Omako Basoa pintetako azken faseari ekin deutse eta urrian jentearentzat edegiko da
2023-03-29 07:55 KultureaBigarren fasean, 19 multzo artistiko pintauko dira, martitik 2023ko udearen amaierara arte.
Lorea Bilbao Ibarra Euskera, Kultura eta Kirol diputaduak, EHUko irakaslea eta Omako Basoan lanean dabilen diziplina askotako taldearen buru Fernando Bazetagaz eta Jose Ibarrola, artistearen semea danagaz batera, Agustin Ibarrolaren lana jarraitzeko proiektuaren gorabeherak jorratu ditue kazetarien aurrean.
Diputatuak azaldu dauenez, Bizkaiarentzat sano garrantzitsua eta esanguratsua dan proiektu hau errealidade bihurtu da. Omako Basoa lehengora ekarten dabiz eta gitxi falta da basoan sartu eta artea eta paisajea buztartzen dituan leku parebakoa honen magiaz gozetako.
2022ko udan jorratutako lehen fasean 14 multzo artistiko egin dira eta danetara 454 zugatz pintau dira. Lekualdaketearen bigarren fasea martian hasi eta udearen amaieran amaituko da. Fase horretan, beste 400 zugatx eta 19 multzo artistiko pintauko dira, Omako Basoa proiektuko 33 multzo artistikoak amaitu arte.
Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektu hau Ibarrolaren obra honen ikerketa eta barrirakurketa lan sakona da, Foru Erakundearen enkarguz Bazeta buru dauen diziplina askotako talde batek egina.
Lan horri esker aurkeztuko dan obreak artistaren jatorrizko asmoa jasoten dau, izan be, multzoetako batzuk handitu egingo dira; behinola Agustín Ibarrolak ezin izan eban hori egin. Omako basoa, Bizkaiko Kortezubi herrian kokatua, osorik egongo da, bertan egon izandako eta dokumentautako multzo artistiko guztiak egongo dira, hain zuzen be.
Prozesuan pintura ez kaltegarria erabilten dabiz eta artisteak erabili eban pintura mueta bera bilatzeko lana be egin da. Prozesua egileak multzoak islatu zituan modu berean egiten dabil, hau da, multzo bakotxerako espazio egokienak identifiketako lehen lana, espazio eta perspektiba egokiak ikusi eta bertan zirriborroak egitea eta, azkenik, horreek eskuz pintetea.
Prozesu horretan, Bazeta irakasleak zuzendutako lantaldeak Bizkaiko Foru Aldundiak 2015ean egindako inbentario bat be erabili du, bai eta digitalizazino proiektua be, multzoak euren neurri eta ezaugarri zehatz danakaz lekualdatu ahal izateko.
Omako Basoa urrian edegiko da jentearentzat eta 33 multzo artistiko eta 800 zugatz baino gehiago pintauko dira, kilometro bat baino gehiagoko ibilbide artistikoan.
Bigarren fasean, pintetako prozesua udearen amaierara arte egingo da. Omako Basoa zarratuta egongo da urrira arte eta ordura arte bisita gidatuak baino ez dira sartuko. Horretarako, aldez aurretik, hitzordua eskatu beharko da: 94 465 16 57 telefonoan. Bisita bi atonduko dira apirilaren 1etik aurrera, astelehenetik domekara, egunero, goizeko 10:30ean gaztelaniaz eta 12:30ean euskeraz.
Lantaldea
Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektu honetan diziplina askotako lantalde bat osatu da obrea egokitu eta lekualdatzeko. Taldean buru Fernando Bazeta da, EHUko irakaslea. Lantaldean dagoz artista plastiko bi; zaharbarrizte arloko hiru aditu; Euskal Arte Garaikideko EHUko espezialista bat; EHUko arkitekto bat eta Xortu enpresako arkitekto espezialista bi; EHUko Konserbazino eta Zaharbarrizte Graduko ikasle bi; eta Basalan foru enpresako basogintzako aditu batzuk. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuaren aholkularitzea be jaso dau proiektuak eta Ibarrola familiaren laguntzeari esker lantzen dabiz.
Ikerketa zehatz baten ondorioz, Basoa barrirakurri egin da eta 800 zugatz baino gehiagotan pintautako 33 multzo artistikoz osotutako proiektua izan da emoitzea. BFA-ak abiarazotako proiektu horregaz eta Fernando Bazetak zuzendutako taldearen lanari esker, kontzeptuzko akatsak eta izenburu ezegokiak zuzendu dira eta multzo bakotxeko elementuak zehatz definidutea lortu da, baita hareen esangurea be.
Era berean, pintautako arbola gehiago erantsi jakez zenbait multzo artistikori (Begiak, Koloretako biribilak, Erritmo inguratzaileak eta Basoko animaliak), artisteak jatorrizko diseinuan emon eutsezan neurri eta ezaugarriakaz eta daborduko galduta egozan beste hiru multzo berreskuratu dira -Kordobako Meskitea, Haritzari omenaldia eta Mehatxu nuklearra-. Horrenbestez, Omako Basoko obra osoa gozau daiteke. Multzo horreek 1989. urtean galdu ziran, lurren jaubeek orduan bota egin zituelako arbolok.
Basoa urrian edegiko da, babestuago egongo da eta jasangarria izango da, landaretzearen tratamendua eta aldian aldiko jagoteko lanak egokiagoak izango baitira basoaren erritmo biologikorako. Gainera, jatorrizko landaredia errespetauko da eta haren biotipoari eragin leikioen lanak ebitauko dira. Aldi berean, arbolen egoerea kontrolauko da, banan-banan monitorizau eta segurtasun sistema bat aktibauko da sua amatau edo larrialdiei erantzuteko.
Horrezaz gan, bisitariek esperientzia atseginagoa izan deien, bideak pinu eta altzifre azal birrinduakaz sortutako substratu ekologiko baten bidez egokitzen dabiz eta deskantsu guneak atonduko dira ibilbidean zehar. Eta bisitea emonkorragoa izan daiten, adierazoko da zein lekutan kokatu behar diran bisitariak multzo artistiko bakotxa behar bezela begituteko.
Basoan konektetako erea izango da, bisitariei artistearen erreferentziak edo lanaren testuinguruari buruzko argibideak helarazoteko bitartekoak egongo baitira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!