Badon* opera garaikidea 23. Korrikaren ekitaldi kultural nagusia izango da
2023-04-18 13:36 Euskerea berbagaiEgitasmoa Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako I. Bekearen irabazlea izan zan.
Gaurko agerraldian, Ane Elordi Alburquerquek, Korrika-ko koordinatzaileak, Bekearen II. edizinoaren oinarriak be aurkeztu ditu.
AEK-k aurreko edizinoan aurreratu eban lez, hurrengo Korrika-k ekarriko dauen barrikuntzetako bat kultur lan baten produkzinoa izango da, Korrika Kulturalaren aterkiaren babespean eskainiko dana. Horretarako, Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako I. Bekea jarri eban martxan; eta gaur, apirilak 18, horren ganeko zehetasun gehiago emon ditu Azpeitian, Dinamoa Sormen Gunean egindako prentsa agerraldian.
Prozesu hau guztia Badon* izeneko lanean gauzatuko da; Ines Osinaga Urizar obrearen sustatzaileak azaldu dauenez, opera garaikide bat, hausnarketa-ikerketa-sorkuntza prozesu kolektibo eta kolektibizatu baten emoitzea, sinergiak eta diziplina arteko zubiak eregiko dituana. Formatuari jagokonez, artistearen esanetan, interesetan jakuna da opera egitura hackeagarria lakoa da, etorkizun desiragarri bateko opera posdramatiko bat. Era berean, dramaturgiaz gan, baliabide bisualak (argia, bideoa), zuzeneko musikea (organikoa eta elektroakustikoa) baita muobimentua, literaturea eta bertsoak be izango ditugu BADON* unibersoa sortzeko.
Ane Elordi Alburquerque Korrika koordinatzaileak holan azaldu dau ekimenaren helburua: Korrika-k euskal kulturearen sustapena be badau helburu; betibe euskerearen berreskurapena eta normalizazinoa lortzeko asmoz. Holan, ekimen honi esker, AEK-k kalidade handiko kultur eskaintzea egin ahal izango deutso Euskal Herriari, euskal kulturearen adierazpideak bazter guztietara eroanez.
Osinagagaz batera, prentsa agerraldian parte hartu dabe Ane Abarrategi Zaitegik (Tipi Koop., EKEFIT prozesua eta espekulazino fasearen dinamizazinoaren azalpena emon dauenak) eta Xanti Agirrezabala Zeberio aktoreak (sorkuntza eta prototipazinoaren ganeko azalpena emon dauenak).
Badon* opera garaikidea Euskal Herri osoan zehar ikusi ahal izango da zemenditik aurrera, 23. Korrika aurkeztu eta gitxira.
Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako II. Bekarako lanak aurkezteko deialdia, zabalik
Gaurko agerraldian, I. Bekearen emoitzeagaz batera, Kultur Sorkuntzarako II. Bekarako lanak aurkezteko deialdia edegi dabela be jakinarazo dau Elordik. Oinarrietan adierazota dago beka-deialdian parte hartzeko dokumentazinoa 2023ko urriaren 31rako aurkeztu beharko dala, beranduenez.
Euskal edozein sortzailerentzako izango da, diziplina ugari edo bakarra barrubatu leike eta lanaren emonaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dabe.
Bekea 23.000 eurokoa izango da eta 24. Korrika Kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2025eko zemenditik 2026ko apirilera, hain zuzen be.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!