UPV/EHUk 'EGEO (Euskal Gramatikea: Egiturak eta Osogaiak)' sareratu dau
2023-04-27 12:27 KultureaPatxi Goenaga euskaltzain oso eta UPV/EHUko katedradun ohiaren lana da.
Gaur, Bizkaia Aretoan, Euskal Herriko Unibersidadeak EGEO (Euskal Gramatikea: Egiturak eta Osogaiak) aurkeztu dau; hizkuntzea deskribidu arren, arazo teorikoak baztertzen ez diruan gramatika lana da. Aurkezpenean egon dira: Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea; Patxi Goenaga, euskaltzain osoa eta lanaren egilea; Itziar San Martin, Euskera Institutuko zuzendaria; Miren Azkarate, euskaltzain osoa eta Euskara Institutuko zuzendari ohia; eta Beatriz Fernandez, UPV/EHUko ikertzaile eta gramatikearen editorea.
Gaurtik aurrera, gramatika hori, karrera akademiko baten laburpena unibersidade publikoaren Euskera Institutuaren webgunean egongo da eskuragarri. Proiektu honetako babesleak Euskera Institutua, Zientzia eta Barrikuntza Ministerioa eta Eusko Jaurlaritzea izan dira.
Gramatika lanaren aurkezpenean, Eva Ferreirak, Unibersidadeko errektoreak, ondokoa esan dau: Lehenengo eta behin, eskerrak emon nahi deutsadaz Patxi Goenaga irakasleari obra honetan egin dauen lan bikainagaitik, eskerrak, zeregin horretan lagundu deutseen persona guztiei eta Euskera Institutuari be ekimen honen alde egiteagaitik. Hemendik aurrera, EGEO interesa dabenn lagun guztien eskura egongo da. Gramatika honek berebiziko garrantzia dau euskal gramatika ikasketen barruan eta barriro be Euskal Herriko Unibersidadeak euskereagaz eta euskal kultureagaz hartutako konpromisoaren beste pausu bat da. Euskerea indartzeko eta garatzeko gure unibersidadea ez dago bakarrik baina, duda barike, erakunde erabagigarrienetako bat da eta jarraituko dau izaten etorkizunean be.
Ezaugarri teknikoak eta nori zuzendua
Goenagaren jardun akademikoaren hasieratik egon da arazo teorikoen inguruko ardurea eta, beraz, hizkuntzea deskribiduteaz gan, han eta hemen gogoeta teorikoa egiten dau Goenagak. Osogaiak deskribidu nahi dituan gramatikea da EGEO eta osogai horreek dira gramatika honen kapituluei izena emoten deutsenak. EGEOk perpaus lokabe eta bakunari buruzko hamar kapitulu ditu: 1) Perpausea; 2) Izena eta izen sintagmea; 3) Adjektiboa eta adjektibo sintagmea; 4) Zenbatzailea eta zenbatzaile sintagmea; 5) Determinatzailea eta determinatzaile sintagmea; 6) Izen predikatua; 7) Egiturazko kasuak; 8) Aposizinoak; 9) Aditza eta aditz sintagmea; eta 10) Aditz Inflexinoa.
Lan honen dimensinoari jagokonez, papelera ekarriko bageunke, liburu batean A4ko tamainako orrialde batera, 12 puntuko letreagaz, 500 orrialde inguru izango leukez EGEO gramatikeak.
EGEO Gramatikea lagungarria izango da euskal gramatikan trebatzen hasiak diran unibersidadeko ikasleentzat. Eta unibersidadeko ikasle horreek belaunaldi barrietakoak diranez, Z belaunaldikoak (1995–2000) eta ostekoak, hau da, teknologia digitala, interneta eta sare sozialak oso umetatik ezagutzen dituenez, EGEO eskura izatea eskuko telefonoan (edo bestelako gailuetan), eurengana hurreratzeko estrategia aproposa dalakoan gagoz. Beste alde batetik, gramatikagintzan eskarmentua daben hizkuntzalariek irakasteko lanabes lez erabili leikie EGEO edo beste barik Goenagagaz tarteka sintaxiari buruzko alkarrizketa bat izateko.
EGEO da Sareko Euskal Gramatikea (SEG)-gaz batera sarean dagozan euskal gramatika bietako bat eta biak argitaratu dira UPV/EHUko Euskera Institutuaren babespean. Itziar Lakaren Basque Grammar be badago, ingelesezkoa, Euskera Institutuaren webgunean eskura hau be.
Patxi Goenaga da EGEO gramatikearen egilea, euskal gramatikagintza modernoan, ezinbesteko erreferentea izandako hizkuntzalaria. Azpeitiarra, 1948an jaioa, UPV/EHUko Euskal Filologiako Katedraduna jubilau arte; Euskaltzaindiako Euskaltzain Osoa da gaur egun. Gramatika bideetan argitaratu eban hirurogeita hamarreko hamarkadearen amaieran (Erein, 1978) eta gramatika sortzaile, hau da, Noam Chomskyren orduko eredu teoriko barria ekarri eban euskerara eta euskerearen analisira.
Ordutik, gramatika proiektu handi batean baino gehiagotan ibili da Goenaga: Euskaltzaindiako Gramatika Batzordearen proiektu guztietan, besteak beste, Euskal Gramatikea: Lehen Urratsak (EGLU) eta Euskerearen Gramatika (2021) izenekoetan; bestetik, Sareko Euskal Gramatika (SEG) izenekoaren editorea izan zan Pello Salaburu eta Ibon Sarasolagaz batera.
Beste aldetik, Beatriz Fernández da editorea, hizkuntzalaria, UPV/EHUko Unibersidadeko Irakasle Titularra. Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko buru eta ikertzailea.
Hemendik aurrera, gramatikearen sarbidea libre izango da, euskaldun danen esku egongo da.
UPV/EHUren goiburugaz bat egin dabe egileak zein editoreak EGEOgaz: Emon Ta Zabal Zazu. Inon euskaldunik bada, sarerako sarbidea badau behintzat, EGEO irakurteko aukerea izango dau. EGEOren edizinoa JATS (Journal Article Tag Suite) XMLgaz egina dago, artikulu zientifikoak argitaratzeko erabilten dan edizino estandar bat. Estandar tekniko honi esker, argitaratzen dan edukia aldatu eta ustiatu daiteke. Bestalde, teknologia aldatuz doan neurrian eduki hori gorde egin daiteke.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!