Hemen da Pello Apezetxea Zubiri ikertzailearen omenezko bekearen lehenengo deialdia
2023-04-27 08:39 KultureaHautagaiak banaka nahiz taldeka aurkeztu daitekez maiatzaren 31 baino lehen.
Pello Apezetxea Zubiri Ikerketa bekaren lehenengo edizinoaren aurkezpena egin dabe Leire Mitxelena Bortzirietako Euskera Mankomunidadeko buruak eta Sagrario Aleman Astitz Euskaltzaindiako Nafarroako ordezkariak. Deialdi honek helburu bi ditu: Apezetxea omentzea eta soziolinguistika, dialektologia edota onomastika arloetarako ikerketa lan bat egiteko bekea emotea. Bortzirietako Euskera Mankomunidadeak eta Euskaltzaindiak sinatutako hitzarmenaren emoitzea da beka hau.
Deialdiaren ezaugarriak
Pello Apezetxearen ikerketa arloak kontuan hartuta, honako ikerketa-gaiak proponidu ditue:
Soziolinguistikea: Tokiko hedabideen eragina euskerearen bizibarritzean / Helduen euskalduntzea: Ikastetik erabilerarako jauzia udalerri euskaldunetan / Immigrazinoa, harrerea, hizkuntza eta kultura aniztasuna eta euskerea udalerri euskaldunetan / Gaztelaniaren erabilera goiztiarra udalerri euskaldunetako umeen artean.
Dialektologia: Bortzirietako hiztegia / Bortzirietako berbakerea administrazinoan, hezkuntzan eta tokiko hedabideetan erabilteko oinarriak.
Onomastikea: Toponimia xehea zabaltzea eta erabilerearen sustapena. Aukerako gai horreez gan, aitatutako hiru arloakaz zerikusia daben bestelako gaiak be proponidu daitekez.
Bekea emoteko orduan, besteak beste, epaimahaiak inguruko errealidadearen aurrea hurrekotasuna eta aukeratutako eremuan nahiz Bortzirietan apliketako bideragarritasuna izango ditu kontuan.
Interesatuak banaka nahiz taldeka aurkeztu daitekez bekearen deialdira eta maiatzaren
31ra arteko epea izango dabe proposamenak aurkezteko. Bekea esleitu ondoren, bekadunek zortzi
hilebeteko epea izango dabe ikerketea egiteko. Bekadunak 7.000 euroko saria jasoko dau
egindako ikerketa lanagaitik. Bekearen oinarriak hemen.
Pello Apezetxea Zubiri (Goizueta, 1932 – Etxalar, 2022)
Arlo askotan ikertzailea, ekintzailea eta sustatzailea izan zan. Baina nabarmentzekoa da euskerea babesteko, ikertzeko eta sustatzeko egindako lana. 2004. urtean ohorezko euskaltzain izentau eben.
Apetzetxearen bizitzaren zatirik handiena Bortzirietan, Etxalarren, emon eban eta ezinbesteko erreferentea da eskualdean euskerea bizibarritzeko prozesuan. Etxalarren bertan, ikastolearen sorreran, eskolan euskerazko hezkuntzea ezartzeko prozesuan; eskualdean, helduen euskalduntze-alfabetatzean, tokiko komunikabideetan eta bestelakoetan.
Bortzirietako Euskera Mankomunidadearen sorreran bultzatzaile nagusietako bat izan zan. Aurrerago be mankomunidadearen ibilbide osoan, osasunak eragotzi eutson arte, Etxalarko Euskera Batzordeko kide eta Aholkularitza Batzordeko kide izan zan. Beraz, mankomunidadeak Pello Apezetxea zana omentzeko asmoz atondu dau ikerketa beka hau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!