Ignacio Ansorena Olazaranen bildumako erretratuak Plazara! ekimenean
2023-04-19 10:58 KultureaErretratugile durangarraren familiak 10.000 erretratu baino gehiago itxi deutsoz Gerediaga Alkarteari.
Ignacio Ansorena Olazaran durangarra zezeilaren 5ean hil zan. Ofizioz ez zan erretratugilea baina beti izan ditu erretratuak inguruan. Sabino Ansorena aitaren ogibidea zana bere afizio nagusia izan zan. 70eko hamarkadearen hasieran, Bartzelonan erretratugintzeri buruzko ikastaro baten trebatu zan eta erretratuak egiteaz aparte, zaharrak be batzen zituan. Era horretan, Durangoko bizimodua erakusten daben erretratu zaharren bilduma handienetako bat izan da berea. Papelean, diapositibatan, negatiboetan eta kristalezko plaketan gorde izan ditu. Orain, familiak Gerediaga Alkartearen esku itxi ditu, haren izena izango dauen funtsa sortu, digitalizau eta erretratu zaharrei egitasmo askoren bidez zabalkundea emoteko.
XIX. mende amaierako erretratuak dira bildumako zaharrenak, Sabino Ansorena aitak ataratakoak. Ignacio Ansorenak berak 60ko hamarkadatik aurrera osotu eban bere bildumea. Durangoko egunerokoari ataraten eutsozan, Durango herriko ohiko txoko, bazter eta lekuei, ekitaldiei, personei... Ganera, erretratu zaharretako personak identifiketako lana be hartu eban. Herriko nagusienen eskutik izenak ipini eutsezan erretratuetako lekuei eta personei.
Durangoko Udalak astegoienerako atondutako II. Plazara ekimenean erakutsiko ditue Ignacio Ansorena Olazaran funtsa izango diran erretratuetako batzuk, asko sekula erakutsi bakoak. Urte amaieran, 2024ko Egutegia berari eskainiko deutso Gerediaga Alkarteak.
Erretratuak Plazara!
5-10 minutuko erretratuak ardatz dituan proiekzinoa izango da zapatu goizean, apirilak 22, Ezkurdin, 11:00etatik 13:00era. Ignacio Ansorena Olazaren funtseko erretratuakaz batera, Gerediaga Alkarteko dokumentategiko erretratu artxiboko beste hainbat erretratu zahar be erakutsiko ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!