Aitor Gorosabel: 'Beti gustau jaku geure burua larregi mugatu barik zabal jokatzea'
2023-04-03 07:55 BarriketanSu Ta Gar taldeko abeslaria.
Su Ta Gar talde metaleroa 1987. urtean sortu eben Eibarren Aitor Gorosabelek , Xabi Bastidak, Asier Osorok eta Borxa Arrillagak eta 35 urte aurrerago gogor segiduten dabe, Euskal Herrian musikatik bizi diran taldeen artean beteranoetakoa.
Makinatxu bat gorabehera, Borxa Arrillagaren ezbeharra, erruberadun jarlekuan geratu eta taldea bertan behera ixteko arriskua, taldekideen joan-etorriak, Jaiotze basatia diskoa 1991. urtean plazaratu eta gero gerokoak, zuzeneko diskoak, Europan emondako kontzertuak...
Oraintsu Alarma izenburuko diskoa plazaratu eta daborduko martxan dabiz zuzeneko aurkezpenakaz, kasu askotan sarrera guztiak agortuta. Hori gitxi ez eta maiatzaren 14an, Senperen egingo dan Herri Urratserako kantua be egin dau Aitor Gorosabelek.
1.- Alarma diskoak izan dauen erantzuna sekulakoa da. Kontzertuak ugari eta sarrerak agortuta askotan. Zer eskaintzen deutsazue zaleei?
Betikoa. Ondo ezagutzen gaitue, urtero, plazarik plaza ibilten gara, betikoari eusten deutsagu. Orain arte emondakoez gan, zerrenda luzea daukagu, apirilaren 1ean Uztaritzen, 7an, Elorrion, Gazte Topagunean, 21ean, Bilboko Santana 27 aretoan, 22an, Donostiako Intxaurrondoko Kultur Etxean; Maiatzean, Senperen, Herri Urratsen, Orozko Rock eta Atarrabia be ahaztu barik; bagilean, Eibar; garagarrilean, Lemoan; eta abuztuan, Amurrion, Azkoitian, Gernikan, Zarautzen, Itxasun eta Elgoibarren. Baina buruz nabil eta gehiago be etorriko dira.
Eutsi beharko deutsagu baina badakizu 18 urtegaz, taldea sortu barri indartsu genbilzan eta gaur egun be bai baina 53 urte egin dodaz oraintsu eta badakizu eztarrian kiste bi izan ditudala, ebaketak eta enparauak ahaztu eta, batzuen eretxiz, lehen baino ahots ederragoa ei daukat orain [Barreka].
2.- Bizi osoa daroazue diskoak egiten eta kontzertuak emoten. Ez zarie aburriduten?
Ez daukagu astirik aburriduteko [Barreka]. Musikea da gure ogibidea eta oso gustora gabiz, ezelako presino barik, boladaka ibilten gara. Taldeko bi bizi gara taldearen emoitzetatik eta besteek aparte lan egiten dabe. Borxarena zorigatxa izan zan baina taldearen sortzaileetakoa da eta berenberegi aparteko tratua dogu.
Golpe handia hartu genduan Borxaren ezbeharrarena jakin genduanean. Taldearen arimea zan, energia eta indar handikoa eta dana berreregitea lan gogorra izan zan. Galder Arrillaga eta Iban Zugarramurdi ibili dira gero baina bateria jotea ez da bromea.
3.- Su Ta Gar taldearen mugarrien artean, Bilbo Uria Musika Lehiaketea irabazi zenduen Estigia taldeagaz batera eta horrek ateak zabalduko eutsuezan...
Bai. Gazteak ginan eta hor ikusi genduan gure musikeagaz sariak be irabazi eitekezala eta konpartidutako diskoa izan bazan saria, uko egin geuntsan eta akzesit modukoa eskatu geuntsen. Matxita Management be oso interesauta egoan geugaz eta Jaiotze basatia diskoa plazaratu genduan, gure lehenengo diskoa, taldearen ikurra, nerabe edo gazte sasoi horretan daukazuzan amesak eta ideak buztartuz sortutako diskoa.
