Elgetako Mendi Martxea, zirkuituko lehenengo ibilaldia
2023-04-17 07:10 Ibilian-ibilianElgetakoa izaten dogu mendi gosez gabizanontzako aperitibo.
Badira urtean zehar, ibilaldi antolatuen zerrenda luzeak eta mardulak, nonahi aukeratzeko eta zein-nahi ibilbide Euskal Herri guztian zehar. Orain, ostera, urteko lehenengoa edota lehenengoetakoa aukeratu dogu, Elgetakoa. Zirkuituaren ganeko gorabeherak hemen.
Iraupen luzeko mendi martxak, berez, Aizkardiko ibilaldian izan eban hasierea, Billabonan (Gipuzkoa) hain zuzen be eta bertan izan ginan, eguraldi eskasa egin eban arren, sekulako giro ederraz gozau genduan. Ikaragarria da Aizkardik batzen dauen jentea, 1.000 ta piku lagunek emoten dabe izena urtero, bai laburrean, bai luzean. Itzela, ez da beste inon be jazoten holakorik. Beraz, iraupen luzekoei hasierea bertan emoten jakon arren, horren aurretik, Elgetakoa izaten dogu mendi gosez gabizanontzako aperitibo lez.
Ez edonolakoa, gainera, Elgeta toki ikonikoa baitogu Euskal Herrian, bera baita Gipuzkoako herririk altuenetako. Mendi inguruan bizi eta hazten dana, ondorioz. Egia esan, ez nituan gehiegi ezagutzen bertako mendiak, bai entzunda, jakina, danak, Elorrixoko herritarrak be hareetara igoten diralako, baina ezuste eta motibazino ederra zan horreetatik igarotea. Hotz samar goizean, baita euri pizka bat be, baina egunak aurrera egin ahala, eguraldi ederra.
Ibilbideari jagokonez, nire gps-ari men eginez, ia 24 km eta 1.200 m desnibel inguru izan genduan eta Intxorta (737 m), Erdella (665 m), Santa Marina Zahar (456 m), Aixolako urtegia (307 m), Egoarbitza (751 m) eta Azkonabitza (729 m) mendiak eta txokoak igaro genduzan, besteak beste. Ibilbide zoragarria, benetan, bestela be, bakarrik edota lagun artean edota familian egitekoa. Apuntau tontor horreek, hurrengoetarako, merezidu dabe eta. Egoarbitza, batez be, berezia iruditu jatan, Oihana Kortazar mendi korrikalari elgetarrak betidanik aitatu izan dauena, eta egia esan, merezidu dauena.
Mendi martxa honek bost probintzietan barrena, urtean zehar atonduko diran martxei hasierea emongo jake. Lokatza bidelagun, une oro eta ondoren etorren zirkuituzaleen bazkarirako gosea egiteko atxakia, izan be, ostean, bertako taberna alkartean bazkaria atontzen dabe eta bertan batzen dira, zirkuituko martxa ezbardinetan parte hartzen daben mendizale amorratuak, giro onean, barre artean, afizinoa eta pasinoa buztartuz. Segidan, zirkuituko atontzaileek Shebe Peña sari ederra, mendi martxek izandako izentapenak eta zozketetako irabazleen sariak emoten ditue, bazkaria egiten dan tabernan goian bertan. Txalo artean, zirkuituari hasierea emon, naturazaleen eta mendizaleen giroa sustatu eta barre artean eta hankak nekatuta eta tripea ondo beteta, hurrengo helburuak buruan bueltaka.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!