Juan Uribe Alberdi izango da lekukoa Durangoko bonbardaketako biktimak gogoratzeko ekitaldian
2023-03-29 08:10 KultureaEkitaldia martiaren 31n izango da 19:30ean, Andra Mariko eleizpean.
Juan Uribe Alberdik 96 urte ditu. Durangoko San Roke auzoan, Bustintza baserrian bizi zan amama, guraso, osaba bat eta bere hiru neba-arrebakaz Durango bonbardeau ebenean. Amama Josefa, ama Bitori, aita Ignacio, osaba Pedro eta Felicitas, Ignacio eta Maribi neba-arrebak. Lau neba-arrebetan nagusiena zan Juan Uribe. Durango bonbardeau ebenean, 10 urte zituan. Aita lorazaina zan eta tarteka lurrak goldatzen egiten eban lan. Martiaren 31n, aitari laguntzen egon zan Juan Uribe, Kornelioren txaletean, gaur egun Ertzain etxea dana. Hantxe ikusi zituan aeroplanoak pasetan eta bonbak jaurtigiten. Lehenengo zer ziran ez zan jaubetu baina gero aitagaz babesa topau eban gertu. Eurak ez ziran zauritu eta behiak be ez baina eraikinean jo eban lehergailu batek goldearen ganera bota zituan hainbat harri eta apurtu egin zan.
Bonbardaketea baretu zanean, aitak etxera bialdu eban Juan Uribe, behi eta guzti. Durango zeharkatu eban San Rokeraino eta etxerako bidean hondamendiaren alderik gordinena ikusi eban.
Hurrengo egunetan amamaren etxera, Iurretako Oromiño auzora joan ziran neba-arrebak eta handik Karrantzara lehenengo eta Torrelavegara hurrengo alde egin eben.
Durango 1936 Kultur Alkarteak 2007tik, besteak beste, bonbardaketea bizi izan eben durangarren lekukotzak jasoten ibili da eta Juan Uribe Alberdiren lekukotzea jasota dabe. Beste askoren lekukotzakaz batera, Durango 1936.org webgunean ikusgai izango da laster.
Sasoi haretan bizitakoak gogoratzeko ekitaldia Andra Mariko eleizpean egingo da martiaren 31n, 19:30ean. Kattalin Garaita Zurikaraik aurkeztuko dau ekitaldia eta Kriskitin Jantza Taldeak eta Bogoroditsie abesbatzak parte hartuko dabe; horrezaz gan, Literatur irakurketa laburra be izango da, Leire Mendiburu Garaiarren eskutik.
Bisita gidatuak
Astean zehar, Durangoko 6 ikastxeetako 450 ikasleri zuzendutako bisita gidatuak kudeatuko ditu Gerediaga Alkarteak. LH5, LH6, DBH4 eta 2. Batxilergoko ikasleek bonbardaketea ezagutzeko aukerea izango dabe Aztarnak ibilbidea egiten daben bitartean.
Horixe ibilbidea egiteko aukerea egongo da, doban, zapatuan be. Goizean, gaztelaniaz eta euskeraz ordu t’erdiko saio bi izango dira. Ibilbidea egiteko aurrez izena emon behar da Gerediaga Alkartean, epostaz gerediaga@gerediaga.eus edota telefonoz 946818066 zenbakira deituta.
Oroimen Gunea
1.937ko Durangoren kontrako bonbardaketetan hil eta ondoren hobi komunetan lurperatutakoak omenduko ditu lehen aldiz Durangoko Udalak, eguen honetan, arratsaldeko 18:00retan, kanposantuan inaugurauko dan Oroimen Gunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!