Hasi barriak ginan, 18 eta 20 urteko mutikoak, hain zuzen be, eta olgetan lez ibili ginan grabazinoetan baina gero diskoa osorik entzun eta jaubetzen zara upealako diskoa zala.
4.- EH Sukarra taldeagaz be kontzertuak emoten ibili zinien Europan. Nortonegaz eta polito ibiliko zinien...
Bai. Norton eta konpainia, zelako momentu onak pasau doguzan. Pentsaizu 35 urteko ibilbidean, 12 disko, zuzenekoa, 1000 kontzertu baino gehiago, kolaborazinoak, talde askogaz konpartidu doguz oholtzak, zizi osorako lagunak egin gara eta horreek danak zelan ahaztuko doguz. Momentu gogorrak baina zorionekoak be bizi izan doguz.
5.- Talde metaleroa zarie baina pozik zagozie etiketa horregaz?
Bai edo. Holan jaio ginan. Gure erreferenteak 80. hamarkadako talde metaleroak ziran: Iron Maiden, Judas Priest eta holakoak; niretzako Metallica eta antzekoak gogorregiak ziran, atara kontuak baina gero jarraitzaile sutsuak izan gara eta ez dot ahaztu gura trash taldetzat daukagun Anthrax. Nire kasuan, gitarrista batzuk nabarmenduko deutsudaz: Yngwie malmsteen, Joe Satriani eta Steve Vai. Gero zer esango deutsut ba, 35 urteotan jokera, erritmo eta talde asko sortu dira gure sasoian ez egozanak baina beti hartzen dozu zeozertxu horreetatik eta Su Ta Gar metaleroa izan arren, beste eragin batzuk be baditugu poparena edo rockarena, Errepide hauetan galdurik ska musikearena eta holakoak, zergaitik ez. Beti gustau izan jaku geure burua larregi mugatu barik zabal jokatzea.
6.- Jenteak gustora hartu dau plazaratu barri dozuen Alarma diskoa. Zer dakar lan honek?
Disko aktuala da baina hasierako sasoietako, gure gazte denporako asko dauka; gure betiko estilo indartsua darabilgu baina kantu lasaiagoak be sartu doguz, metal klasikoa zein pop estiloa jorratuz. Hamaika kantu dira eta ordubete ingurko diskoa da, kantu luzeak edo egin doguz eta gaien aldetik jarrera kritikoa, maitasuna, historia be jorratzen dogu, ikutu epikoa... Kontuan izan, zaharragoak be bagarela eta hasierako denporetako energia eta indarra berreskuratu gura izan doguzala, gozotasuna eta indarra buztartzen be ibili gara eta jentea pozik dago.
7.- Ahotsa aldatu egin jatzu eta zaleak, antza, pozik dagoz. 35 urte joan dira eta ezin jako eutsi gaztetako ahots eta indarrari...
Urteen porasuz, ahotsa aldatzea normala da eta oraingoagaz pozik nago, zaleek be esaten deustie ebaketak egin aurretik gogorrago, indartsuago kantetan nebala baina politto gabiz.
8.- Maiatzaren 14an Herri Urrats egingo da eta hitzordu horretarako Urratsak zubi kantua egin dozue. Prozesua zelakoa izan da?
Ederra. Ikastolako umeren bati egin ei eutsen galderea aurtengo kantua ia zeinek egitea gustauko jakon eta erantzuna berehala etorri zan, Su Ta Gar taldeak. Ilusinoa egin euskun eta diskoa barria grabetan estu eta larri ibili arren, berehala hasi ginan Herri Urratserako kantua atontzen.
Mundua euskeraz ikustea ze garrantzitsua dan nabarmentzen dot berbatan: Kaixo esanik alkarreri
helduko deutsagu etorkizunari. Emon hegoak euskereari, bihurtu daiguzan urratsak zubi.
Bideoari jagokonez, Inge Arin Larrañagaren ardurea izan da eta pozik gagoz egin dauenagaz: Taldekideon irudiak txertatu ditu bideoan eta hori deigarria da, collage erako bideoa zoragarria da.
Ezustekorik ezean Senperen izango gara. Ez ahaztu aurten 40. Herri Urrats izango dala eta urteurren gogoangarri horretan derrigor egon behar da, ez hutsik egin.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!