Mikel Bilbao Salsidua: 'Zumetak disko-karatula asko egin zituan, baita kartelak be'

Koldo Isusi Zuazo 2023-04-17 07:55   Barriketan

Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Eder Fakultadeko irakasle Mikel Bilbaok uste dau bazala momentua binilo diskoen azal edo karatulak ezagutzera emoteko eta ezinbestekotzat jo dau holako lanen egileen sormena eta talentua aldarrikatzea, gure kultura ondarearen alderdi adierazgarria baitira. Horregaitik, Eresbilek artearen eta diseinu grafikoaren artean eta Disko-karatulak azterlana egitea eskatu eutsenean, berehala onartu eban erronkea eta ehunka karatulen ikerketa eta analisi historiko-artistikoan sartu zan. Ondoren, Eresbilek webgune tematiko bilakatu dau ikerketearen emoitzea.

1.- Azterketa edo ikerketa lan potoloa egin dozu. Zenbat karatula erabili dozuz? Erabili dozuzanetatik zaharrena zein da?

Nire lanaren abiapuntua Eresbilek digitalizautako euskal diskoen 4000 karatulak izan ziran. Multzo horretako garrantzitsuenak erispide bi kontuan hartuta aukeratu nituan: Alde batetik, sortzaileen garrantzia, artista ospetsuak askotan (Basterretxea, Zumeta, Balerdi, Dora Salazar...) eta, bestetik, sorkuntzearen eta diseinuaren arloetan daben kalidadea. Nire estudioan ehundik gora artista eta diseinatzaile aitatzen dira eta horreetako bakotxetik hainbat adibide nabarmentzen dira. Aztertu ditudan karatula zaharrenak 1960ko hamarkadakoak dira eta barrienak 2010ekoaren amaierakoak.

Aitatau karatula horreek joan dan mendean Euskal Herrian hasi ziran zigilu diskografikoetako katalogoetakoak dira eta Euskariana Euskadiko Liburutegi Digitalaren bitartez konsultau daitekez.

2.- Artea da diskoen karatulak pentsau, diseinau eta sortzea. Ordenagailuek eta editetako programek mesedea ala kaltea eragin dabe?

Ordenagailuak eta diseinu grafikoari lotutako programak, sortzaileen lana erraztu daben tresnak baino ez dira, lehen eskuz egiten zana urteak dira ingurune digital batean egin daitekeela, baina makineak ez eban prozesuan laguntzen, testu-prozesadore batek idazle bati liburu bat idazteko prozesuan lagundu leikion bezela.

3.- Antxinako eta gaurko ilustrazinoen artean alde handiak dagoz. Eskuz egindakoak eta digitalak nabarmendu daitekez baina kapaz izango ete dira makinak zirriborroak egiteko?

Oso galdera ona eta egungoa. Gauzak asko aldatzen dira oso denpora laburrean eta gai horren inguruan eztabaida handia dago aspalditik. Adimen artifizialaren kontua oso aurreratuta dago eta testuak sortzen, marrazten, margotzen edo musikea egiteko aplikazinoak errealidade bihurtzen dagoz. Nik neuk zeozelako errespetua eta bildurra sentiduten dot horreek kontuok entzunda.

4.- Aztertu dozuzan ehunka karatula horreetatik badozu faboritorik?

Zoratzen naben karatula asko ditut. Felix Garridok sortutakoak, Nestor Basterretxea, Zumeta edo Balerdi lako artista handienak eta Laura Esteve, Dora Salazar edo Eider Corral lako emakumeek diseinautakoak. Sano gatxa da bat aukeratzea.

5.- José Luis Zumetak Mikel Laboaren diskoetarako egindako diseinuak ederrak dira baina
Zumeta pintorea zan ala diseintzailea?

Zumeta margolaria zan, baina horrek ez dau esan gura diseinurik egin ez ebanik, izan be, disko-karatula asko egin zituan, baita kartelak be. Gehienek pinturearen arrastoa badabe be, lan horreek sorkuntza aplikatuaren esparruan kokatu behar ditugu.

