskera-eskakizuna ezabatu dauen epaiak herritarren eskubideetan izan leiken eragin negatiboaz ohartarazo dau Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak: Udaltzaingoak herritarrei zuzeneko zerbitzua emoten deutsela kontuan harturik, lanpostu horreei derrigortasun-datea kentzeak sano baldintzatzen dau herritarrek udaltzainakaz hartu-emonak euskeraz izateko daben eskubidea, herritarren segurtasuna bera be kaltetu eta baldintzatu leikielarik.

Epai honetan beste behin, agente guztiek euskerearen gitxieneko ezagutzea izatea jarten da ezbaian eta, beraz, herritarrei edozein agentek emon behar deutson zerbitzuaren ezaugarrietan oinarritu beharrean, hautagaiek egun daben ezaugarrien araberako lan-postuak diseinau nahi dira epaitegietan.

Ganera, Kontseiluko kideak ondokoa adierazo dau: Epaia ez dala isolatua, azken boladan epaitegietatik datorren jokera baten beste katebegi bat baino. Oraingoan, udalek langile publikoei euskerearen ezagutzea eskatzeko daben eskumena izan dabe auzitegiek jopuntuan. Udalek hizkuntza-politikea egiteko daben eskumenaren kontra jo dabe, hain zuzen be.

Eskisabelek zehaztu dauenez, ikusten gagoz epaitegietatik behin eta barriro datozela euskaldunon eskubideak urratzea errazagoa izatea ahalbidetuko daben epaiak. Egun indarreko legeriak hizkuntza eskubideak bermatzeko aukerak epaien bidez zarratzen dabiz auzitegiak, hau da, auzitegiak hizkuntza-politiketan eragile aktibo bihurtu dira. Holako epaiak euskerearen normalizazino eta bizibarritze-prozesuan oztopoak besterik ez dira. Ez da bidezkoa euskeraz biziteko ahalegina auzitegiek amostu nahi izatea, ez da  bidezkoa, ezta zilegia be esan dau Kontseiluko bozeroaleak.

Amaitzeko, idazkari nagusiak aurreratu dau Kontseilua Erandioko Udalagaz hartu-emonetan jarriko dala, helegitea jarteko babesa emoteaz gan, laguntzailekide jarduteko prestutasuna agertuko deutsagu.

Agerraldia maiatzaren 10ean

Euskalgintzearen Kontseiluak, bere bazkideakaz eta beste hainbat eragilegaz batera, agerraldia egingo dabe maiatzaren 10ean Bilbon, goizeko 11:00etan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, herritarren eskubideak murrizten dabizen esku-hartze judizialei desadostasuna agertzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu