Chillida Lekuk Eduardo Chillidaren obrea ezagutzeko udalekuak eskainiko ditu

Bizkaie! 2023-04-21 09:03   Kulturea

Publiko gaztea sortzaileen unibersoan sartzea da asmoa.

Erretratua: Maushaus | Ikusi handiago | Argazki originala

Chillida Lekuk Eduardo Chillidaren eta bere garaiko beste artista batzuen obrea hobeto ezagutzeko 6 eta 15 urte bitartekoentzako udalekuak aurkeztu ditu. Programeak (5 egun iraungo dabe) txanda bitan egingo dira:

Garagarrilaren 10etik 14rako astean, 12 eta 15 urte bitartekoentzat eta garagarrilaren 17tik 21erako astean, barriz, 6 eta 11 urte bitartekoentzat.

Maushausek diseinau eta emongo dau udalekua, 20 plaza dagoz eta ordutegia 10:00etatik 13:00era izango da. Bost egunez, Chillidaren obrea ezagutarazoko da, museoan dagozan artisten obren azterketea eta zuzeneko behaketearen, marrazketearen eta hainbat teknika erabiliz esperimentetearen bidez. Ganera, gazteek Chillidaren lagun izandako beste artista batzuen obrea be ezagutuko dabe, besteak beste, Alexander Calder, Rafael Ruiz Alberdi, Pablo Palazuelo eta Constantin Brancusi.

Eskultorearen ardura estetiko eta etikoen barri izango dabe parte-hartzaileek eta ardura horreek aitatu artistek izan zituenakaz buztartuko ditue, ariketa praktikoen bidez. Phyllida Barlow artista britainiarraren erakusketea aprobetxauta, egunetako baten programea, oso-osorik, haren obreari buruzkoa izango da. Kasu askotan, haren hurreko ingurunean inspirautako materialakaz egindako instalazinoak egiten ditu artista horrek.

Egunetako bakotxean artista bat ezagutuko dabe gazteek eta, esangura horretan, lehenengo jardunaldiaren protagonista Eduardo Chillidak miresten eban Constantin Brancusi izango da. Haren koherentzia, zorroztasun etikoa eta anbizinoa influentzia handia izan ziran euskal artista gaztearentzat. Biek alkarregazko errespetuan oinarritutako komunikazinoa izan eben eta materiaren eta eskulturearen aurreko miresmena be bai.

Bigarren egunean Alexander Calder izango da protagonista. Haregaz batera zeramika eta grabatuak landu zituan Saint-Paul-de-Venceko tailerretan. Bien amesa zan obrak espazioan eskegitea, haizearen menpean ixteko eta, holan, grabedadeari aurre egitea. 1979an, Eduardo Chillidak omenaldia egin eutson lagunari eta
eskultura handi bat eskaini eutson.

Hurrengo egunean, Rafael Ruiz Balerdi artistearen txandea izango da. Chillidaren lagun mina izan zan eta, haregaz batera, euskal abangoardiaren paradigma bilakatu zan Gaur taldea sortu eban. Aldi horretako obrak energiaz, kolorez eta zehaztasunez beteta dagoz, formatu handian landuta badagoz be.

Udalekuen azken txanpan, Pablo Palazuelo agertuko da. Eskultore haregaz batera, Generaliren etxera joan zan Chillida, Parisen kanpoaldean, bakean sortu ahal izateko bake eta isiltasunaren bila. Bertan, artista biek ia aszetismora helduta, arteari buruz hausnartu eben. Uriko giro zaratatsura bueltau arren, beti izan eban gogoan lan-etapa mistiko hori, isiltasunaz inguratuta eta erabateko lasaitasunean. Han ekin eutsen abstrakzinoaren abentureari.

Bosgarren eguna, Phyllida Barlow artista britainiarrari eskainiko deutso Chillida Lekuk. Haerk ekarpen nabarmena egin eutson arte garaikidearen garapenari, Arte Povera moduan material sotilakaz egindako izakera antimonumental nabarmeneko instalazino postminimalista handiakaz. Haren obrearen bitartez, lotura estua ezarri nahi izan dau beti ikusleagaz. Ikuslea, bada, azken helburua da.

Holan, gazteenak XX. eta XXI. mendeetako artean barrena ibiliko dira, artistarik garrantzitsuetako batzuen eskutik. Eduardo Chillidaren bizitzea markau
eben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu