Maiatzaren 6an hasiko da III. Señora Sariketea

Bizkaie! 2023-04-24 08:28   Bertsolaritzea

Bilboko BIRAn izango da lehenengo saioa.

Erretratua: Argazkia: Señora sariketako atontzaileak eta bertsozaleak, Azkainen, ekimena iragarteko bertso poteoan). | Ikusi handiago | Argazki originala



Azkainen aurkeztu eben III. Señora Sariketea; 
19:00 bertso poteoa: Irati Alcantarilla eta Miren Amuriza. Gai-jartzen Amaia Castorene. Aurrerago afari-meriendea egin eben eta iluntzean, barriz, DJ LaNïn ibili zan beharrean.

Kontuak kontu, Bilboko BIRAn izango da lehenengo saioa maiatzaren 6an: Itxaso Paya Ruiz, Eli Zaldua Barquin, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Ainara Ieregi Aranburu, Izarne Zelaia Arratibel eta Maider Arregi Markuletak kantauko dabe, arratsaldeko 17:00etan hasita. Gai-jartzailea, Leire Vargas Nieto izango da.

Bigarren kanporaketea maiatzaren 13an izango da Erratzuko Alkartean. Aroa Arrizubieta Barredo, Maddi Sarasua Laskarai, Idoia GranizoUribarrena, Janire Arrizabalaga Munduate, Eli Pagola Apezetxea eta Iruri Altzerreka Martinez izango dira parte hartuko daben bertsolariak,
arratsaldeko 17:00etan hasita. Gai-jartzailea, Ane Ezenarro Beristain izango da.

Finala, barriz, maiatzaren 27an izango da, Oñatiko Verduri Hall Gaztelekuan arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Kanporaketa bakotxetik sailkatutako hiru bertsolariek abestuko dabe bertan.

Danetara, hamabi bertsolarik parte hartuko dabe emakumeen eta hegemonikoak ez diran ganerako genero identidadeen ikusgarritasuna aldarrikatzea helburu dauen lagunarteko txapelketan. Saio guztietako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian erosi daiteke daborduko:

Kanporaketetako sarrerak 8 euroan eta finalekoak 10 euroan.

Señora Sariketea

Orain urte bi hasi zen proiektua, hainbat bertsolarik eta bertsozale feministak Señora Sariketea sortu eben, tokiko eragileakaz eta mobimentu feministako kideakaz alkarlanean, bertso plaza barriak sortu eta emakumeei zein azpiratutako genero identidadeei ikusgarritasuna emoteko asmoz. Belaunaldien arteko aliantzak sendotzea be bada helburua, ahalduntze kolektiboaren bidetik, betibe, lurraldetasuna aintzat hartuz.

Zergaitik señora berbea?

Andre zaharragaz eta bakardadeagaz loturiko kontzeptuari bueltea emon gura izan deutsie. Emakume indartsu bat da señora bat, ahaldundutakoa; berbearen eraldaketa hori lortzea da helburua.

Kateorratza da aurten be irudi

Kateorratz bat, izan ere, señora guztiak ordezkatu leikezan tresnea da, makarren txapetan dago, punkyen belarritakoetan eta edadekoen zapietan. Holan, zorrotza” da kateorratza eta danak alkartzeko balio leike aldi berean.

Sariketearen inguruko informazino guztia Twitter eta Instagram sare sozialen bitartez eskuratu daiteke, @senorasariketa kontuan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu