Bilboko Udalak % 218 handitu dau euskerea ikasteko dirulaguntzetarako aurrekontua
2023-03-29 11:17 Euskerea berbagaiIgazko ekitaldiaren aldean, aurrekontu-zuzkidurea 480.000 euroan handitu da.
Gaur goizean Bilboko Udalean egindako Gobernu Batzarrak euskerea ikasteko dirulaguntzen programea onartu dau: Ikasturte honetan 700.000 euroko diru-hornidurea izango da, aurreko ekitaldian baino % 218 gehiago.
Laguntza horreek aurreko edizinoetako kolektiboei zuzentzen jakez: gurasoei, aisialdiko edo kiroleko begiraleei eta deialdian ezarritako mugea gainditzen ez daben errentadun familia-unidadeetako kideei, baina baldintzak malgutu egin dira;
Alde batetik, onuradunak izan daitekez, aisialdiko edo kiroleko begirale-titulua dabenak ez eze, ikasketa horreek egiten dabizenak be, eta, bestetik, laguntzak jasoteko gehieneko errentea handitu da: 22.239 euro, kide bakarreko unidadeentzat; 37.962 euro, kide biko unidadeentzat; 51.528 euro, 3 kideko unidadeentzat; 61.194 euro, 4 kideko unidadeentzat eta 68.397 euro, 5 kideko unidadeentzat.
Aurrekontua handituz eta eskakizunak malgutuz, Udalak onuradun kopurua handitu gura dau. Onuradunek 400 eta 1.200 euro artean jasoko ditue, ikasturte akademikoan gainditzen dituen mailen arabera, baldin eta eskolen % 70era edo gehiagora badoaz.
Laguntzen deialdia apirilaren amaieran argitaratuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta hurrengo egunetik aurrera 15 egun balioduneko epea hasiko da eskaerak aurkezteko; modu bi dagoz eskaerak egiteko:
online, www.bilbao.eus udal webgunean, agendearen atalean. Bertan, BakQ sistemea, ziurtagiri digital autortua (NAN, Izenpe) edo Bilboko Udalak emondako web-sarbidearen gakoa erabili ahal izango dira.
San Agustineko bulegoan edo barrutiko beste udal-bulego batzuetan erregistrauta. Kasu horretan, nahitaez eskatu behar da aurretiko hitzordua udalaren webgunean edo 94 4 010 010/010 telefonoan.
Ezinbestekoa da, gainera, Bilbon erroldauta egotea eta 2022-2023 ikasturtean euskera eskolak jaso izana.
Joan dan ikasturtean, 220.000 euroko aurrekontuagaz, 388 personak jaso eben dirulaguntza hori, gehienak gurasoak. Edizino honetan onuradunak askoz gehiago izatea espero da.
Euskerea ikasteko laguntzea da Euskerea Sustatzeko Ekintza Planaren (ESEP) helburuetako bat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!