6.- Musikearen euskal artxiboak proiektu bat jarri eban martxan, hirurogeiko hamarkadatik
gaur egun arte argitaratutako 4.000 disko-karatulatik gora formatu digitalean gordeteko.
Helburua potoloa da baina sortzaileen lanari jagokonez, zer nabarmenduko zeunke?

Lehenengo eta behin, sortzaile horreen lana aldarrikatu behar dala esango neuke, izan be, azala diskoaren irudia da eta, beraz, bai musika-produktuaren bai gure kultura-memoriaren parte be bada. Atrebentzia bada be nabarmenduko dot musika bat entzun eta diskoa ezagutzen dogunean, berehala gogoratzen dogula haren azaleko irudia. Horri guztiari gehitzen badeutsagu irudi horreen atzean sortzaile oso ezagunak dagozala eta, beste batzuetan, diseinatzaileak eta erreskatau beharreko artistak, ba uste dot egin dodan lana beharrezkoa zala eta hasi besterik ez dala egin. Espero dot nire estudioak beste ikertzaile batzuei bidea edegitea, izan be, nik neuk be gai honi buruz ikertzen jarraitzen dot.

7.- Diseintzaile grafikoak, ilustratzaileak, marrazkilariak... Zer ziran lehen eta zer dira gaur?

Ba, danetarik egon zan eta dago oraindino. Beste arlo batzuetan, publizidadean edo diseinu editorialean adibidez (kartelak, liburuen eta aldizkarien azalak) argiago dago hasiera batean artistek egiten zituela holako lanak eta, denporearen porasuz, sektorea profesionalizau egin zala diseinatzaile grafikoaren figurea sortu zanean. Halan da be, historiako lehen disko karatulea 1940koa da, diseinatzaile grafikoaren lanbidea nabarmentzen hasi zanean. Beraz, 1940tik gaur arte danetarik egon da.

8.- Biniloa indarra hartzen dagoan arren, deskargak, plataformak eta horreek eragin dabe karatulok indarra galtzea. Zer ikusiko ete dogu bost urte barru?

Nork jakin. Dana gero eta azkarrago aldatzen da. Baina aldaketea musikearen industriari lotuta egon da beti. Pentsaizue zer aldaketa ekarri eban biniloen edizinotik CD formatura igaroteak. Eta esan lei atzo izan zala...

9.- Nor da Alex Steinweiss?

Bera izan zan historiako lehen disko-karatulea diseinau ebana. Columbia zigilu iparramerikarrak argitaratutako diskoak Smash song hits izenburukoa zan eta Richard Rodgers eta Lorenz Hart-en abestien bilduma bat zan. Ordura arte, diskoak papelezko gutun-azal lodi batean saltzen ziran,
ezelako irudi barik. Columbiak argitaratutako disko honek erantzun bikaina izan eban, milazak disko saldu eta, ordutik aurrera, karatulak diskoaren nahitaezko osogarri bihurtu ziran. Steinweissegaz hasi zan dana.

10.- EHUko Arte Eder Fakultadeko irakaslea zaitugu. Edadeagaitik, ikasleek diskoen karatulak
eta holakoak ezagutu be ez ditue egingo. Zeintzuk dira egungo gazteen interesak?

Ba kanpotik ikusita, badirudi diskoek ez dabela zerikusi handirik nire 20 urte pasatxoko ikasleen
errealidadeagaz, baina egia esan, interes handia dabe diseinuaren alor honetan, izan be, Diseinuaren historia ikasgaia emoten dot eta askok aukeratzen dabe diskoen azalen gaia ikasturteko derrigorrezko lan bezela. Zeozer izango da ikasleen artean horrenbeste erakarteko. Halan da be, badira interesetan jakezan hurreko beste gai batzuk, bsteak beste, bideojokoen diseinua, animazinoa eta diseinu jasangarria.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu