Aissa Intxausti: 'Egurre emoteko prest gagoz'

Koldo Isusi Zuazo 2023-05-02 07:55   Barriketan

Aissa Intxausti, Bizkaiko Bertsozale Alkarteko kidea.

Maiatzaren 4tik 25era erabagiko da Udagoieneko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan nortzuk kantauko daben. Udabarria Bertsotan maiatzaren 4an hasiko da Urdulizen eta Durangon eta izena emon daben Bizkaiko eskualde guztietako 48 bertsolariak prest dagoz kantetan hasteko. Gazteak, 18-19 urtekoak zein 47 urtekoak be badagoz baina faboritoak nortzuk diran esaten ez da inor ausartzen.

Bizkaian bertsolaritzeak bizi dauen osasunaren isla da, besteak beste, bertso eskoletan, hezkuntza arautuan, plazetan zein lehiaketa eta sariketetan egiten dan lanaren erakuslea.

Bizkaie! Atariko Barriketan alkarrizketarako hitzordua Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarragaz egin dogu, bertsolaria da eta Bizkaiko Bertsolari Alkarteko zuzendaritzako kidea, diruzaina, hain zuzen be eta Urdulizen, maiatzaren 4an kantauko dau Beñat Bilbao, Igor Galarza, Illart Gumuzio, Jone Larrinaga eta Maider Altuna arerio izango dituan bertsolariakaz.

1.- Udabarria Bertsotan urdulizen hasiko da eta hortxe kantauko dau Aissak. Zelako tenplea dozu?

Maiatzak 4 buruan bueltaka aspaldi hasi jakun baina konturatu barik hementxe dago. Urduri eta gogotsu nago, ez da erraza azaltzea. 48 bertsolari gagoz hitzorduak noiz helduko zain baina karga handia da hau guztia, pozarren gabiz eta ni neu kantetan hasteko prest nago, sano motibauta baina badakit maila altuagoetan dabizenek karga handia edo sentiduko dabela, Euskal Herrikoa be oraintsu izan da eta burukomin handia izan leikiela pentsetan dot.

2.- Danetariko bertsolariak batuko zarie, 18-19 urtekoak eta 47 urteko Garikoitz Sarriugarte zaldibartarra. Edadean holako diferentziak egoteak ze hausnarketa eragiten deutsu?

Datuak baino ez dira eta eskertu be egiten da holako edadeko bertsolariak be tartean izatea ze horrek esan gura dau mundu hau baztertu beharrean gogotsu dabizela eta guretzako biztugarri dirala, errealidadearen isla da hori guztia.

Hamazortzi urtetik beherakoek Eskolarteko Txapelketan kantetan dabe eta mugatzearena ondo ikusten dot.

3.- Aurreko txapelketan baino gitxiago zarie aurten. Zergaitik?

Arrazoia. Aurrekoan hirurogeita hamarretik gora izan ginan eta aurten, barriz, 48. Ez dot uste asko garenik, gero erdiak baino gehiatxugo edo pasauko dira txapelketara; eskualde guztietako bertsolariak gagoz eta nabarmendu gura dot horreetatik 15 emakume gagozala, % 31, hain zuzen be.

4.- Udabarria Bertsotan horretaz zer nabarmenduko zeunke, barrikuntzarik badakar?

Alde teknikoa gogoan hartuta, errazagoa da saioak kanpoan barik, leku zarratuetan egitea eta eguenetan, aurreko urteetan astegoienetan izaten baziran be. Erabagi estrategikotzat edo hartu daiteke errutineari bueltea emon eta beste egun batzuetan be hitzorduak programetako; astegoienetan danok be hara eta hona ibilten gara eta eguenetan bertsoak entzuteko aukerea ederra da. 

5.- Bizkaiko eskualde guztietako parte-hartzaileak zagoze, zortzi saio egingo dira, sei bertsolarikoak. Faboritorik?

Jente asko ikusten dot aurrera egiteko indartsu baina neure eskualdekoen alde egin begar dot, derrigor [Barreka]... Garazi Navarro, Lurdes Ondaro eta hirurok egurre emoteko prest gagoz baina parte-hartzaile guztien gaitasuna ez dot kolokan jarriko.

6.- Udagoieneko fasean sartuko dira zuzenean 2021ean finalaurrekoetan eta finalean kantau eben bertsolariak. Zeintzuk dira?

Hamazortzi edo dira eta izena emon behar dabe parte hartu gura izan ezkero. Bizkaiko Bertsolari Txapelketea urrian hasiko da, sei kanporaketa (6 bertsolariko 6 saio), hiru finalaurreko (6 bertsolariko 3 saio) eta finala (8 bertsolariko saio bakarra) izango ditu.

Maiatzaren erdi aldean, beste izen-emote txanda bat egongo da eta orduan, aurreko txapelketan finalistak izan ziranek eta finalaurrekoetan parte hartu ebenek izango dabe izena emoteko aukerea; danetara, hamazortzi bertsolarik dabe aukera hori.

Aurreko txapelketako finalistetatik, izena emoten dabenak finalaurrekoetan hasiko dira eta aurreko txapelketan finalaurrekoetara heldutakoetatik, izena emoten dabenek kanporaketetan hasteko aukerea izango dabe.

Beraz, udabarria bertsotanetik, gitxienez, 26 pasauko dira kanporaketetara.

Ondokoak izan daitekez BBT21eko finalaurrekoetatik Ander Elortegi, Eneko Abasolo, Ibon Ajuriagojeaskoa, Imanol Uria, Josune Aramendi, Julen Erezuma, Miren Amuriza, Oihana Bartra, Paule Ixiar Loizaga eta Txaber Altube eta BBT21eko finalistak, barriz, Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Etxahun Lekue, Gorka Pagonabarraga, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia.

7.- Udazkena udaberrian hasten da, Bizkaian eta Nafarroan. Segiduten dozue Nafarroakoa?

Bai. Saioetara joaten gara eta jarraipen zehatza egiten deutsegu bertsolari nafarrei. Nafarroan aurrekanporaketa bi izango dira Larraunen eta Etxaurin eta Bizkaian Udabarria Bertsotan sailkapen fasea jokatuko da maiatzean. Herrialde bietan udagoienean jokatuko diran txapelketarako txartelak dagoz jokoan.

Bizkaian 13-15 bat bertsolarik egingo dabe aurrera eta Nafarroan zortzik. Oso oker ez banago urriaren 7an hasi eta abenduaren 2an amaituko da.

8.- Jentea badabil sarrerak erosten?

Bai. Ganera, aretoak be ez dira handiak eta betetea espero dot. Fase honetako sarrerak 3 euroan dagoz, bazkideen sarrerak euro 2an eta 18 urtetik beherakoak doban sartuko dira. Sarrerak salgai dagoz hemen. Interneteko sarrerak agortzen ez badira, txarteldegia zabalduko da 18:00etan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu