Bermeoko Arrantzaleen Museoak Benito Barrueta artistearen erakusketea dakar
2023-04-04 10:59 KultureaMuseoaren 75. urteurrena ospatzen dabiz.
Bermeoko Arrantzaleen Museoak Benito Barruetari buruzko erakusketa bat izango dau: Barrueta paper gainean. Pintore handi hori jaio zanetik 150 urte bete diran honetan eta 75 urte museoak ateak edegi zituanetik, Benito Barruetaren obra bikaina aldi baterako gehituko jako erakusketa iraunkorrari eta hor dagoz itsas historiaren, bizitzearen, tradizinoaren eta ofizioaren zenbait alderdi.
Bermeoko portu zaharraren gainean Ertzilla torre historikoa dago, Barruetaren jaiolekua bera eta horrexen hormarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren Arrantzaleen Museoaren aretoak hartu ditu 1948tik.
Lorea Bilbao Ibarra diputadua, Aixa Gaztelu Argintxona, Arrantzaleen Museoko zuzendaria; Andone Narváez Gofinondo komisarioa eta Pedro Miguel Laspiur, Barrueta Arte Alkarteko presidentea batu dira aurkezpenean.
Lorea Bilbaok azaldu dauenez, Museoak gure historia ikertu eta zabaltzeko guneak dira, gure kulturea transmitiduteko oinarrizko elementuak. Arrantzaleen Museoak gure historiaren eta nortasunaren beste alderdi bat ezagutarazoko dau: Barruetaren lanaren handitasuna erakutsiko dau, artista horren ibilbidearen ikuspegizabalagoa eskainiz, -Barrueta paper gainean- aldi baterako erakusketearen bidez.
Barrueta paper gainean erakusketeak Arrantzaleen Museoan batzen dau artistaren papeleko lanen bilduma inportante bat, orain arte erakutsi bakoa, marrazketa-teknikan eukan maisutasunaren erakusgarri. Haren azken etapako zenbait estudio, apunte eta zirriborro hautatu dira: euskarri umiletan eginda dagoz -batzuetan alde biak erabilita-, eta haren emazte Leandra Bilbao Gangoitiak gorde zituan.
Barrueta Arte Alkarteak artistearen lana jagon eta Ertzilla torreko erakusketea osotzen lagundu da. Ganera, erakusketea atontzeko, Bilboko Arte Eder Museoak Leandra josten pinturea laga dau eta Sota familiak Rosalía en París liburua, biek aldi baterako. Horrezaz gan, zenbait partikularrek itxitako obrak be badagoz erakusketan.
Arrantzaleen Museoaren 75 urte
Bizkaiko Foru Aldundiaren Arrantzaleen Museoa bakana da munduko museoen artean, bere osoan dedikatuta baitago euskal arrantzaleen historia, bizitza, tradizioa eta ofizioa alderdi askotatik erakustera. Bere kontakizunaren bidez, ezagutzera ematen ditu haien bizitza eta ekanduak, haien gremio-erakundeak, ontziak eta denboran zehar arrantzarako eta arraina merkaturatzeko denboran zehar erabili dituzten teknikak.
Jarduera bereziak Arrantzaleen Museoaren 75. urteurrena
Gure ondarea ezagutzen: arrantza atzo eta gaur izenburukoberbaldi-zikloa eskainiko da, Juan Antonio Apraiz Merkataritza-nabegazinoko kapitainak, itsas ikerlariak eta dibulgatzaileak koordinauta. Danetara, zazpi berbaldi izango dira eta horreetan, Euskal Herriko arrantzearen inguruko galderei erantzuna emon gura jake: Nork? Zer? Nogaz? Zelan? Zertarako?
Berbaldien zikloa apirilaren 26an hasiko da eta itsasoko ondare inmaterialaren gaia landuko da, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondareko Zerbitzuko burua dan Alberto Santanaren eskutik.
Hurrengo hileotan hainbat gai jorratuko dira, besteak beste, itsasoko langileak, kofradiak, arrainak, itsasontziak eregitea, arrantza-sistemak eta konserba-industria. Horretarako, arlo eta gai askotakoo adituek hartuko dabe parte. Berbaldiakaz batera, proiekzinoak eta bisitak egingo dira.
75. urteurrenaren programazinoa osotzeko, maiatzaren 18an Beñat Gerekaren Itsasoak pizten gaitu proiekzinoa eskainiko da. Dokumental hori euskaldunek itsasoagaz dituen hartu-emonei buruzkoa da. Bagilean, itsasoari buruzko bertsoak eta gastronomia egongo dira. Uda betean, garagarrilaren 4, 5, 6 eta 7an, tailerrak izango dira.
Jarduera guztietarako erreserbea egin behar da arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus helbidera idatziz edo 946881171 zenbakira deituz.
Abuztuaren 18an, 75. urteurrenaren egunean, Bermeon, itsasoa, jantza tradizionala, antzerkia, musikea eta historia buztartuko dituan ekitaldi bat egingo da jai-giroan. Itsasoa laino dago, Soinuak Haizean-en ikuskizuna da, portuetako emakumeen historia gogorrari buruzkoa: sardina-saltzaileak, saregileak, kontserbagileak...
Liburu eta katalogoen argitalpenak, txokolatadea eta beste hainbat sorpresa izango dira Bizkaiko Foru Aldundiaren Museoaren 75. urteurrena ospatzeko: Arrantzaleen Museoa.
Programazino osoa hemen konsultau daiteke.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!