Gaizka Insunza: 'Musikatik biziterik ez dagoanez, musikea lagun dogula bizi gara'

Koldo Isusi Zuazo 2023-04-24 07:55   Barriketan

Audience talde gernikarra jaio zanetik 20 urte baino gehiago joan dira eta bederatzi disko plazaratuta, pandemiak pandemia eta gorabeherak gorabehera taldeak gogor segituten dau. 2021. urtean plazaratutako Tolesdurak disko bikotxa jorratzen dabil taldea eta zuzenekoetan kantu zaharrak, klasikoak be eskaintzen ditue. Ezustekoak be iragarriko deuskuz Gaizkak eta kontzertu inportanteen barri be emongo deusku.

1.- Zertan dabil orain Audience taldea? 

2021. urtean, pandemiak pandemia eta holako egoera larrian, Tolesdurak disko bikotxa atara genduan eta hasieran nahikoa politto ibili arren, 2022. urtean ez genduan kontzerturik emon baina beharrean ibili gara lokalean, ensaioetan ez dogu etenik egin eta estudioko saio batzuk be egin genduzan eta esango deutsut hazia jarri genduala, estudiotik be pasau ginan eta ezustekorik ezean, aurten, 2023. urtean zeozertxu etorri daitekeela. Zehaztasun guztiak aurrerago zabalduko doguz.

Horrezaz gan, 2022. urtean errepertorioa apur bat barritu eta gure asmoa da Tolesdurak diskoko kantuez gan, barri horreek be eskaintzea. Maiatzaren 13an, Lemoakustik Jaialdian eskainiko dogu hau guztia, ia entzuleek zelan hartzen daben; Olaia Inziarte, Mugan Ghau, Maria Vaquerizo eta Arratiako Musika Alkartegaz ia zer sortzen dan. 

Horrezaz gan, bagilaren 3ko Bidehuts Jaia be guretzat sano berezia izango da Joseba Irazoki eta Lagunakaz jotea ederra izango da.

2.- Ager anaia eta zeu, jakina, baina Zeintzuk zarie taldekideak?

Ager eta neu, Andoni Lauzirika, Ruben Garatea eta Kepa Elgoibar, batzuk taldea jaio zanetik hor gagozanak eta beste batzuk oraintsuago edo batu jakuzanak.

3.- Rocka, esperimentala, country zein gospela, soinu bandak...

Bai, estilo ugari lantzen doguz eta gustora gabiz, oinarrian rock talde bat garela esan dogu beti, hasieran post-rock jorratzen genduala eta holakoak be entzun behar izan doguz eta egia da horra be hurreratzen ginala, bluesa, folka , esperimentala be landu izan doguz eta AEBetara joan ginanean, makinatxu bat talde handigaz ibilitako Jon Angelok be asko lagundu euskun. Aurrerago soinu banda bat be egin genduan, Jai Alai Blues eta asko gustau jakun, Kuban be ibili ginan eta Isla diskoa grabau genduan bertan. 

4.- Tolesdurak diskoa bete-betean atrapau eban pandemiak baina zelan hartu dabe zaleek?

Ondo edo. Pandemiak hankaz gora jarri eban gizartea eta kultura arlo guztia eta egoerea ez zan bolanderak botateko modukoa. Dana dala, harro gagoz ze 2020an egoerea hobetzen hasi zanean, estudioan sartu eta 2021ean, egoerea negargarria zan arren, Tolesdurak plazaratu genduan; bereziak ziran kontzertuak, aforoak mugatuta, jentea maskareagaz jarlekuetan eta zorionez, aurrago, jentea zutunik egoten itzi eben eta hori pausu inportantea izan zan. Musikariak ginala sentidutea oso garrantzitsua izan zan.  

5.- Gaur egun disko bikotxa plazaratzea ez ete zan ausartegia izan?

Egungo egoereak ez dauka zerikusirik orain urte batzuetakoagaz, gaur egungo musikearen panoramea goitik behera aldatu da eta jenteak, entzuleek berehalakotasuna gura dabe, sare zozialetan eta 40 segunduko entzunaldiak egiten dituen sareetn, di-da agertzea, hain zuzen be baina merkatua mobidu arren, guk badakigu ertzetan egoten, guk ez dogu batzarrik egiten zein dan momentua diskoa atarateko, zer dan modea edo jokerea, irratietara ze kantu bialdu behar dan, guk geure beharrizanak doguz eta horreei segiduten deutsegu. Tolesdurak disko bikotxa ataratea gure erabagia izan zan, ordubeteko iraupenekoa, batzuk zurzt eginda geratuko badira be. Oso harro gagoz pandemiaren bueltan holako lana atara gendualako. 

6.- Cuban Isla diskoa grabau zenduen. Zelako esperientzia izan zan?

Ederra. Kaki Arkarazogaz beti izan ditugu hartu-emon onak, disko batzuk grabau doguz beragaz eta kontau izan euskun Amparanoiagaz disko bat grabetan eta ibili zirala Kuban eta aukera ona izan eikeala geuk be han zeozertxu egitea. Jaramon larregi ez geuntsan egin baina aurrerago pentsau genduan Kakiren gomendioa ona zala edo eta Matxitxaren bitartez, Kaki eta danak nahastau eta azkenean, sortu ziran hartu-emonak, Kubako musikariakaz egon ginan eta esperientzia musikal ona bizi izan genduan.

7.- Gernikan, Astra, Iparragirre Rock eta holako aretoak dagoz eta hor bueltan sortzen diran taldeak be ugari dira, batzuk ezagunak eta beste batzuk ez hain ezagunak. Musikearen arloan, zergaitik dago holako mobimentua Gernikaldean?

Ez dakigu. Musikariak eta taldeak ugari dagoz, nork ez ditu ezagutzen Gatibu, Kan Zazpi eta holakoak, berrelikatu egiten gara eta holako lekuak egotea sortzaileentzat sekulakoa da. Lekuek Festibala ez dozu aitatu baina nabarmendu gura neuke indar handia dauelako.


8.- Oso oker ez bagagoz, bakarka be plazaratu dozu disko bat?

2019. urtean kaleratu neban eta oso gustora ibili nintzan zuzeneko aurkezpenetan eta gogoangarria izan zan niretzako Bilboko Kafe Antzokian 2020an kantau nebanekoa. Capsula taldeko Martinegaz oso pozik ibili ginan eta ez ahaztu Capsula taldean be ibilitakoa nazela urte batzuetan. Martini komentau neutson kantu batzuk banituala Audience taldeak joteko aproposegiak ez zirala eta atoan esan eustan ia beragaz grabau gura nituan. Erantzuna baiezkoa izan zan. Segurutik disko gehiago be etorriko dira bakarka; buruari buelta batzuk emon eta zergaitik ez, bihar-etzi antzeko esperientziak ez dodaz baztertzen. 
 
9.- Lemoakustik eta Bidehuts Jaian joteko zagozie. Ze talde izango zarie Lemoan zein Hondarribian?

Lemoakustik Jaialdian Olaia Inziarte, Mugan Ghau, Maria Vaquerizo eta Arratiako Musika Alkarteagaz gagoz kartelean eta disfrutauko dogula pentsetan dot.

Bidehuts Jaiari jagokonez, bagilaren 2an, berpiztutako Lisabök joko dau, baita Gailu taldeak be eta hurrengo egunean, bagilaren 3koa be sekulakoa izatea espero dot Irazoki eta Lagunak joko daben egunean geuk be jotea ederra izango da.

10.- Zuzenean, besterik?

Oraingoz ez. Onena aitatutako hitzordu bi horreek ez galtzea izango da baina udea be badator eta kontzertu gehiago be iragarriko doguz seguru antzean.

25 urteko taldea gara, astero ensaietan dauena eta gure dinamika horretan, bonbazorik eta holako astrapalotsik ez dogu emongo baina talde ekina gara, gure xumetasun edo apaltasun horrek lagundu egin deusku beti eta gurea iraunkorra izatea da asmoa, ibilbide luzeko trena gara, Hertzainak taldeak esaten eban lez, musikeak Euskal Herrian ez dau dirurik emoten, musikatik bizi baino gehiago musikeagaz bizi gara, musikatik baino gehiago beste ogibide batzuk daukaguz taldekideok.  

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu