Gautegiz Arteagak 'Herriz Herri Kontzertu Zikloa' hartuko dau

Bizkaie! 2023-04-27 10:19   Musikea

Andra Mari Eleizan izango da kontzertua, maiatzaren 4an, arratsaldeko 19:00retan.

Segundo Olaeta Musika Eskoleak (SOME) atondutako zikloak musikea eta magia buztartzen dituen ikuskizun bereziak eskainiko ditu. Gautegiz Arteagan, kontzertua maiatzaren 4an, eguenean, izango da, arratsaldeko 19:00retan Andra Mari Eleizan.

Gautegiz Arteagak bat egingo dau Herriz Herri kontzertu zikloa izeneko zikloko kontzertu bereziakaz. Segundo Olaeta Musika Eskoleak atondutakoak dira eta zentro hori da Busturialdeko hainbat herritako ikasleei musika ikasketak eskaintzen deutsezana. Kontzertu-ziklo honetan musikea eta magia buztartzen dira eta Musika Eskolako orkestra bik, orkestra txikiak (umeak) eta nagusiak (helduak), ganbera-taldeak eta Julen Magoa izeneko artisteak parte hartuko dabe. Danetara, hogeita hamar bat artista izango dira, ikasleen eta irakasleen artean eta bibolina, biolea, biolontxeloa, zeharkako txirulea eta pianoa joko ditue.

Gautegiz Arteaga herri musikazalea da. Beti animetan doguz geure jaiak musikeagaz eta kontzertuak izaten dira plater nagusienetako bat. Ganera, herritarrek osotutako abesbatza bat daukagu, urtero euren kontzertuakaz harritzen gaituenak, audientzia bikaina izaten dabe. Segundo Olaeta Musika Eskoleak egiten dauen kontzertu-zirkuitu honetan parte hartzeak musikaz gozetako beste aukera bat dakar eta, aldi berean, belaunaldi barriei geure babesa emotea da, esan dau Gautegiz Arteagako alkate Juan Felix Naberanek.

Gautegiz Arteagako Andra Mari Eleizan izango da kontzertua, datorren maiatzaren 4an, eguenean, arratsaldeko 19:00retan. Emonaldiaren ordena hurrengoa izango da; orkestra txiki, gero Julen Magoak bere magia egingo dau pianoa entzuten dan bitartean; ganbera taldea; barriro be Julen Magoa eta azkenik orkestra Nagusia. Abestuko dan azken abestia Adel kantari-konpositorearena izango da eta, gainera, abeslaria bertan izatea pizgarria izango da. Kontzertuak ordubeteko iraupena izango dau eta Sibelius konpositore ospetsuaren eta soinu-banda askotako obrak batzen ditu (Eraztunen jauna, Mary Poppins...). Herriz Herri Kontzertu Zikloa zezeilean hasi zan eta Busturialdeko hainbat udalerritan izango da.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu