Judith Zubia Aranburu, Mattin Urbieta Galarraga, Iñaki Sanz Azkue eta Aitor Garmendia Etxeberria dira sarituak
2023-04-27 08:54 KultureaCAF-Elhuyar sariak Begiratu urrunera goiburuari eutsiz emon dira.
Urrunago ikusi badot, erraldoien sorbalda gainean jesarri nazelako izan da. Hain zuzen be, hori da ezagutza zientifikoaren muina, hau da, hutsetik sortzen dauen jenioaren estereotipoa alde batera itxita, aurrekoek egindakoaren talaiatik aurrera begiratzen dabe ikertzaileek, urrunera, aurkikuntzak egiteko.
Sariketea Elhuyarrek atontzen dau CAF enpreseagaz batera eta NEIKERen babesari esker. Helburua da zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskerazko dibulgazinoa, kazetaritzea eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta autortzea.
Edizino honetan 41 lan jaso dira eta epaimahaikideek lan honeek saritzea erabagi dabe:
- Dibulgazino-artikulu orokorraren saria Judith Zubia Aranburu arrasatearrak irabazi dau, Garena egiten gaituana, egiten doguna idazteko izeneko artikuluagaz. Lana saritzeko orduan, epaimahaiak nabarmendu dau gaurkotasun bete-beteko gai bati heldu deutsola egileak, datuen biltegiratze digitalari eta, arazoa azaltzeaz gan, urtenbide bat be azaltzen dauela modu argi eta ulergarrian. Horrezaz gan, azpimarratu dabe irudiek testua ondo osotzen dabela eta irudiak egileak berak egin izana be kontuan izan dabe.
- Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazino-artikuluaren saria, barriz, Mattin Urbieta Galarragak eskuratu dau, Elektroiekin dantzan nanoeskala argitzeko lanari esker. Urbieta Debakoa da. Epaimahaiaren eretxiz, artikulu osotua eta landua aurkeztu dau egileak eta ondo azaltzen dau tesia zelakoa dan eta zer ondoriotara heldu dan bere ikerketan.
- Zientzia-kazetaritza kategorian, Dragoi txiki bat egongelako horman lana izan da saritua. Iñaki Sanz Azkue da lanaren egilea eta, epaimahaiak nabarmendu dauenez, gai garrantzitsu bat landu dau hernaniarrak, klima-aldaketea, hain zuzen be. Baina, gaiaz harago, zein ikuspegigaz landu dauen iruditu jako azpimarratzekoa epaimahaiari, izan be, klima-aldaketeari buruzko artikuluek hondamendi-kutsua izaten dabe askotan eta oraingoan, barriz, egileak xumetik eta txikitik heldu deutso eta estilo argia eta atsegina erabili dau. Artikulua Gaur8 astekarian argitaratu eben igazko garagarrilean.
Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua dau NEIKER sariak eta aurtengo saritua Aitor Garmendia Etxeberria itsasondoarra da, Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean lanari esker. Kategoria honetako epaimahaikideek aparteko garrantzia emon deutse egileak gaurkotasun handiko auzi bati heldu izanari.
Saridun guztiek 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dabe.
- Sariez gan, 5.000 euroko dirulaguntza bat be emoten da CAF-Elhuyar sariketan, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten daben proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurten, proiektu bik jaso dabe sorkuntza-bekea, epaimahaiak beka ex aequo emotea erabagi baitau: Jon Sánchez Carrasco donostiarraren Semiosi-genesi proiektua da sarituetako bat eta bestea, Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibako Ia dena lana.
- Azkenik, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu-saria emoten dau, euskerearen normalizazinoan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazinoan nabarmendutako personak omentzea helburu izanik. Aurten, Jacinto Iturbe Barrenetxeak jaso dau autortza hori, euskerea eta zientzia unibersidadearen eremuan zabaltzeko egindako lan handiagaitik eta zientziaren dibulgazinoan egindako ekarpen apartagaitik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!