Liburu interaktiboa eta zuzenean sortuko daben ikuskizun errepetidu ezina Bilbon

Bizkaie! 2023-04-25 10:22   Kulturea

Jantzearen Nazinoarteko Egunaren harian.

ZuriƱe Benavente (ALTRASTE DANZA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jantzearen Nazinoarteko Eguna datorren zapatuan, apirilaren 29an izango dan arren mundu osoan, aurten Bilboko La Fundición Aretoa egun batzuk lehenago hasiko da efemeridea ospatzen. Deustuko espazioak 36 urte daroaz jantza garaikideko saioen programazinoan espezializauta –nahiz eta beti zabalik dagoan bestelako arte eszenikoetako ekitaldiak be egiteko–. Horregaitik, aste berezi honetan, programazinoaren ahaleginak bikoiztu nahi izan ditue.

Eguenean, apirilaren 27an (19:00etan), 10 emakumek, mundua dantzan liburua aurkeztuko dabe, Punto de Fuga Bilboko espazioak editau eta Bilboko Doos Colectivo jantza konpainiak sustatu dau lana. Obrea euskeraz eta gaztelaniaz da eta ume zein helduentzat dago pentsauta. Jantzea irauli eben 10 emakumeren biografiak jasoten ditu: Isadora Duncan, Martha Graham, Pina Bausch... Testuakaz batera –Mercedes L. Caballero kazetari espezializaduak idatzi ditu eta Bea Apariciorenak dira ilustrazinoak–, 10 protagonistetako bakotxaren jantzearen ikuspegian oinarritutako jarduera praktikoak egingo dira, etxeko txikiak eta familiak jantzan jarteko asmoz. Izatez, La Fundicionen egingo dan saioan (sartzea doban), dinamika horreetako batzuekaz esperimentetako proposamena egingo jako publikoari. Jemima Cano eta Eider Zaballa Doos Colectivo konpainiako jantzariek gidatuko dabe ekitaldia.

Zuriñe Benavente (Altraste Danza)

Astegoienean (apirilaren 29 eta 30ean, 19:00retan), ospakizunakaz jarraituko dabe eta Estaduko jantza garaikideko izen handi bi batuko dituan proposamen ohiz kanpokoa izango da. Alde batetik, Altraste Janza konpainia arabarrean Ignacio Monterrubio musikaria eta Zuriñe Benavente jantzaria dira protagonista Kataluniako Kritikaren Interpretazio Onenaren 2020ko saria jaso eban Variaciones Goldberg lanagaitik, Mal Pelo konpainiagaz) eta hiru urteko nazinoarteko ibilbide aberatsa izan eta gero, Euskadira bueltau eta sorkuntza-zentroa hemen sortzea erabagi eben. Bestetik, Guillermo Weickert (Huelva, 1974) ezinbesteko figurea da 90eko hamarkadako arte eszenikoen barrikuntzan, koreografoa, eszena-zuzendari eta/edo interpretea da eta ikuskizunak egiteaz gan, artista askogaz ibili da lankidetzan, besteak beste, Niño de Elchegaz edo Ana Morales flamenko-jantzari eta 2022ko Dantzagaz Nazionalaren irabazleagaz. Martian, Weickertek Salvador Távora Saria jaso eban ibilbide profesionalagaitik (Andaluziako Arte Eszenikoen Azokan) eta orain astebete, Vanessa Aibarren aholkularitza artistikoagaz egindako La reina del metal lanak Jantza Ikuskizunik Onenaren 2023ko Max Saria irabazi dau.

Weickert eta Altratsek El grito del elefante aurkeztuko dabe La Fundicionen: Modern dance estiloko ikuskizuna da eta berba egindako baina kodifikau bako lan-jarraibide batzuen ganean eregia egingo da, momentuan bertan jaio eta hilko da eta ezbardina izango da egun bakotxean. Inprobisazinoa baino gehiago izango litzateke, denpora errealean egindako osakera eszenikoa, gizon heldu baten eta emakume oso gazte baten gorputzek alkarren arteko interakzinoa izango dabe eta Monterrubioren zuzeneko musikeagaz be izango dabe interakzinoa, baita Patxi Pascual argi-teknikariaren lanagaz be. Aukera bi baino ez dira izango lankidetza bardinbako hori gertutik biziteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu