Medikuntzako plazak handitu eta titulu barri bi dakarz UPV/EHU-k
2023-04-24 09:52 KultureaBarrikuntza nagusia da Medikuntzako Graduan 38 plaza gehiago eskainiko dirala (368).
UPV/EHU-ko Gobernu Kontseiluak egunotan onartu dau graduko tituluen lehen mailako plazen 2023-2024 ikasturteko eskaintzea, 8.694 plaza danetara. Barrikuntza nagusia da Medikuntzako Graduan 38 plaza gehiago izango dituala (368), izan be, eskaera handia dago eta profesionalak behar dira arlo horretan. Euskal unibersidadeak 2016tik Medikuntzako Graduan egiten dauen laugarren plaza gehikuntzea da, orduan 270 plaza eskaintzen baitziran.
Datorren ikasturtean, Euskal Herriko Unibersidadeko graduko ikasketen eskaintza zabalari beste titulu bi gehituko jakoz. Biomedical Engineering, oso-osorik ingelesez irakatsiko dana Bilboko Injinirutza Eskolan eta Hezkuntzearen arloko lehen gradu bikotxa, Lehen Hezkuntza + Ume Hezkuntzea, Gipuzkoako Campuseko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultadean egin ahal izango dana. Jakintza esparru guztietako 107 titulukoa izango da eskaintzea eta arlo askotan trebatzeko aukerea egongo da, tradizionaletatik barritzaileenetara. Titulu bi ingelesez eskainiko dira, hamabost gradu bikotxak dira eta hamabik prestakuntza duala dabe.
Euskal Herriko Unibersidadeko graduko eskaintza akademikoaren bilakaeran orekea nahi dogu, jakintzearen adar guztietako prestakuntzearen eta ezagutzearen bilakaerara eta gizartearen behar eta eskaera barrietara egokitzearen artean –adierazo dau Eva Ferreira errektoreak–. Horregaitik egin dogu prestakuntza dualaren, irakaskuntzearen garapen hirueledunaren eta titulu barriak sartzearen alde. Beraz, jakintza esparru guztietako 107 titulu eskaintzen ditugu, prestakuntza praktikoaren igoera nabarmenagaz.
Medikuntzako Graduan plazak ugaritzearen garrantzia be azpimarratu dau errektoreak: UPV/EHUk badaki arlo horretan profesional gehiago behar dirala. Datorren ikasturtean 38 plaza gehiago izango ditugu eta ahalegin handia egingo dugu langileei eta azpiegiturei jagokenez. Baina ez da ekintza puntuala izango, 8 urte baino gitxiagoan egiten dogun laugarren plaza gehikuntzea baita. Danetara, 98 plaza gehiago dagoze orain Medikuntzako Graduan.
Beste alde batetik, Biomedical Engineering gradu barrian, Bilboko Injinirutza Eskolako eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultadeko ikertzaileak jardungo dira irakasle lanetan, injinirutza biomedikoaren helburua baita Osasun Zientzietarako soluzino teknologikoak lantzeaa. Horrenbestez, daborduko bi dira UPV/EHUk oso-osorik ingelesez emoten dituan graduak, Ekonomia eta Enpresa Fakultadeak Business & Economics gradu bikotxa be eskaintzen baitau. Ganera, gradu gehienetan zenbait irakasgai ingelesez egin daitekez (800 baino gehiago) edo beste hizkuntza batzuetan (180 inguru). Unibasqek ikasleen nazinoartekotzea sustatzeagaitik emoten dauen nazinoarteko aitamena dabe lau graduk eta UPV/EHUko lau ikasletik batek gitxienez lauhileko bat egingo dau atzerriko edo Estaduko beste unibersidade batean.
Datorren ikasturtean beste barrikuntza bat be izango da: Lehen Hezkuntza + Ume Hezkuntza gradu bikotxa. Euskeraz emongo da eta 0 urtetik 12 urtera arteko ikaskuntza-inguruneetako irakasleak trebatuko ditu. Eskaera akademikoagaitik eta sozialagaitik ezarri da gradu bikotx hori, egiaztatu baita ikasle askok Ume Hezkuntzea eta Lehen Hezkuntzea biak egiteko interesa dabela. Horrenbestez, Euskal Herriko Unibersidadeak hamabost gradu bikotx eskainiko ditu 2023-2024 ikasturtean.
Prestakuntza dualari jagokonez, beste hamaika graduk badabe daborduko prestakuntza modalidade hori, unibersidadeko eta enpresako irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak buztartzen dituana. Baina prestakuntza dualaz gan, ia ikasle guztiek dabe aukerea praktikak egiteko enpresa, erakunde publiko edo alkarteetan. Holan, 2021-2022 ikasturtean, 12.835 praktika egin ziran (aurreko ikasturtean baino % 7 gehiago) eta % 37 inguru borondatezkoak izan ziran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!