Eduardo Chillidaren 'Topaketa-lekua IV' obra monumentala, Chillida Lekura eroan dabe

Bizkaie! 2023-04-03 10:28   Kulturea

Obrea Bilboko Arte Eder Museoaren bildumakoa da.

Erretratua: Alex Abril | Ikusi handiago | Argazki originala

Eduardo Chillidaren Lugar de encuentros IV [Topaketa-lekua IV] obra monumentala Chillida Lekuko zelaietako batean instalau dabe. Obrea Zabalaga baserritik ikusi daiteke; bertatik, bada, harrigarria da pieza hori natura eta artea modu berezi batean buztartzen dauen kokaleku batean ikustea. Zero Grabidadea erakusketearen programearen barruan dago ekintza hau eta Eduardo Chillida 100 urte ospatzeko jardueren programearen atarikoa da. 13 tonatik gorako piezea Bilboko Arte Eder Museoaren bildumakoa da –eskultoreak 1982an emon eban dohaintzan– eta Chillida Lekura eroan da. Han egongo da harik eta pinakoteka bilbotarra handitzeko obrak amaitzen diran arte. Aurreikusten danez, 2024ra arte. Eskultura eseki handi hau 1973an egin zan eta hormigoi armatuzkoa da –material horretako bakarra da Chillida Lekun–. Zazpi obrako serie batekoa da eta serie horretako obra gehienak eskala monumentalekoak dira eta toki publikoetan instaletako pentsauta dagoz: Holako obra bat Chillida Lekun izateari esker, gehiago jakin ahal izango dogu 'Zero grabidadea' erakusketeagaz hasi genduan Eduardo Chillidaren grabidadearen azterketearen inguruan. Esangura horretan, 'Lugar de encuentros IV [Topaketalekua IV]' obrea leku arkitektoniko bat eta toki organiko bat da, biak ala biak, esan dau Chillida Lekuko erakusketen arduradun Estela Solanak.

Proposamen hau erronka bat izan da museoko talde osoarentzako, esan dau Chillida Lekuko zuzendari Mireia Massaguék. Proiektu honen bidez gogoratu nahi dogu Eduardo Chillidak mundu industrialagaz lotuta lan egiten ebala. Ikasteko bide bat izan da eta, horretan, injinerutzearen teknika eta ezagutza artearen zerbitzura jarri dira beste behin, danok hunkitzeko. Eta, gehitu dauenez: Proiektu honek mundu biak barrubatzen ditu eta espero dogu publikoaren gustukoa izatea.

Lugar de encuentros IV [Topaketa-lekua IV] obreari esker, eskultoreak grabedadeagaz eta haren kontrako burrukagaz eban obsesinoa ulertu ahal izango dogu. Piezea, altzairuzko kable batzuetatik eskekita, lurretik zentimetro batzuk gorago dago eta pixka bat gora egote horrek pisua deuseztatzen dau eta materia lebitatuarazp egiten dau: Bilboko Arte Eder Museoa handitzen daben bitartean 'Lugar de encuentros IV [Topaketa-lekua IV]' Chillida Lekun ikusi ahal izatea aukera bikaina da artisteak berak museoan jarri ebanetik erakundearen benetako ikur bihurtutako obra bat balioesteko. Piezea bere erdigunetik eskegikita dago, luku bat bezela eta, bertatik, ikusleak agurtzen dituan hiru beso sendoak luzatzen ditu, ziurtatu dau Arte Eder Bilboko Museoaren zuzendari Miguel Zugazak. Proiektua egiteko, Chillida Lekuk Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Departamentuko laguntza ekonomikoa izan dau –museoa 2019an edegi zanetik, haregaz lankidetzan ibili da erakunde hori–.

Gainera, egiturea sortzeko, lankidetza-proiektu bat egin da Euskadiko ingurune teknologikoan eta lantaldeak sortu dira proiektuaren erronka teknikoei eta artistikoei aurre egiteko. Tecnaliak –Estaduko ikerketa eta garapen teknologikoko zentrorik handiena da– diseinau dau egiturea eta lurraren baldintzetara egokitu. Bestalde, Loire Gestampek ha gauzatu eta instaletako laguntzea emon dau. Proiektua egiteko ezinbestekoa izan da lurraldeko industria-enpresakaz egindako lankidetza estua: Langoitia, Grúas Goiherri, Construcciones Iturrioz, Embalan3, Transbillasante, Pinturas Alkorta eta Bezabala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu