'Traditions & Tradizinoak', jazzaren eta euskal folkaren arteko topaketea Getxon
2023-05-02 08:54 MusikeaZapatuan, maiatzaren 6an, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan izango da.
Manhattaneko jazz beroaren eta benetako euskal folklorearen arteko topaketea 20:30ean hasiko da eta sarrerak 5 euroan dagoz salgai (txarteldegian, ekitaldiaren egunean, 17:30etik aurrera).
Joshua Edelman pianistea eta Xabi Arakama trikitilaria (ahotsa eta panderoa dira proiektu honetan buru. Zubi kulturalen, loturen, lagunen, familiaren, inprobisazinoaren, joan-etorriko bidaien, gomuta eta etorkizunaren historia kontetan dogu ikuskizunean dino Edelmanek. Birako kantuetako bat, Jai Alai bat Bank Streeten, proiektu honen motorra izan zan eta bere umezaroko Village ederreko istorio batean dago inspirauta.
Kontuak kontu, Getxon laukote moduan ikusiko doguz, Imanol Intxausti (trikitixa eta panderoa) eta Erik Surmenian (kontrabaxua) lagun dituela.
Beste alde batetik, Andres Isasi Musika Eskoleak, gainera, beste errezitaldi batzuk atondu ditu datozen egunetarako. Eguenean, hilak 4, Areetan, 17:15ean, Janire de Paz Rivasen (tronpajolea) eta Marta Díazen (pianistea) txandea izango da.
Barikuan, hilaren 5ean, Areetan, Trio Codix hirukotearen (flauta, bibolin eta biola) kontzertua izango da eta 19:00retan, Muxikebarrin (Areeta aretoan), Gijongo Musika eta Jantza Profesionaleko Hari Orkestrea eta Getxoko Andrés Isasi Musika Eskolako Hari Orkestrea taldeen kontzertuak izango dira.
Hiru kontzertuetarako sarrerea doban da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!