EIO - Euskadiko Ikasleen Orkestreak dana prest dauka astegoieneko kontzertuetarako

Bizkaie! 2023-04-12 10:50   Musikea

84 musikari gazte enseguetan dabiz.

Euskadiko Ikasleen Orkestrea (EIO) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen dauen hezkuntza-proiektu musikala da. Hainbat espezialidadetan musika ikasketak egiten dabizen ikasleen topagunea da EIO, alkarregaz orkestra bat osotuz.

Etorkizuneko euskal musikarien trebakuntza musikalean bidelagun izan nahi dauen ekimen honek, musikea jentaurrean eta orkestra bateko kide lez jo deien plazea eskaintzen deutse ikasle gazteei. EIOren helburu nagusia musika konserbatorioetako eta eskoletako ikasleei heziketa sinfonikoa eta orkestra-heziketea eskaintzea da. Alde batetik, ikasleen motibazinoa piztu nahi dau EIOk, musika ikasketetan jarraitu deien; eta bestetik, konserbatorioetan ikasleek landu ezin izango leukien errepertorio sinfoniko zabala joteko aukerea emoten deutse.

Euskadiko musika irakaskuntza zentroetan ikasten dabizen neska-mutilek osotzen dabe eta edadearen arabera, proiektuak orkestra bi ditu:

 EIO: 15 urtetik 19ra arteko ikasleena, 2005-06 ikasturtean sortua.

 EIO Txikia: 9 urtetik 14ra arteko ikasleena.

Dana dago prest eta musikari gazteak aste osoan babiz ensegutan, goiz eta arratsaldez, astegoien honetan bertan eskainiko dituen kontzertuak preparetan.

Aste Santuko oporretan neska-mutilek musika tresnei gogoz heldu deutse, EIOren proiektuan buru-belarri sartzeko. Aurrez, orkestra gazte honetako kide izateko audizinoak eta sarrera-probak gainditu behar izan zituen guztiek, joan zan zezeilean.

EHUren Bilboko Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusian konzentrazinoa egiten dagozalarik, joan den domekatik (apirilaren 9tik) dabiz ensegutan, astegoien izango dituen kontzertuetarako. Eta horrelaxe jarraituko dabe bihar arte. Ganera, egungo euskal zuzendaririk aktibo eta ospetsuenetariko baten gidaritzapean dabiz lanean, Iker Sanchez Silva gasteiztarraren esanetara. Sanchezen zuzendaritzapean, Juan Crisostomo Arriaga, Mikel Iturregi eta Antonin Dvorak-en lanak joko ditue gazteek.

EIOk egiten dauen lan ona astegoien honetako kontzertuetan entzun ahal izango da: Apirilaren 14an, Bilbon; zapatuan, hilaren 15ean, Gasteizen; eta domekan, apirilaren 16an, Donostian.

Kontzertu-programeak aurten be obra barri baten estreinaldia eskainiko dau. Musikari gazteek Bi sehaska kanta lana joko dabe kontzertuetan lehen aldiz. Sopelako Mikel Iturregi konposatzaile gazteak beren-beregi EIOrentzat idatzitako lana da.

Bestalde, EIO Txikiak bagilaren amaieren egingo ditu egonaldia eta enseguak, ondoren kontzertuak eskaintzeko, ikasleek ikasturtea amaitu ostean. Joan zan martian audizinoak eginda, EIO Txiki ikasleak be hautatuta dagoz.

Kontuak kontu, EIOren kontzertuetarako sarrerea doban izaten da, auditorioaren edukierea bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu