Diskoen karatulak objektu artistikotzat hartu ditu Mikel Bilbao Salsiduak

Bizkaie! 2023-04-03 10:49   Kulturea

Eresbilerako egindako azterlanean, Euskal Herriko ehunka diskoren azalak berreskuratu ditu.

Mikel Bilbao Salsidua | Ikusi handiago | Argazki originala



Azalon egile diran artista eta diseinatzaile grafikoen lanak aldarrikatzeko asmoz egindako lana da. Historian zehar, hainbat ikerketa egin dira sorkuntza lanaren eta sormenaren inguruan, gure kultura ondarearen alderdi adierazgarria baitira. Edozelan be, Mikel Bilbaok, Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Eder Fakultadeko irakasleak, uste eban zorra egoala binilo diskoen eta CDen karatulakaz eta ezinbestekotzat jo eban holako lanen egileen sormen eta talentua aldarrikatzea. Horregaitik, Eresbilek artearen eta diseinu grafikoaren artean eta Disko-karatulak azterlana egitea eskatu eutsenean, berehala onartu eban erronkea eta ehunka karatulen ikerketa eta analisi historiko-artistikoan sartu zan. Ondoren, Eresibilek webgune tematiko bilakatu dau ikerketearen emoitza. Lanean jasotako pieza guztiak historiaren parte dira eta horreen iturburu izandako produktu musikalen edukiari lotuta dagoz ezinbestean.

Egungo ikuspegitik aztertuta arraroa irudi leiken arren, musika industriaren lehen hamarkadetan, eduki musikala batzeko euskarri baino ez ziran diskoak eta papel lodiz egindako zorroetan saltzen ziran, azalik barik. Horregaz lotuta, Mikel Bilbaok dino Alex Steinweiss diseinatzaileak egin ebala binilo disko baten lehen karatulea, 1940an. Columbia Records diskoetxeak Smash Song Hits diskoa argitaratu eban eta salmentak masiboak izan ziran; horrek mugarria markau eban diskoetxeek beren produktuak sustatzeko erabilten dituen teknikei egokianean: “Punta-puntako iraultza bisuala izan zan. Irudiei esker, karatulearen imajinario harek desira-objektu bihurtu eban diskoa eta ordura arte konsumitzaileek euskarri haregaz izandako hartu-emonak aldarazo zituan”. Holan azaldu dau Artearen Historia eta Musika Saileko irakasleak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diruz lagunduta, Musikearen euskal artxiboak proiektu bat jarri eban martxan, hirurogeiko hamarkadatik gaur egun arte argitaratutako 4.000 disko-karatulatik gora formatu digitalean gordeteko. Merkaturatu ziran momentutik bertatik, lan musikalakaz lotu izan dira artelan horreek guztiak, musikearen eta arte plastikoen arteko alkarreraginaren isla argi bihurtuta. Bilduma zabal horretatik, Mikel Bilbaok hainbat ale aukeratu zituan diseinuaren kalidade zalantzazkoa, originaltasuna edo sortzailearen adierazgarritasuna erispide hartuta. Holan, proiektu osoaren helburu nagusia izan da sortzaileen lana aldarrikatzea eta holako piezek izan daben bilakaerearen garrantzia azpimarratzea, Euskal Herriko kultura bisual eta artistikoaren parte adierazgarria baitira.

Karatulen diseinuaren egileei jagokenez, profil profesional bi buztartu dira: Batzuk artistak izan dira, era puntualean karatulearen baten diseinua egin dabenak. Besteak grafistak, sorkuntza aplikatuak egiten dtuen profesionalak, hau da, disko, liburu eta bestelakoen azalak diseinetan dituenak. Ez dot uste Néstor Basterretxea edo José Luis Zumeta diseinatzaile grafikotzat jo geinkezanik, esangurarik zorrotzenean. Hareen produkzinoaren zati bat baino ez da karatulena, baina artistak izan ziran azaldu dau. Gaur egun, eredu dual honek bere horretan jarraitzen dau; batzuetan, artista batengana joten da era puntualean karatula bat egin daian baina, oro har, diseinu grafikoagaz loturea daben profesionalak arduratzen dira lan horretaz.

Bilbaok Artearen eta diseinu grafikoaren artean kapituluan azaltzen dauenez, artearen nahiz diseinuaren munduan izandako korronteek eragin nabarmena izan dabe diskoen azaletan: Diskoen azalak abiapuntu hartuta, sakon aztertu daitekez diseinu grafikoaren historia eta haren korronteak, baita musika produkzinoari lotutako arte adierazpenen forma eta teknikak be, besteak beste, ilustrazinoa, argazkilaritzea... azaldu dau Bilbaok. Ganera, errealidade musikalen isla be badira karatulak. Espainian, 80ko hamarkadan movida madrileña mobimentua izan zan postmodernidadearen erreferenteetako bat. Edozelan be, Bilbaok dinoanez, Euskadiko egoerea oso bestelakoa zan eta, ondorioz, espiritu harek hemen ez eban lekurik izan; contra movida antzeko bat sortu zan. Espainiako ganerako lekuetan Alaska y los Pegamoides taldearen erritmora jantzan egiten zan eta Euskal Herriko errealidade sozioekonomiko eta politiko gogorraren ondorioz, oso bestelako musikea sortu eta entzuten zan hemen eta disko hareen irudia be oso bestelakoa zan, jakina. Orduan sortu ziran hainbat talde entzutetsu: Eskorbuto, La Polla Records, Kortatu edo Vulpes.

Ikerlanean aitatzen diran izenen artean azpimarratzekoak dira hainbat artista ezagun: Néstor Basterretxea eta José Luis Zumetaz gan, han ziran Juan Luis Goenaga, Rafael Ruiz Balerdi eta Vicente Ameztoy, baita UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeko zenbait irakasle be; horreek bezain garrantzitsuak dira emakumezko artista eta diseinatzaileen izenak: Rosa Valverde, Laura Esteve, Estíbaliz Sádaba, Dora Salazar, Itziar Barrio, Susana Rico, Mel Mardaraz edo Eider Corral.

Ikerlanean 600 bat karatula nabarmentzen dira: Lanean aztertutako azalen bidez ilustrautako disko guztiek ez eben izan arrakastarik eta osperik; hau da, bilduman ez dira lan arrakastatsuak bakarrik jaso, sorkuntza edo diseinu grafikoaren aldetik adierazgarrienak izandako lanak jaso nahi izan baitira. Bilbaoren eretxiz, Sarritan, bat etorri izan dira mugarri musikala eta kalidade grafikoa baina, ikerlan honetan, autortzea merezidu daben lanak berreskuratu eta ezagutarazo nahi izan ditugu, batez be, emakumeenak, izan be, zoritxarrez, askoz bere ezezagunagoak izan baitira.

Azken buruan, oso gatxa da hain eremu zabalean lan bakarra aukeratzea, baina niri asko gustetan jataz José Luis Zumetak Mikel Laboaren disko gogoangarri hareetarako sortu zituanak (Bat, Hiru [1971] esaterako), edota Eider Corralek azken urteetan egindako diseinuetako batzuk.

Gaur egun argitaratzen diran diskoen azalen harian, musikea konsumiduteko dogun modua ez da orain urte batzuetakoa eta, ondorioz, musika industriaren errealidadea nabarmen aldatu da azken hamarkadetan, izan be, orain hainbat urtetatik, zuzenean deskargau eta erraz produzidu eta merkaturatu daiteke musikea, euskarri finko batean argitaratu beharrik barik. Hori dala eta, karatulen presentzia txikituz joan da. Halan da guztiz be, aldi berean existiduten dira deskarga digitalak eta bildumazaleentzako edizinoak edo desagertutzat joten genduzan hainbat euskarri, berbarako biniloa. Beraz, danetarik dagoala esan daiteke: Nik neuk, tarteka musikea deskargetan dodan arren, gustetan jat euskarri fisikoa eta, zaharkitua dala pentsau arren, aukeran, nahiago dot disko fisikoa deskarga digitala baino, edo liburua ebook-a baino.

Hona hemen Eresbilek azterlanean oinarrituta sortutako webgune tematikoaren estekea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu