'Euskeraz barra-barra' markea aurkeztu dabe euskeraz berba egiteko guneak identifiketako

Bizkaie! 2023-03-31 11:10   Euskerea berbagai

Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskerearen Erakunde Publikoaren ekimenez dator.

Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta Euskeraren Erakunde Publikoak, Hiruko Itunaren barruan, Euskeraz barra-barra markea aurkeztu dabe gaur Donostian egindako ekitaldian. Marka barri honek merkataritzan eta ostalaritzan euskeraz berba egiteko guneak identifiketan ditu. Konsumitzailea erdigunean jarri eta estres linguistikoa murrizteko helburuarri eutsiz, Euskal Herri osora zabalduko da egitasmoa. Euskera gaitasuna identifikau eta autortuko dauen markea bateratu da, euskerearen lurralde guztietara zabalduko dana. Hasieran eremu pribatuan jarriko da martxan eta etorkizunean eta apurka-apurka eremu publikora zabaltzea be aztertuko da. Herri eta uri batzuetan hasi eta urtetik urtera euskerearen lurralde osora zabalduko da.

Aurkezpenean parte hartu dabe Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Nafarroako Gobernuan Herritarrakazko Hartu-emonetarako kontseilari Ana Ollok, Euskerearen Erakunde Publikoko Buru Antton Curutcharry-k, Donostiako alkate Eneko Goiak, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendari Elena Morenok eta Gipuzkoako Ostalaritza Alkarteko kide Haika Aizpuruak.

Euskeraz barra-barra ikurraren helburua da bezero euskaldunei adierazotea euskeraz egiteko aukerea dabela ikurra daben establezimendu edo erakundeetan be, izan be, markea daben lekuetan bermatuta egongo da euskeraz ulertzeko gaitasun nahikoa dagoala. Bingen Zupiria sailburuak azpimarratu dauenez, “atxikimenduari baino, gaitasunari lotuta egongo da markea banatzeko erispidea”. Egitasmoan parte hartzen daben udalek izango dabe markea emoteko eta betearazoteko ardurea.

Euskeraz barra-barra koordinazino mahaian dagoz Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika saila, Nafarroako Euskarabidea eta Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoa. Zupiriak adierazo dauenez, lankidetzearen ondorioz eregitako markea da, udaletako teknikariakaz eta HAKOBA batzordekideakaz. Marka iraunkorra izango da, herrietako euskera zerbitzuetatik kudeatuko dana. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu dauenez, sarean lanean gabiz. Erakundeetatik bakarrik ezin dogu lan honetan aurrera egin. Gizartearen eskutik egin behar dogu aurrera. Hizkuntzearen erabileran eragiten daben faktoreen artean nagusienak izaten dira hizkuntza erraztasuna eta hartu-emon sarea. Baldintza horreek batzen diranean izaten da euskerea erabilteko aukera gehien. Ezinbesteko gakoa da erakunde zein herritarren aktibazinoa; norbanako, herritar, erosle, saltzaile, ostalari, dendari, eragile edota erakundee arteko sarea sortu eta eremu barriak irabaztea.

Euskal Herriko ahalik eta establezimendu gehienetan euskara erabiltzeko aukera bermatzea da erronka nagusia, honako lau helburu honeek oinarri hartuta:

· Euskerearen erabilerea sustatzea, merkataritzearen sektorean eraginez.

· Herritarren hizkuntza-eskubideak errespetau eta bermatzea.

· Euskal hiztunen nahasmen eta estres linguistikoa murriztea.

· Euskerearen bizibarritzearen inguruan, konzientziazinoa eta konpromisoak sustatzea.

Nafarroako Gobernuan Herritarrakazko Hartu-emonetarako kontseilari Ana Ollok hizkuntza politika publikotik euskerearen erabilerea pizteko ahalegina azpimarratu dau eta gogorarazo dauenez, horren aldeko programak lagundu eta garatu ditugu, izan be, euskerearen gizarte erabilerea handitzea gure lan lerro estrategiko nagusietako bat da. Ollok adierazo dauenez, Euskeraz barra-barra euskaraz egiteko askatasun eta lasaitasun espazioak ikusgarri egiteko ekimena da, herritar euskaldunei erosotasuna emoten deutsena. Espazio horreek euskerearen eremu osoan, lurralde guztietan, identifikagarri egiteko marka bera izateak euskerearen erabilera sozialari lagunduko deutso eta hiztunei konfidantzea emongo deutse.

Euskerearen Erakunde Publikoko Buru Antton Curutcharry-k gogoratu dauenez, EEPko Biltzar Nagusiak aho batez onartu dau Euskaraz Barra Barra proiektua Ipar Euskal Herrian sustatzea, erabilpenaren pizgarri izan daitekeelako. Markea Euskararen Erakunde Publikoak zabalduko dau Ipar Euskal Herrian; Curutcharry-k esan duenez, lankidetzak bilatuz alkarteakaz, merkartaritza sareakaz eta nahi daben eragile guztiakaz. Gaineratu dauenez, markea zabaltzea erabiliko dabe saltegiak laguntzeko euren hizkuntza paisajea elebiduntzen. Saltegiei proponiduko deutsegu euren seinaletikea, komunikazinoa eta erabilten dituen euskarriak euskeraz be ezartzea eta horretarako laguntzea eskainiko deutsegu (itzulpenak, euskarriak...).

Pilotajea

Oraintsu hasi zan Euskaraz barra-barra markearen pilotajea. Danetara, 3-6 hilebete arteko proba denpora honetan Donostia, Oarsoaldea, Andoian, Laudio eta UEMAren barruko herrietako 1.644 establezimendutan ezarri da Euskaraz barra-barra marka bateratu berria pilotatze-fasean:

· Donostia: 1.132 establezimendu.

· Oarsoaldea: 113 establezimendu.

· UEMAko herriak: 265 establezimendu.

· Andoain: 52 establezimendu.

· Laudio: 82 establezimendu.

Eneko Goia Donostiako Alkateak azaldu dauenez, euskal hiztunen estres linguistikoa gitxitu eta euskeraz egiteko eskubidea bermatzen dau Euskaraz barra- barra egitasmoak. Ona da bezero euskaldunentzat baina baita merkatari eta ostalarientzat be, komunikazioa hobetzen laguntzen deutselako eta bezero euskaldunen hizkuntza preminak asebeteten ditualako.

Alkateak azpimarratu dau Donostian bisitautako establezimendu horreetan, jentaurrean dagoan langileen % 77,7k euskeraz dakiela edota euskeraz ulertzen dauela. Horregaitik, bere ustez Barra-Barra markeak errealidade hau azaleratzen lagunduko deusku eta donostiarrei zein Donostiatik kanpo etorten diran euskaldunei euskeraz egiteko aukera ugari emongo deutsee.

Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendari Elena Morenok azpimarratu dauenez, euskal merkataritzearen, ostalaritzearen eta turismoaren sektoreak eraldaketa sakonean dagoz, digitalizazinoari eta iraunkortasunari jagokenez, gure herritarren eta bisitarien aldaketa sozialei eta konsumo-ohitura barriei azkar erantzun behar deutsena. Eraldaketa horrek enpleguaren kalidadea jagon behar dau, gure gizarte pluralari erantzun behar deutso eta euskerea gure kaleetan batzeko tresna lez sartu behar dau, gure zerbitzuek eskaintzen daben arreteaindartuz.

Bestalde, Gipuzkoako Ostalaritza Alkarteko kide Haika Aizpuruak adierazo dauenez, euskerearen aurrean gure konpromisoa sendoa da eta aspalditik eta luzerako eutsiko dogun oinarrietako bat da. Sektorearen aurrean erreferente izan nahi dogu, euskeraz artatuz eta alkarlanari ekinez.

2023an 50 udalerri inguru, baita EAEko hiru hiriburuak be, hasiko dira Euskaraz barra-barra ezartzeko prozesuagaz eta datorren urterako be konpromisoa hartu dabe hainbatek. Helburu nagusia herri guztietan martxan jartea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu