Eider Saez: 'Loratzen nago, loraldia bizi dot orain'

Koldo Isusi Zuazo 2023-04-11 07:55   Barriketan

Eiderrek urte batzuk egin zituan abeslari Nøgen taldean baina barruan gauza asko zituala kanporatzeko jaubetuta, bakarlari lanari ekitea erabagi dau oraintsu. Kantu ederrak plazaratu ditu lazkaotarrak bakarka Loratzen izenburuko diskoan, hain zuzen be. Oraintsu kaleratutako diskora sei kantu batu ditu eta zuzeneko aurkezpenak noiz etorriko zain dago: Bilbon emongo dau lehenengoa apirilaren 20an, Lazkaoko jaietan, jaioterrian izango da bigarrena apirilaren 30ean eta hirugarrena, barriz, Donostiako Doka Kafe Antzokian izango da maiatzaren 12an. Gogotsu dago.


1.- Urte batzuk egin zenduzan Nøgen taldean abeslari eta, beraz, ez zara hutsetik hasi. Taldearen babesik barik, zelako esperientzia izan da bakarlariaren bakardadera igaroteko prozesua?

Prozesua oso aberasgarria izan da baina baita erronka handia be. Bakarlariaren bakardadea esan dozu eta egia da onerako eta txarrerako bakarrik zagozanean zeureak dira ardura eta burukomin guztiak eta jakin egin behar da holako egoerak kudeatzen. Askatzea izan da niretzako, barruan nituan gauzak kaleratzeko aukera ederra. Txikitatik izan dot musikarako zaletasuna, aitatu taldean abeslari, gitarrea joten segidu eta pianoa be erabilten dot orain musikea sortzeko. 

2.- Estribillos tristes kantuak hilebeteko epean hamar mila aldiz entzun da You Tuben eta Spotify plataforman, barriz, hilean 3000 entzule inguru dozuz. Zein da zure balorazinoa?

Emoitzak oso onak dira eta pozarren nago. Aitatu dozuzan horreek datuok entzuleen erantzun bikaina islatzen dabe baina nik gurago dodaz zaleen mezuak, sano betegarriak diralako, aurrera egiteko indarra emoten deustienak.

 3.- 2022ko Elkarrekin gaudenean haretatik hona ez da denpora asko pasau. Kantuetan ze gai jorratzen dozu?

Loratzen diskoko sei kantuak neureak dira eta gai asko jorratzen ditut, gehienetan nire bizipenak, triste nengoanekoak, alaiagoak, hartu-emonak, lagunak, ingurua eta holakoak jorratzekoak. Diskoaren izena Loratzen da, transizino edo transformazino prozesuan nengoalako eta, azkenean, neure buruan nituan iluntasunak baztertu, ausartu eta bide barriari ekin neutson.

4.- Gaztelaniaz be kantetan dozu. Loratzen diskoan 3 euskeraz eta beste 3 gaztelaniaz kantetan dozuz. Azalpenik behar dau erabagi horrek?

Ez. Holan etorri dira eta azalpen berezirik ez da behar. Diskora batzeko kantuak aukeratzen eta ibili ginanean, jaubetu nintzan hiru gaztelaniaz eta beste hiru euskeraz zirala baina ezelako intentzino barik. Harro sentiduten naz kantu horreekaz eta zergaitik baztertu gaztelaniaz badira be. Euskaltegian ibili diran arren, nire etxekoakaz, gurasoakaz eta ahizteagaz gaztelaniaz egiten dot berba eta bitxikeria hutsa da baina gurasoen lehenengo errietea gaztelaniaz izan zan [Barreka]. 

5.- Zuzeneko kontzertuetan zelan agertzen zara? Zeu eta gitarrea? Taldekideakaz?

Zuzenekoak badatoz: Ikuskizun energetikoak izango diralakoan nago eta gogotsu gagoz hasteko: Bilbon, Lazkaoko jaietan eta Donostian kantetako be prest gagoz. Holakoetarako Goierriko taldekideakaz agertuko gara oholtzan, gitarra elektrikoa joko dau Jon Anza ataundarrak, bajistea Julen Sagarna izango da eta bateria jotea Jon Sagarnaren ardurea izango da, azken bi honeek lehenago ibili izan dira Guri bost izeneko taldean. Prozesuari ekin neutsonetik neugaz ibili dira eta aurrerantzean be laurok agertuko gara oholtzan.

6.- Diskoaren aurkezpen birako lehen kontzertua Bilbon izango da Kutxa Baltza zikloaren barruan. Zer espero dozu?

Pozik nago. Urte eta erdi edo joan da lehenengo kontzertua emon nebanetik eta, urduritasun puntua bai baina beharrezkoa be izaten da hori eta beraz, ondo pasetea da asmoa eta neugaz edo geugaz batera aretora hurreratzen diranek be disfrutetea gura dogu. 

7.- Lazkaoko jaietan eta Donostiako Doka Kafe Antzokian be kantauko dozu. Zeintzuk gustetan jatzuz gehiago kalekoak ala leku zarratuetako kontzertuak?

Errepertorioan ez dogu aldaketarik aurreikusi, leku zarratuetan zein kalekoetan kontzertuotan diskoko sei kantuak eskainiko doguz eta barriren bat be prest daukagu eta bersinoren bat be kantauko dogu, horreetako bat ingelesez, asko gustetan jatan talde batena eta besteren bat be eskainiko dogu baina entzun gura dauenak badaki zer egin, txartela erosi eta kontzertuan deskubridu [Barreka].

8.- Emakume abeslariak ugaldu egin zarie azken urteotan eta hori sano aberasgarria da euskal musikagintzan...

Bai. Industria honek emakume sortzaileentzat ez dau lekurik egin oraintsura arte eta gero eta gehiago gara, estilo guztietan gabiz eta sortzaile barrientzako erreferenteak etxean izatea oso positiboa da. Pausu batzuk emon doguz baina asko dago egiteko, izan be, grabazino estudioan sartzen zarenean, gizonezkoak dira produktoreak, musikariak, kudeatzaileak zein management enpresetako arduradunak. 

9.- Loratzen da orain sustatu beharreko diskoa baina ez zara gora adi geratzen dan horreetakoa...

Ez, beti nago ideak hartzen, edonon dago kantu bat sortzeko beste informazino. Beti nago idazten, olgetan eta holako saltserea izanda zeozerk urtengo dau [Barreka]. 

Baina orain oraingoari ekin behar deutsagu, diskoa plazan dago, jenteari gustau jako eta gu pozarren gagoz. Bateren batek diskoa erosi gurako baleu badago aukerea hemen.

Ganerakoan, eskerrak emon zuoi disko hau zabaltzen laguntzeagaitik.


 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu