'Bajau': lehenengo aldiz Bilbon
2023-04-27 09:23 KultureaGiza eskalan eregitako akuario batean egiten daben antzezlana.
Maiatzaren 7an, Ponten Pie Kataluniako konpainiak pieza hori aurkeztuko dau BBK Salan. Lana 2023ko Max sarietarako izentau dabe, Ume, gazte edo familientzako Ikuskizunik Onena atalean.
Umeentzako (3 urtetik aurrera) ikusizko antzezlana da eta ez dau testurik. Ekintzearen zati batean, protagonistak ur azpian dagoz eta Bilbon astegoien honetan aurkeztuko dabe lana.
Antzerkia publiko guztiei hurreratzeko asmoz, BBK Saleak urteko lehen seihileko honetako arte eszenikoen programazinoan sartu dau Bajau, umeei zuzendutako ikuskizuna (3 urtetik aurrera). Helburua edade goiztiarretatik antzerkiagazko interesa piztea da eta familia osoak alkarregaz gozau ahal izateko kultur plana eskaintzea, adierazo dau Bilboko espazioko arduradunak. Hitzordua maiatzaren 7an izango da, domekan, 18:00etan eta prezio murriztu bakarra izango da: 5 euro sarrerako (gastu gehigarri barik eta jarlekuek zenbakia izango dabe).
Bajau Ponten Pie konpainiaren lanik barriena da. Taldea Sergi Otsek sortu eban 2009an eta 14 urtetan, Europako eta Asiako 25 herrialde baino gehiagotan eskaini ditue obrak. Euren proposamenak alde estetiko eta ikusizko sendoagaitik nabarmentzen dira eta taularatze originalak egiten ditue ikuskizunetan eta makroikuskizunetan eta nazinoarteko hainbat ekitalditako inaugurazino-zeremonietan be.
Bajau obrearen kasuan, izenburua Asia hego-ekialdeko tribu nomada batetik dator. Tribu hori itsasoan biziten ohitu da -baita ur azpian be aldi luzeetan- eta, hain zuzen be, ezusteko handia izango da elementu hori beste protagonistetako bat izango dala. Otsek berak sortu eta zuzendu dau Bajau (Mariona Moyagaz batera eszenografiaz eta showa sortzeaz be arduratu da) eta protagonistak euren nortasunaren bila dabizen anai-arreba bi dira (Natàlia Méndez eta Borja Nietok interpretetan ditue): Gizakia likidoan eratzen bada, zergaitik ez urtetan bizi?, galderea egiten dabe.
Alkarregaz biziko dabe bitarteko horretara egokitzeko eta uretako izaki bihurtzeko fantasia eta ur azpian topauko dabe beren lekua. Holan, eszenografiaren elementu nagusia giza eskalan egindako akuario bat da eta antzezlanean zehar beteten joango da. Ekintzearen zati handi bat akuarioaren barruan izango da. Horrek eszena harrigarriak sortuko ditu, zirkuaren ikutuagaz eta gozagarri egingo jake gazteenei, seguru.
Testurik bako showa ikusizko antzerkia dala dino konpainiak. Lan honi esker, 2023ko Max Sarietarako kategoria bitako finalisten artean egon zan Ponten Pie. Kritikariek antzerki-esperientzia bizi eta poetikoa eta ikusizko fantasia izugarria eta bikaina da zehaztu dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!